DATUAK

Aiarako Jaietan egin diren ekintza gehienak izan dira euskara hutsez, Udalak eginiko zenbaketaren arabera

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 2a, 21:20

Ostiraletik igandera luzatu ziren Aiarako jaiak. / Aiaraldea.eus

Udalak bat egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak abian jarritako Euskararen Semaforoa tresnarekin, eta horren arabera sailkatu ditu jaietako ekintzak. 

Aiarako San Prudentzio jaietan eginiko jardueren %54,5a izan da euskara hutsez. Hori ondorioztatu daiteke Udalak berak eginiko zenbaketa ikusita. Tokiko erakundeak bat egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren Euskararen Semaforoa tresnarekin, eta egitasmo horren irizpideen arabera sailkatu ditu egitarauko jarduerak. 

11 ekintza zenbatu ditu Udalak guztira. Horietako 6 izan dira "euskara hutsez", 3 izan dira "nagusiki euskaraz" eta bakarra (Kaos Etilikoren kontzertua) sailkatu dute gaztelerazko jarduera moduan, "baina euskaraz egiteko aukerarekin":

 

Hala ere, kontuan hartu behar da egitarauak 26 ekintza barnebildu dituela guztira. Hau da, Udalak erdia baino gutxiago sailkatu du hizkuntza irizpideen arabera, zaila delako ebaztea jardueretako askotako hizkuntza zein izango den (txupinazoa edota odoloste-janekoa, kasu). Hemen ikus daiteke ekintza bakoitzari eginiko sailkapen zehatza. 

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bi urte daramatza Aiarako jaietan euskarak duen presentzia aztertzen. Hemen ikus daiteke 2022ko eta 2023ko datuen araberako alderaketa.

Aiaraldea Komunikabideak datozen herrietako jai guztietako egitarauak aztertuko ditu, euskararen presentzia zenbatekoa den ikusteko. Egitaraua Euskararen semaforoaren arabera sailkatuta badago, irizpide hori baliatuko da zenbaketa egiteko. Bestela, berea propioa egingo du komunikabideak, jarduera bakoitzaren ezaugarriak aztertuta. 

Eskualdeko udalerri gehienek egin dute bat jaietan euskararen presentzia sustatzeko Euskalgintza Kontseiluak abian jarritako ekimenarekin. Aiarako jaien atarian egin zuten hori iragartzeko ekitaldia:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide