Ikasketa mailaren bilakaera Aiaraldean: ikasleak gora, analfabetismoak behera

Txabi Alvarado Bañares 2017ko api. 25a, 10:08
Geroz eta ikasle gehiagok jotzen dute Lanbide Heziketara. / Aiaraldea

Geroz eta ikasketa gehiago dituzte Aiaraldeko biztanleek. Hori ondorioztatu daiteke EUSTATek (Euskal Estatistika Erakundeak) eskainitako datuak behatuta. Apurka-apurka handitzen doa goi-mailako ikasketak dituzten herritarren ehunekoa, ikasketarik jaso ez dutenen kopurua jaisten ari den bitartean. Hala ere, ezberdintasunak daude oraindik, emakumezkoen eta gizonezkoen artean batik bat.

Geroz eta gehiago dira goi mailako ikasketak egitera iristen diren aiaraldearrak. 2006an ikasleen % 10,37k zituen unibertsitate ikasketak (gradua, lizentziatura, masterra edo antzekoak). 2014rako, aldiz, hiru puntu igo zen ehunekoa (% 13,14). Hori diote EUSTATek bildutako datuek.

Halaber, handitu egin da Lanbide Heziketa hautatu duten ikasle kopurua. 2006an eskualdeko biztanleen % 16,35 ziren. Hamar urte beranduago, berriz, % 20,45 dira. Joera bera da nagusi bigarren mailako ikasketetan (DBH, Batxilergoa eta antzekoak): % 17,85 ziren 2006an eta % 19,62, berriz, 2014an.

Analfabetismoa, desagertzear
Analfabetismoa egon badago eskualdean, urria bada ere. 2006an 214 pertsona ziren Aiaraldean irakurtzen eta idazten ez zekitenak, biztanleen % 0,56 baino ez (hamar urte baino gutxiago dituztenak kenduta). Kopuru hori geroz eta txikiagoa da gainera, 2014an 64 gutxiago baitziren.

Antzeko fenomenoa gertatzen da ikasketarik ez dituzten herritarrekin. 2006an 1.103 ziren irakurri eta idazten jakin arren, inoiz eskolara joan ez zirenak (% 2,9). 2014rako, ostera, 834ra murriztu zen kopuru hori (% 2,16)

Datu estatistikoetatik harago, badago eskualdeko anafabetismoaren errealitatea gertutik ezagutzeko beste modu bat: helduentzako ikastetxe publikoetara (EPA gazteleraz) gerturatzea. Bi zentro daude eskualdean: Amurrion bata eta Laudion bestea. 400 ikasle inguru dituzte guztira.  Ikasle horietatik guztietatik 35 doaz alfabetizazio klaseetara, eta 35 horietatik hamar dira “irakurle-berriak”. Hau da, irakurtzen eta idazten lehen aldiz ikastetxe horretan ikasi dutenak. Gainerakoekk txikitan ikasi zuten, baina praktika asko galdu dute, ikasketa-aldia oso laburra izan zelako edota jarraipenik eman ez zitzaiolako.

Alfabetizazio klaseetara doazen herritar gehienak nahiko helduak dira. Bakan batzuk baino ez dituzte 60 urte baino gutxiago. Profil horrek bat egiten du EUSTATek eskainitako datuekin. Ikerketen arabera, eskualdean 2014an zeuden eskolaratu gabeko pertsona gehienek (984 pertsonetatik 841k) 60 urte baino gehiago zituzten. Hori dela eta, aurreikusi daiteke ikasketarik ez duten aiaraldearren kopuruak jaisten jarraituko duela urteak aurrera egin ahala desagertu arte.

Hala ere, oraindik altua da lehen mailako ikasketak (haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta antzekoak) soilik bukatu dituzten herritarren zenbatekoa: 2014an hamar urtetik gorako aiaraldearren % 37,7 ziren. Baina datu hori ere txikiagotzen ari da urtez urte, 2006an % 45 baitzen.

Genero ezberdintasunak
Genero aldetik behatuta ere ondorio esanguratsuak atera daitezke EUSTATen datuetatik.

Emakumezkoak dira irakurtzen eta idazten ez dakiten aiaraldearren gehiengoa ( % 66). Hori guztiz lotua dago garai batean andreek eskolara joateko izan zituzten zailtasunekin. Inolako ikasketa akademikorik ez duten aiaraldearren % 59,3 baita emakumezkoa. 

Lanbide Heziketan ere ematen dira genero ezberdintasunak. Gizonezkoa da gehiengoa, eta joera hori ez da aldatu hamar urteetan. Aldatzekotan, okertu dela esan liteke: 2006an % 38,7 ziren emakumezkoak; eta % 38,1 2014an. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide