Lan ikuskaritza Imegarren egon da eta behargin bat topatu du grebalari baten lanpostua betetzen, LABek salatu duenez

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 22a, 17:10
Tubacexeko langileen bisita jaso dute gaur Imegarreko grebalariek. / LAB

Greba jarraipen zabala izaten ari dela nabarmendu du sindikatuak. Hainbat mobilizazio egingo dituzte langileek aste honetan. 

Greba mugagabean jarraitzen dute Imegarreko langileek, zuzendaritzak kaleratutako bi langileen berronartu ditzan. LABen hitzetan, gaur ere jarraipen zabala izan du lanuzteak, eta beste gauza bat ere aipatu du sindikatuak: Lan ikuskaritza Laudioko lantegira bertaratu dela gaur, eta beste langile bat topatu duela grebalari baten lanpostua betetzen. 

Langileen ordezkariek nabarmendu dute “erabat legez kanpokoa” dela hori. Azaldu dutenez, eurek deitu zuten lan Ikuskaritzara, bazutelako zuzendaritza horrelako mugimenduak egiten ari zenaren susmoa. “Orain, ikuskaritzak azalpenak eskatu dizkio enpresari lantegian ikusitakoaren harira”, nabarmendu dute sindikatuko kideek. 

Elkarretaratze eta mobilizazio ugari egingo dituzte grebalariek aste honetan.

Aste honetan, elkarretaratze eta mobilizazio gehiago

Bihar Envaseseko langileekin batuko dituzte indarrak, 13:30ean, Ugarteko lantegian egon diren kaleratzeak salatzeko egingo den elkarretaratzean. Asteazkenean kotxe karabana egingo dute herrian barrena eta ostegunean Aldai plazan egingo dute elkarretaratzea, 11:30ean. Ostiralean, aldiz, mobilizazioa egingo dute goizean, 12:00etan Herriko plazan.

Horrez gain, grebalariek piketeak egingo dituzte egunero, goizeko zein arratsaldeko txanden hasieretan (5:30ean eta 13:30ean, hurrenez hurren).  

Elkartasun keinuak

Grebalariek elkartasun keinu ugari jaso dituzte dagoeneko lantegi aurrean muntatutako piketean. Aurreko astean Laudioko BM supermerkatuko langileen eta El Tunel jatetxearen dohaintzak jaso zituzten. Gaur, aldiz, Tubacexeko LABeko ordezkariak bertaratu dira piketera, eta 675 euroko dohaintza egin diete langileei. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide