Esti Urresolak "Paperezko ahotsak" dokumentala aurkeztuko du bihar Laudion

Erredakzioa 2017ko urt. 14a, 11:12
Esti Urresola Donostiako Zinemaldiko aurkezpenean

Esti Urresolak zuzendutako "Paperezko ahotsak" dokumentala eskainiko dute bihar arratsaldean Laudioko udal zineman. Zinemagile laudioarrarekin solasaldia egongo da emanaldiaren ostean.

Esti Urresola zinemagilearen "Paperezko Ahotsak" dokumentala aurkeztuko dute bihar Laudioko udal zinema aretoan. Bi emanaldi egongo dira, 17:30ean lehena, eta 20:00etan bigarrena. Sarrerak 2 euro balio ditu. Gainera, proiekzioa eta gero ikusleek proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute Esti Urresola zuzendariarekin eta Pello Gutierrez talde teknikoko kidearekin. Pablo Ibarluzea aktore laudioarrak ere parte hartu du ikus-entzunezkoan.

Dokumentalak Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta Eresoinka abesbatzaren istorioak ditu oinarri, gerrak eztanda egin zuenean euskal identitatea sustatzeko talde hori sortzea erabaki baitzuen presidenteak. Filma oroimena, kultura, identitatea eta mugimenduaren inguruko hausnarketa da, besteak beste. Horregatik, pertsona ugariren lekukotzak eta iritziak jaso ditu sortzaile laudioarrak: abesbatzaren kide ohi batenak, euskal artistenak, ikerlarienak... Irudiak hiri ezberdinetan grabatu dituzte. Horien artean daude Paris, Bilbo edo Donostia, besteak beste. 

Proiektua ETBren enkargua izan da. Ekoizpena gauzatzeko, ordea, bi oinarri edo gai eman zizkioten Urresolari: Paris eta erbestea. "Voces de papel" edo "Paperezko ahotsak" dokumentala da lanaren emaitza. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailean, eta ETB 2 telebista katean ere eskaini zuten. Igandekoa izango da, ordea, Aiaraldean ikusteko egongo den lehen aukera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide