“600 kontzertu inguru eskaini ditugu Europan barrena”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko urr. 7a, 01:27

GOIATZ DUTTO EVANGELISTA (Gasteiz, 1991) denbora gutxi igarotzen du eskualdean, Moonshine Wagon taldean baitabil biolina jotzen, bira etengabean. 

Uda gogorra izan duzue.

GOIATZ DUTTO EVANGELISTA (Gasteiz, 1991) denbora gutxi igarotzen du eskualdean, Moonshine Wagon taldean baitabil biolina jotzen, bira etengabean. 

Uda gogorra izan duzue.

Bai, nahiko uda emankorra izan da. Espainiatik, Frantziatik, Belgikatik, Holandatik eta Portugaletik aritu gara jotzen. Baina hiru urte daramatzagu etengabeko bira batean murgilduta. Ni etxera deskantsua hartzeko eta ama eta txakurra agurtzeko baino ez naiz sartzen (barreak). Hori eginda, errepidera itzultzen gara berriz.

Zer da “etengabeko biran” egotea?

Egun osoa errepidean ematea, proposatzen diguten edozein tokitan jotzeko helburuarekin. Orain bagaude une batean zeinetan egunero edo astean bostetan jotzen dugun. Atseden gutxi. Hiru urtetan herrialde ugari bisitatu ditugu: Espainia, Frantzia, Italia, Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Serbia, , Alemania, Suitza, Holanda, Belgika edota Portugal.

Gogorra da errepideko bizitza?

Zoramen hutsa da. Batzuetan bi kontzertu izaten ditugu egun berean, zortzi orduko distantziara dauden bi leku ezberdinetan. Horrelako zerbait gertatu zitzaigun iragan astean: Ostegunean El Ferrolen (Galizia) jo genuen eta ostiralean handik hurbil zegoen FeneRock jaialdian. Larunbatean El Groben (Galizia) izan ginen eta hanburgesa batzuk hartu behar izan genituen afaltzeko, Oportora joan behar ginelako segituan bertan hegazkin bat hartzera, Belgikako jaialdi batera jotzera joateko. Estu-estu, baina iritsi ginen. Soinu proba azkar baten ostean eskaini genuen kontzertua. Ondoren Oportora itzuli ginen, karabana hartu eta Galizian beste kontzertu bat eskaintzeko, Portonovon.

[video:https://www.youtube.com/watch?v=nxlipb8rfPk]

Sostengarria da halako bizitza erritmo bat izatea?

Bai. Beno, lotara goazenean ez gara handik bi egunetara arte altxatzen (barreak). Baina musika, errepidea eta rock&roll-ak dakarren guztia gogoko baduzu eramangarria da.

Eta ekonomikoki ere bideragarria da?

 

“Lehen lanean edo ikasten genbiltzan, baina azken urte honetan gure jardun osoa taldera dedikatzera pasa gara”

 

Bakoitzak rol zehatz bat du taldean: ni kontzertuak lotzeaz gidatzeaz eta merchandising-a kudeatzeaz arduratzen naiz. Joel (taldeko gitarra-jole eta banjo-jolea), berriz, diseinu grafikoaz eta bideoklipak grabatzeaz arduratzen da. Bien artean konposatzen ditugu abestiak. Gauza asko dira kudeatu beharrekoak. Jendea uste du talde bat izatea leku batera joan, bertan jo eta etxera itzultzean datzala. Baina ez, askoz lan gehiago dago atzetik. Etxean egiten den lan hori da inork ikusi eta baloratzen ez duena, baina lana da.

Horrenbeste kontzertu eskaintzeak bere fruituak emango ditu behintzat.

Onena zera da: kontzertuetan dugun ikusle kopurua biderkatu egiten dela.

 

Leku bat bisitatzen duzun lehen aldian baliteke 20-30 pertsona baino ez egotea zu entzuten, baina kontzertua gogoko izan duen pertsona bakoitza beste bostekin bertaratuko da hurrengoan”

 

Modu horretan, bola geroz eta handiagoa egiten da. Hori da gure planteamendua: urte erdiren bueltan itzultzea bisitatu ditugun tokietara, jarraikortasun horretan baitago gakoa.

Nola sortu zenuten taldea?

Kasualitatez izan zen dena. Gasteizko The man in the moon tabernan jotzen nengoen, bere garaian nuen Thirteen lucid dreams taldearekin. Joel hurbildu zitzaidan orduan, eta amerikar sustraidun musikan oinarritutako proiektu bat osatzea proposatu zidan. Kutxa jotzea proposatu zidan, kontzertu hartan nik instrumentu hori jo nuelako. Baina orduan nik komentatu nion bere garaian biolina jotzen nuela. Niri beti gustatu izan zait bluegrass musika, baina ordura arte ez nuen jotzeko betarik izan. Horrela hasi ginen. Instrumentu akustikoak zirenez Gasteizko parke baten biltzen ginen, entsegu lokalaren alokairua aurrezteko. Orain hiru gara taldean: Joel eta ni eta Brasildik gurekin jotzera etorri den kontrabaxu-jole bat.

[video:https://www.youtube.com/watch?v=K-3xK-QJXK4&list=PLKgTdYD9lbS-vWaxB1EOGWzbH7mJpRqOS&index=1]

Ehunka kontzertu eskaini dituzue. Grabatuta, berriz, disko bakarra duzue, iaz argitaratutakoa: “Folk you!”. Baduzue abesti gehiago plazaratzeko asmorik edo bira etengabe honek ez dizue horretarako tarterik uzten?

Guztia uztartzen saiatzen gara. Musika taldeek normalean orduak eta orduak pasatzen dituzte entsegu lokaletan abestiak prestatzen, eta gero hilabete batez sartzen dira estudiora, prestatutakoa grabatzeko. Guk ez dugu halakorik egiten. Egun osoa errepidean igarotzen dugunez konposatzeko baliatzen dugu denbora hori.

 

“Ez dugu entsegu lokalik, gure autokarabana da gure entsegu lokala”

 

Bertan konposatutakoa kontzertuetan entseatzen dugu gero, eta etxera itzultzen garenean ditugun abestiak grabatzera bertaratzen gara estudiora. Horrela ari gara grabatzen “Porca miseria”, gure bigarren diskoa. Bost abesti ditugu prestatuak, eta horietako bi grabatuak eta argitaratuak daude jada, bideoklip eta guzti. Oraindik ez dakigu noiz argitaratuko dugun zehazki, baina datorren urtearen hasierarako plazaratzea aurreikusi dugu.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide