Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Estresa 'El Rey León' ikuskizunean? Bai, baina hori da antzerkiaren xarma!”

Aitor Aspuru Saez 2017ko ots. 21a, 09:11
"Props and puppets" arloan dabil Egoitz Bernaola lanean.

EGOITZ BERNAOLA LUXAk (Laudio, 1983) Madrilen lan egiten du "El Rey León" antzezlan ospetsuan. Hala ere, aurretik ikuskizun handietan ere aritu da.

Orain ikuskizun musikal oso ospetsuan zaude lanean. Zein da?
Disneyren El Rey León musikalaren ekoizpen espainiarrean, Madrilgo Lope de Vega Antzokian.

Zein da zure eginkizuna? Zer nolako lanak egiten dituzu?
Ikuskizun erraldoia da hau estetika eta teknikaren aldetik, beraz, ezinbestekoa da jende askoren lana musikala egunero aurrera ateratzeko Ehun pertsona baino gehiago gaude lanean guztira, aldi berean, saio bakoitzean.

Oholtzaren begi-bistako aldean antzezle, dantzari, abeslari edota musikariek dute parte-hartze nagusia; publikoak ikusten ez duen aldean, antzeztokiaren barruan, aldiz, teknikariek: argigileak, jostunak, makinariak, ile-apaintzaile eta makillatzaileak, automatizazio eta soinuaren arduradunak, errejidoreak...

"Ni alderdi teknikoan lan egiten dut El Rey León ikuskizunean"


Ni alderdi teknikoan aritzen naiz, ekoizpen honetan "props and puppets" izendapen ingelesarekin ezagutzen dugun arloan zehazki. Hau da, musikalaren attrezzo (tresneria eta objektuak) eta animalia-txotxongiloen erabileraz, mantenuaz eta berriztapenaz arduratzen den atalean.

Nolakoa da lan hori barrutik? Zenbat egun lan egiten dituzue astero? Stress handia sortzen du?
Lan ezezaguna da, normalean, publikoarentzat. Attrezzoaren mantentze eta berriztapen lanez gain, egunero ikuskizuna aldez aurretik prestatu eta, behin hasita, zerbitzatzen dugu gero denbora errealean.

Antzezlanaren gidoi teknikoa "track" edo sekuentzietan banatuta dago eta lan-taldeen kide bakoitzak berea du. Horrela, ikuskizunaren behar guztiak betetzen dira zuzenean: dekoratu edota aktore eta dantzarien objektuen aldaketa oso arin eta zehatzak behar izaten dituzte eszena-aldaketek.

"Antzeztokiaren barruan egiten den lana kanpoaldean ikusten dena bezain koreografiatuta dago"


Antzeztokiaren barruan egiten den lana, beraz, jendeak kanpoaldean ikusten duena bezain koreografiatuta dago. Ardura eta kontzentrazioa behar da, askotan tresna oso astunak erabiltzen ditugulako kate-motoreekin, adibidez.

Astero, normalean, sei egun egiten ditugu lan, astelehenak ez ezik; hau da, zortzi edo bederatzi emankizun guztira. Baina atsedenerako egunak ere baditugu hilean zehar banatuta. Estresa? Batzuetan bai. Baina… hori da antzerkiaren xarma! (barreak).

Ez da, ordea, parte hartu duzun lehen musikal arrakastatsua. Zein gehiagotan aritu zara eta zein da zuretzat ezberdintasuna batzuen eta besteen artean?
Beste bi musikaletan aritu naiz, bai, hainbat eginkizunekin. Lehena, 2012an, My Fair Lady izenekoa (Paloma San Basiliorekin), jantzien diseinatzailearen laguntzaile gisa; bertan arropa eta ehunen estanpazio artistikoak burutu genituen.

2015ean, aldiz, Cabaret delakoan (Cristina Castaño eta Edu Sotorekin, besteak beste), jantzien arloan baita ere. Sortze-prozesu artistikoan diseinatzailearen laguntzaile modura aritu nintzen eta, geroago, tekniko gisa jostunen lan-taldean.

"My Fair Ladyn eta Cabareten ere lan egin dut"

Ekoizpen oso ezberdinak dira euren artean. Berezitasun nabarmena antzezlanaren gaiaren aldetik dator, hori baita ikuskizun bakoitzaren proposamen eta behar estetiko eta teknikoak zehazten dituen eragile nagusia.

Zenbat denbora ematen duzu ikuskizun bakoitzarekin?
Bost orduko lanaldia betetzen dugu ikuskizun bakarra dagoenean, eta zortzi ordukoa emankizun bikoitzetan (asteburuetan) edota konpainiaren entseguak ditugunean. Hamaika ordu inguruko lanaldiak ere baditugu hilean bitan, dekoratu eta tresnen mantentze-lan sakonagoak egin behar direnean.

Nola heldu zara mundu horretara?
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, EHUn, eta gero Madrilera etorri nintzen Eszenografia Diseinua deritzon bi urteko graduondoa egitera, TAI Unibertsitate Arte-Eskolan. Ikasketak bukatu ostean antzerki arloan hasi nintzen lanean, eszenografia eta jantzien diseinuak egiten eta baita antzokien arlo teknikoan burua sartzen. Aldi berean, zenbait espezializazio-ikastaro gauzatu ditut, ehunen estanpazio artistikoan edota txotxongiloen diseinuan.

Ibilbide aldakor eta ezegonkorra izan da batzuetan, bereziki krisiaren urte gogorrenetan. Beraz, lan egiteko gogoak eta iraunkortasun pertsonala oso garrantzitsuak dira mundu honetan ere. Gero, noski, zorte pixka eduki behar da. Gaur egun oso pozik nago.

"Ikusi beharko zenukete gure itxura, antzokiaren tailerrean, margoz lohituta, babes-mozorroarekin, Afrikar sabanako animaliak berriztatzen…"


Madrilen zaude lanean, posible da lan horretan aritzea hiri oso handi batean ez bada?
Ia hamabi urte daramatzat Madrilen. Hiriek eskaintzen dituzten aukerak, noski, anitzagoak dira. Oro har, hirietan gauzatzen dira antzerki ekoizpen eta proiektu nagusi edota behar handienak dituzten horiek, musikalak kasu, non zure lekua aurkitzea "errazagoa" den. El Rey León mundu osoko hiri garrantzitsuenetan ekoiztu da: New York, Mexiko DF, Sao Paulo, Londres, Paris, Tokio, Shanghai, Seul…

Zein da zure lanaren alde onena eta txarrena?
Alde onena: sormen dosia, berehalakotasuna, egunero zerbait berria ikasteko aukera, talde-lana, erabakitasuna trebatzearen beharra edota jende anitz eta erabat ezberdina etengabe ezagutzea, adibidez. Txarrena, aipatutako ezegonkortasuna eta estresa, nagusiki.  

Glamourra dauka edo egunerokotasunean ez da hainbesterako?
Bueno, glamourra! (barreak). Nire egunerokotasuna El Rey León-en, berez, ez dauka batere glamourrik. Ikusi beharko zenukete gure itxura, antzokiaren tailerrean, margoz lohituta, babes-mozorroarekin, afrikar sabanako animaliak berriztatzen…

Bestelako gauza da antzerki-munduaren alde publikoa, soziokulturala, artistikoa, zenbait aktoreen inguruan batzuetan sortzen den giroa edota horrelako ekoizpen ospetsuek dakartzaten ekitaldiak, eta abar. Orain dela gutxi musikalaren 5. urteurrena ospatzeko eskaini ziguten jaia itxurosoa izan zen oso! Hori guztia ere mundu horren partea da.

Pasadizo dibertigarriak edo harrigarriak bizi izan dituzu?
Ia egunero ematen dira bitxikeria dibertigarriak ikuskizunetan. Ez dut ahaztuko nire lehendabiziko lanegunetako batean gertatu zitzaidana. Saioaren amaieran aktore batek erabiltzen duen txoridun kometa bat jaso behar nuen, eta hasiberriaren urduritasunak jokaldi gaiztoa egin zidan: denbora gaizki kalkulatu eta antzeztokian sartu nintzen, ilunean, eszena bukatuta, kometaren bila.

Orduan konturatu nintzen agurrak segidan zetozela, oihala berriro igotzear zegoela eta han ez nuela egon behar. Konpainiaren deiak eta, batez ere barreak, itzelak izan ziren: "Alde! Publikoak ikusiko zaitu!". Zorionez, sasoiz atera nintzen bertatik, izerditan blai. Baina… a ze une txarra!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide