Andres Espinosa eta Aiaraldea

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2017ko urt. 17a, 10:50

Gauza jakina da Euskal Herrian mendizaletasuna oso hedatua dagoela. Euskal jendartean guztiz errotua dagoen kirol edota jarduna da. Zale andana izateaz gainera, mendizale handien sorburu izan da gure herria. Edonorrek daki, esaterako, nortzuk diren Martin Zabaleta, Alberto Inurrategi edota Julen Reketa. Aldiz, Andres Espinosa nor den galdetuko bagenu inor gutxik jakingo luke. Baina Espinosak munduko mendizaletasunari egin zizkion ekarpenek ez daukate parekorik. Ekarpen handiak bai horixe, bere momentuan mundu osoan aitortza jaso zutenak. Gurean, ostera, urte askotan Historiak ahaztua egon da Espinosa eta egun, oraindik orain, ez du jaso merezitako aitortza nire ustez(...)

Andres Espinosa Etxebarria (1903-1985), zornotzarra, XX. Mendeko euskal pertsonaiarik nabarmenetakoen artean kokatu beharko  genuke. Garaiaz kanpoko gizasemea, mundu osoko mendietan balentria izugarriak egin zituen puntako kirolaria. Baina horretaz gain,  bizimodu  bohemio eta abenturazalearen aintzindaria  ere izan zen.  

Bere "mendi curriculuma" aparta da:
. 1928an,   Picu Urriellu (2.519m) eskalatzeari ekin zion. Asturies-eko haitzezko erraldoia eta  munduko eskaladaren ikurra, bakarka eskalatzen bigarren pertsona izan zen. Eskalada  oinutsik eta sokarik gabe burutu zuen.
. 1929. urtean Mont-Blanc (4.808m ), mendebaldeko Europako mendirik altuena, bakarka igotzen  lehen mendizalea  izan zen (egun bakarrean  eta abarkak jantzita!!)
. Urte berean, Cervino / Matterhorn (4.434m), gailur mitiko eta Alpeetako mendirik zailenetakoa, bakarka igotzen ere lehena izan zen (abarkak jantzita!!!)
. 1930ean Kilimanjaro/kibo (5.896 m ), Afrikako mendirik altuenean, marka bera lortu zuen. Kasu horretan, igoera bera baino,  logistika mailan, lagun bakar batek Erdialdeko Afrikako oihanetan barna egun askotako ibilibide eta igoerari  aurre egiteak sekulako meritua du.
. Himalaia aldera hurbildu zen lehengo euskalduna izan zen eta soilik traba burokratikoek atzera eginarazi zuten.

Espedizio eta eskalada aparta horiek guztiak 1928tik 1932ra burutu zituen. Historiako jenio askok bezala bere balentria gehienak oso urte gutxitan gauzatu ondoren, nolabait, bizitza publikotik desagertu zen.  

Izan ere, Gerra zibilan errepublikaren alde aritzea leporatuta, denboraldia gartzelan eman zuen eta ondoren, muturreko igoerak alboratu zituen. Dena den, mendiarekin lotura  mantendu zuen, beti ere, jardun lasaiago eta diskretoagoa eramanik. .  Urteetan zehar, Euskal  Mendi Federazioan zein elkarte ezberdinen zuzendaritzetan ibili zen.

Bere biografiaren alderdi guztiei erreparatua, pertsonaia guztiz berezia izan zen Espinosa: mendizale, abenturazale, bidaiari, pentsalari, idazle eta kronikaegile sutsua. Bere garaian aurreratua, eskaldaren jokaera modernoen aintzindaria. Mendi espedizio eta erronkei  aurre egiteko modua guztiz iraultzailea izan zuen. Andresek jostun negozio familiarrean egiten zuen lan, oihal komertzial moduan. Lan horretan lortzen zuen diru sariak aurreztu eta lan-oporretan ekiten zien bere bidaiei. Beti garraiobide merkeen eta herrikoienetan, urruneko mendietako kultura errespetatu eta herritarrengatik ikasteko gogoz. Bere bidaietan ezagutu zituen egoera sozialekin guztiz sentikor agertzen zen.

Zeren eta  muturreko igoerak gauzatu arren, lehiakortasun sena bati baino, mendia ulertzeko  ikuspegi erromantiko  bati erantzuten zion Espinosaren jardunak. Mendizaletasunaren  balioen defendatzaile porrokatua, naturazalea eta mendebaldar jendartearen bizimoduarekiko txit kritikoa.

Bere pentsakerarekin bat, izaera duin, umila eta anakroniko horrek sekulako  kontraesan eta ondoezak ekarriko zizkion eta akaso puntako mendizaletasuna uztearen arrazoi nagusia izan zen.
Idazle trebea izanik,  sentikortasun horrek isla izaten zuen bere idatzietan. Marrazkilari moduan ere ondo moldatzen zen. Dohain horiei esker, dokumentazio altxor izugarria lagatzeaz gainera, aparteko diru sarrerak lortu ahal izan zituen egunkari ezberdinetarako bere bidaien kronikak eginez. Hizlari moduan ere trebe ibili zen eta mundua korritu zuen   konferentzia asko eta asko emanik.

Esan bezala, bere sona nazioartean zabala izan zen eta ondorioz , aitortza garrantzitsuak  jaso zituen, besteak beste,  Erresuma Batuko Alpine Club, Grupo de Alta Montaña Español (GAME) eta  Madrilgo Peñalara Elkarteko ohorezko kidea izendatu zuten.
Andresek garaiko intelektual askorekin harreman estua izan zuen: Renteria, Unamuno, Manu de la Sota..., Pio Baroja berak idatzitako testuan, Aiarako Kexaa herria izaten du hizpide, Espinosaren herri kutuna aipatuta.

Andres, familiak   Kexaa herrian zeukan etxera sarritan joaten zen. Gustukoa omen bai Kexaa, bai Aiaraldea baita Gorobel mendigunea ere, non giro lasaia topatu omen zuen muturreko mendizaletasunean erretreta hartu ondoren. Horrela jasota dago Luis Alejosek idatzitako biografian eta Kexaa herriko argazki bat agertzen da bertan. (“El montañero y aventurero Andres Espinosa “. Bizkaiko Gaiak. BBK) .

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide