1941eko otsaileko haizetea

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2017ko ots. 17a, 11:56
Santutegian kalte material ugari eragin zituen haizeteak.

76 urte bete dira asteon azken mendeetako haize-erauntsirik handiena izan zenetik. Kantauri itsasoaren ekialdeko kostaldean kalte izugarriak eragin zituen denborale horrek, eta oraindik bizi gordetzen da Artziniegako herritar askoren gogoan. Dokumentazio historikoan ere badira gertakari horren testigantza ugari.

Denok daukagu ondo gogoan Xynthia zikloi estratropikalak penintsulako iparraldean eta Frantzia hego-ekialdean 2010eko otsailean eragin zuen haizete bortitza. Bertatik bertara bizitzea tokatu zitzaigun, eta nola gainera. Orduan, eta datu batzuk ematearren, Urduñako Txarlazo median 228km/h-ko haize-bolada bat neurtu zen, eta berton, erregistrorik ez dagoen arren, marka horretatik hurbil geratu zitekeen, haizeak eragin zuen triskantza ikusita.

2010eko haizeteak eta ondoren izan ditugun beste batzuek, “ziklogenesi leherkorra” terminoa modan jartzeaz gain, askoren gogora ekarri zuten zazpi hamarkada lehenago, 1941eko otsailaren 16eko goizaldean bizitakoa. Urte horretako neguan etengabe ari ziren denboraleak eta aire polarra Atlantikotik sartzen, eta horrek ondorio jakin bat izaten ohi du: aska barometriko polar horiek, latitudean behera egin eta mendebaldetik ekialdera zirkulatzen duen korrontearekin (jet stream) talka egiten dutenean, borraska sakonak sortzen dituzte itsaso gainean; borraska horiek ekialderako norantza hartzen dute eta hego-mendebaldeko haize bortitzak ekartzen dituzte penintsula iparraldera, ondoren iparrera egiten dutenak depresio-guneak Frantzia aldera egiten duenean.   Zenbaitetan, ziklogenesi horiek indar oso handiko borraskak sorrarazten dituzte, eta batzuetan lehorrera sartzen dira. Horiek dira benetan arriskutsu gertatzen direnak, haizeen aparteko indarra dela eta.

1941eko otsaileko egun horietan, hilea hotz eta elurtsu hasi ostean, mota horretako egoera bat gertatu zen, oso borraska bortitza sortu baitzen Atlantikoan Azore Uharteen parean, zeina penintsularako bidea hartu eta sakontzen joan baitzen, harik eta 960 mb-ko presioa hartu zuen arte (are 950 mb-koa, iturri batzuen arabera). . Borraskak lehorrera sartu zen Galiziatik eta itsasora irten Asturias aldetik, ondoren Bretainiarantz joateko indarra galtzen zuelarik. Ibilbide horretan, sekulako haize indartsuak bidali zituen Kantauriko kostaldearen sartaldera. Haize horiek, gainera, are indar handiago hartu zuten Kantauri isurialdean gertatzen den efektu orografikoaren ondorioz, hau da, haizeak mendiak zeharkatzean bizkortzen delako. Hala, gau horretan 196,8 km/h-ko haizeak neurtu ziren Donostian, inoiz mendi-ingurutik kanpo penintsulan jaso den ufadarik handiena. Gasteizen, berriz, 103 km/h “baino” ez ziren neurtu.

Aparteko haizete horrek ondorio zibil larriak izan zituen, hala nola Santander hiria suntsitu zuen sutea. Bertan, tokiko erliebeak haizea bizkortu zuen eta kontrolatu ezineko sutea piztu zen. Kantabriako hiriburuan 400 etxe hondatu zituen suak: katedrala, Gran Coliseo antzokia… komertzioen %95 txikituta geratu zen eta 30.000 lagunek galdu zuten etxea. Arabak zein Bizkaiak laguntza handia eman zuten sute latz horren ondorioak arintzeko: jatekoa eta edatekoa bidali zuten, suhiltzaileak bertara joan ziren, eta Bilbon adibidez etxe barik geratu ziren lagun asko hartu zituzten.

Afrontuaren ondorioak Euskal Herrian

Haizeteak eragin zituen kalteak izugarriak izan ziren baita Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ere: posteak eta zuhaitzak edonon jausi ziren, sute txikiak izan ziren… Hala ikusi daiteke hurrengo egunetako egunkarien azaletan.

 

 

 

 

Beharbada haizeak eragindako ezbeharrik handiena Zumaiakoa izan zen, non ufada batek Urola ibaira bota zuen trena; 22 hildako 54 zauritu izan ziren. Gasteizen, berriz, kronikek diote 330 zuhaitz erori zirela, eta Bilbon "historikoa urakanik handiena" aipatzen zuten. Eta Artziniegara hurreratuz, jakin badakigu Amurrion emakume bat zendu zela eta hainbat zauritu izan zirela; Balmasedan ez zen hildakorik izan baina sute batek Cuesta kaleko 44. etxea guztiz hondatu zuen, eta 42. Etxean ere kalteak eragin zituen. Urduñan ere etxeetan egundoko triskantza egun zuen haizeak: 6 etxe guztiz suntsitu ziren eta teilatu eta erlaitz gehienak kaltetu ziren. Kalteen balantze ikaragarria, inondik ere.

Haize-erauntsia Artziniegan

Zer gertatu zen bertan otsailaren 15etik 16era bitarteko gau horretan, bada? Herritarrek beldur handia pasatuko zutela, zalantzari gabe. Bizirik daude oraindik haietako asko, eta jaso ditugun lekukotasunen arabera, esaterako, etxeetako teilatuak “desagertu” egin ziren. Hala, herritar batek gogoratzen du nola Arteko santutegiko teilatua Los Heros auzoan agertu zen; beste batek, berriz, gogoan du etxeko teilatua sukaldera jausi zela.

Baina beharbada xehetasunik gehien duen lekukotasuna Soxogutiko abade Luís Fernández de Alegríak idatzitako gutuna da. Jarraian transkribatzen dugu hitzen hitz:

Arceniaga (Alava) 27-2-41

R.P. Dionisio Domínguez

Muy estimado en Cto. : Por la prensa y por su aviso de ayer me entero con gran dolor de que también ahí, en ese Seminario (otro infortunio más que añadir a la gran catástrofe de Santander), lo mismo que aquí, sobre todo en Arceniaga, ha dado su duro zarpazo el huracán desencadenado el día 15 del actual. (……)

También aquí en esta Villa de Arceniaga tenemos que  lamentar, si no perdidas personales, gracias a Dios; sí grandes destrozos materiales  en arbolado y edificios: tanto particulares como públicos, pero sobre todo en el suntuoso y magnífico Santuario de Nuestra Señora, La Virgen de la Encina, (muy venerada en gran parte de Álava y en algunas de Vizcaya y Burgos) cuyo tejado, todo él de pizarrita, lo hizo trizas con el consiguiente peligro de que ahora con la lluvia se estropee el valioso  retablo gótico, siglo XV-XVII que el templo posee; en la iglesia parroquial, Colegio de Niñas, Juniorado de HH. Maristas, etc. Etc.

Por no ser menos, también a mí me ha tocado lo mío y tengo ahora, más que prisa, ver de cubrir como se pueda, el tejado de mi Parroquia de Sojoguti, que ha quedado bastante maltrecha y con la bóveda en parte caída.(…)

Luis Fernández de Alegría

Ikusten dugunez, parrokoak dio kalteak izan zirela edonon eta azpimarratzen du santutegiko teilatua guztiz txikiturik geratu zela; hala, baieztatu egiten da ahoz jaso dugun testigantza, hain zuzen ete estalkia Los Herosen agertu zela, santutegitik ehunka metrora. Ondorengo egunetako argazkiak txikizioaren erakusgarri ezin hobea dira:

Hondamendiaren ostean, santutegiko teilatua guztiz berritu behar izan zen, eta handik urte bira, 1943ko urtarrilaren 31n, konponketa-lanak egin behar izan ziren atzera ere, haizeteak (orduan ahulagoa) kalteak eragin zituelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide