Kultur sorkuntza Aiaraldean

Alejandro Quincocesen lana ikusgai dago Palacio Realen, Txinatik igaro ostean

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 3a, 10:30

Alejandro Quincoces Artziniegako estudioan. / Aiaraldea.eus

Errealismoaren hainbat margolarirekin osatu dute erakusketa eta, lehenik eta behin, Txinan egon da ikusgai. Duela bederatzi urte hasi zen Artziniegan bizi den artistaren elkarlana Txinako erakundeekin eta munduko merkaturik garrantzitsuena bilakatu dela azpimarratu du.

Alejandro Quincocesen zenbait koadro Palacio Realen daude ikusgai. Duela 20 egun inauguratu zuten erakusketa eta Isabel Quintanilla, Carmen Lafont, Antonio Lopez, Cristobal Toral, Eduardo Naranjo eta beste hainbat margolari errealisten obrak jaso dituzte. Edonola ere, interesgarriena da hara heldu direla Txinan egon ondoren. Izan ere, Pekinen antolatu zuten Espainiako Estatuko errealismoko 105 margolariren obrekin. Bi komisario izan ditu proiektuak eta bat Nicholas Penny izan da, National Galleryko zuzendari ohia.

National Galleryko zuzendari ohia izan da erakusketaren komisarioetako bat.

Egitasmoa Espainiako Estatuko eta Txinako erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren emaitza izan da. Enbaxadak, Txinako Kultura Ministerioa, Arte Ederretako fakultateak eta Txinako Arte Akademia aritu dira elkarlanean, eta ez da lehen aldia izan. 

Berez, Quincoces hiru aldiz egon da jadanik Asiako herrialdean. Duela bederatzi urte hasi zen harremana eta oraindik ere indarrean dago.

Alde batetik, Artziniegan bizi den artistak azpimarratu du Txinako arte merkatua munduko garrantzitsuenen artean dagoela: "Munduko 30 enkante etxe nagusien artean erdia txinatarrak dira eta munduko 100 margolari inportanteen artean gutxienez 40 dira hangoak".

Hiru aldiz egon da jadanik Quincoces Txinan eta oso inplikatua dago proiektuan.

Quincocesi, gainera, esperientzia oso politak eman dizkio elkarlanak: "Bisita oso interesgarriak egin ditugu eta tratua beti izan da bikaina, bai Arte Ederretako fakultateetan zein erakundeekin. Oso inplikatuak gaude proiektuan eta ikastaroak ematen ditugu ikasleekin. Sinisten dugu kultura txinatarrean eta eurek interesa dute margoetan. Txinatarrek konfiantza dute euren kulturan, baina aldi berean oso apalak dira".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide