"Amurrio Trail Taldea nire bigarren familia bihurtu da"

Aitor Aspuru Saez 2017ko mai. 15a, 07:16
Andoni Alday.

ANDONI ALDAY (Lezama, 2000) lasterkaria Euskal Herriko Trail Lasterketako txapeldunordea da kadete kategorian. Gaztea izan arren, argi dauka kirol hori oso gogoko duela eta jarraituko duela lehiaketetan parte hartzen.

Duela gutxi Euskal Herriko mendi lasterketen txapeldunordea izan zinen kadete kategorian, espero zenuen?

Ez, ez nuen espero. Lortu dudanak hemendik aurrera askoz motibatuagoa ibiltzeko balioko du, hurrengo lasterketetan dena emateko.

Zer nolako lasterketa izan zen?

13 kilometroko lasterketa izan zen, eta ibilbidea betetzeko ordu eta hamabost minutu behar izan nituen. Zailtasun maila altua zen, gainera parte hartu zuten lehiakideak oso onak dira eta ez zidaten erraz jarri.

Oso gaztea zara eta dagoeneko txapelketa gogorretan parte hartzen duzu, duela zenbat hasi zinen kirol horretan?

Orain dela urtebete, gutxi gorabehera, hasi nintzen trail kirola praktikatzen. Txikiagoa nintzenean, zazpi urterekin, Amurrioko futbol talde batean jolasten nuen, baina ez zitzaidan asko gustatzen…
Orain dela urtebete futbola utzi eta trailerako entrenatzen hasi nintzen.

 

"Orain dela urtebete, gutxi gorabehera, hasi nintzen trail kirola praktikatzen"



Gaztea izanik, nola uztartzen dituzu zure aisialdia, ikasketak eta kirola?

Nahiko ondo, orokorrean ez daukat azarorik ikasketak eta kirola uztartzeko. Goizetan klasera joaten naiz eta arratsaldeak gustuko ditudan ekintzak egiteko profitatzen ditut, adibidez entrenatzeko edo lagunekin egoteko.

Zein da zure hurrengo helburua?

Nire lehenengo helburua mendiaz eta kirolaz disfrutatzen jarraitzea da. Era berean, Zegama-Aizkorriko lasterketa oso interesgarria iruditzen zait, horregatik nire planen artean lasterketa
horretan parte hartzea dago.

Asko prestatzen zara lehiatzeko? Zenbat entrenatzen duzu?

Bai, gehienetan asko entrenatzen dut lasterketetan parte hartzeko. Entrenatzaile batekin aritzen naiz, berak esaten dit egin behar ditudan ariketak zeintzuk diren. Orokorrean egun guztietan entrenatzen dut, horretarako hainbat ariketa egiten dut.

 

"Momentu honetan Amurrio Trail Taldea nire bigarren familia bihurtu da"



Amurrio Trail taldean zaude, nolakoa da harremana taldearekin?

Taldean dagoen giroa oso ona da, ni primeran moldatzen naiz taldeko pertsona guztiekin. Korrikalari gehienak ni baino nagusiagoak dira, baina berdin zait, azken finean adina zenbakia
da bakarrik. Beti laguntzeko prest daude eta lortutako bigarren postua haiekin partekatu nahi dut, momentu honetan Amurrio Trail Taldea nire bigarren familia bihurtu da. Eskerrik asko benetan!!!

Zure asmoa da kirol horretan jarraitzea etorkizunean?

Bai, noski, entrenatzen jarraituko dut, oso gogoko dudan kirola baita. Gainera, nire taldean dagoen giroa oso ona da, eta hori ontzat hartzen dudan gauza da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide