Korrikako lekukoen segida: "Geroari zor"

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2017ko mar. 22a, 09:40
Ez dakigu 1672an, Arabako batzar nagusietatik egotzi zutenean, Manuel de Amezkorta oinez, zaldiz ala mandoz bueltatu ote zen Artziniegara, ala amorruak jota korrika itzultzeko gogoz ibiliko zen. 
 
Ez zen oso atsegina izango, edozelan ere, Artziniegako ordezkari gisa joatea eta euskaraz baino ez jakiteagatik kanporatua izatea. Mendebaldeko bazter honetara itzuliko zen Manuel eta bere bizitzarekin segituko zuen, bere kontrako erabaki horrek –prokuradore izateko gaztelaniaz jakiteko betebeharra ezarri zuenak- eta beste askok euskararen indarra ahultzen zuten bitartean. Handik hamarkada batzuetara alde egin zuen euskarak Artziniegako kaleetatik. Baina ez betiko. 
 
Orain dela ia berrogei urte euskararen aldeko indar berri batek hauspotu zuen Korrika, eta indar horri esker euskara atzera betetzen hasi da behinola soinuz eta berbaz jantzitako bideak, etxeak, mendiak eta plazak. 
 
Aurten guregana etorriko da berriz ere Korrika, eta duela mende batzuk Amezkorta eta beste asko ibili ziren bideak zeharkatuko ditu, eurek bezala euskara zabaltzen eta biziarazten. Pausoa sendotu eta arintzeko entrenamendu ezin hobea izango da. Gure historiari eta, batez ere, gure geroari zor diogu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide