Irudi-marka berria aurkeztu du Amurrioko Udalak, "herriko sentimendu kolektiboa indartzeko"

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mai. 3a, 13:02

Gaur aurkeztu dute hiri-marka berria. / Aiaraldea.eus

"Amurrio eta ni" hiri-marka berria aurkeztu du gaur Amurrioko Udalak. Udalerriak "iraunkortasunarekin, garapen ekonomikoarekin eta gizarte-kohesioarekin duen konpromisoa" islatu nahi du irudi berriak.

Hiri-marka berria izango du aurrerantzean Amurriok, udalerriko "sentimendu kolektiboa" indartzeko. Amurrio eta ni lelopean Amurrio "bizitzeko, inbertitzeko, bisitatzeko eta negozioak egiteko leku erakargarri eta lehiakor gisa kokatzea da" markaren helburua, baita "udalerriaren nortasun bakarra eta lehiarako abantailak islatzea" ere.

Sormen prozesua

Gaur egin dute hiri-markaren aurkezpena; eta bertan parte hartu dute diseinuaren kontzeptualizazioaren atzean dagoen Zorraquino diseinu estrategikoko aholkularitzako kideek.

Angelica Berco azaldu ditu markaren sorrera prozesuaren nondik norakoak: "Workshop desberdinak egin ditugu Amurrioko elkarte eta profil oso anitzeko herritarrekin. Hasieratik genuen argi identitate-marka bat sortu nahi genuela, pertsonek haien burua bertan identifikatuta ikusiko zuten marka bat".

Zer da Amurrio? Galdera horri erantzuna bilatu nahian abiatu zuten prozesua Bercok eta Zorraquinoko gainerako kideek. "Elementu komun ugari topatu genituen galdera horren atzean —azaldu du Angelica Bercok—. Naturaren garrantzia, elkar zaintzeko kultura, gertutasuna... finean, Amurrio bizitzeko toki atsegina dela." 

Ideia horiei guztiei forma emanda sortu zuten Amurrio eta ni hiri-marka. "Identitate freskoa da, tipografia oso adierazgarri eta kolore-gama bizigarriarekin; kontzeptu berriak eraikitzeko bidea irekitzen duena", nabarmendu du Zorraquinoko kideak. 

"Alor instituzionala kendu nahi genion hiri-markari, herri guztiaren elementu izatea nahi dugu"

Inplementazioa herrian

Hiri-marka lurreratzea eta udalerrian inplementatzea da hurrengo urratsa. "Gure asmoa da herritarrek bere egitea Amurrio eta ni, eta identitate kolektiboa indartzeko elementu bezala baliatzea", azaldu du Txerra Molinuevo alkateak.

Azpimarratu dutenez, hiri-marka berria ez dator duela urte gutxi berritutako Udalaren marka-korporatiboa ordezkatzera, tokiko-erakundetik harago hedatu nahi dute. "Alor instituzionala kendu nahi genion hiri-markari, herri guztiaren elementu izatea nahi dugu", azpimarratu du Molinuevok.

Marka zabaltzeko lehenengo ekintza Amurrioko txoko desberdinetan egingo diren horma-irudi eta grafitiak izango dira. "Enplegu-plan bat dago udalerriko zenbait txokotan gai desberdinekin (kultura, kirola...) grafitiak egiteko, eta bertan hasiko gara Amurrio eta ni marka sartzen ere", adierazi du Txerra Molinuevok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide