"Kartak sekulako baliabidea dira haurren abileziak, muga fisikoak eta psikikoak ezagutzeko"

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko ots. 22a, 15:45
Ane Uriarte Arbaizagoitia, tailerretan erabiltzen duen arbela eskuan duela. Argazkia: aiaraldea.eus

ANE URIARTE ARBAIZAGOITIAk (Laudio, 1984) astrologia eta hezkuntza uztartzen ditu, zeruko zeinu eta planeten posizioak baliatuta. Horren inguruko tailerra eskainiko du Laudion martxoan.

Astrologiaren bidez hezkuntza prozesuan laguntzen diharduzu. Nolatan?
Jaiotze kartak edo karta astralak pertsonaren joerak modu integralean ikusteko aukera ematen digu. Hori dela eta, tresna pedagogiko garrantzitsua bilakatzen da norberaren eta inguruaren ezagutzarako.

Askotan izaten dut umeen kartak irakurtzeko aukera, sekulako baliabidea da gurasoek zein bestelako hezitzaileek umeak berezkoak dituen trebetasun eta muga fisiko zein psikologikoak ezagutzeko. Haurra bere naturaltasunean hezteko aukera zabala ematen du horrek.

Orokorrean, edozeinen bizitzarako orientatzaile ederra da jaiotze karta.

Kartak dituzu lan tresna. Zer nolako informazioa ematen dute ba?

Karta, bizitzako lehen arnasa hartzen duzun unean zeruari ateratzen diogun “argazkia” da, zirkunferentzia batean adierazita datorrena. Zirkunferentzia hori tradizionalki ezagutzen ditugun 12 ikurretan bereizten da (Aries, Tauro...); 12 “etxe” edo banaketan. Bertan planeta eta zeinuen posizioak eta euren arteko erlazio angeluarrak ageri dira.

Planeta eta zeinuen arteko erlazioak modu bitxian daude banatuta karta bakoitzean. Guzti horrek ematen digu aukera potentzialki dauden joera fisiko eta psikologikoak ikertzeko.

 

"Orokorrean, edozeinen bizitzarako orientatzaile ederra da jaiotze karta"

 

Zeruari erreparatuz pertsonen izaerak eta egoerak interpreta litezke, beraz?
Bai. Aurretik aipatutako 12 “etxe” horietako bakoitzak, pertsonon bizi esperientziaren atal bat adierazten du: izaera, lana, inguru soziala, osasuna, dohainak... Zeinuek, planetek, eta euren arteko harremanek “kolorez” tindatzen dituzte “etxe” horiek, informazioa gero eta gehiago zehaztuz.

Martek, adibidez, ekintzarako joera azaltzen du normalean. Planeta hau izaeraren atalean agertuko balitz, seguruenik, pertsona ekintzaile bati buruzko informazioa emango luke. Honi, Uranok ematen duen bat-batekotasuna gehituko bagenio, oso bizia, urduria, arina... den pertsona bati buruz hitz ari garela jakingo genuke, besteak beste. Horrela, planeta, zeinuak, etxeak.. interpretatuta, nahasketa bakoitzak hainbat informazio ematen du.

 

"Nik nire buruari etiketaren bat jarri beharko banio, lengoaia astrologikoa baliabide gisa duen bidelagunarena izango litzake"


Nondik datorkizu astrologiarekiko interesa edo harremana?
Astrologia nerabea nintzela ezagutu nuen lehenbizikoz, 13-14 urte nituenean. Garai hartan neukan terapeutak nire joerak ezagutzeko euskarri gisa erabiltzen zuen, eta lehengo egunetik zeharo liluratuta utzi ninduen. Nola esan zezakeen hain modu zehatzean niri buruzko horrenbeste bitxikeri ezagutzen ez ninduen pertsona batek?

Sinbologiak berak ere erabat erakarri ninduen, baina garai hartan ni hizkuntza astrologikoa irakurtzeko gai izatea ia ezinezkoa ikusten nuen.

Urte batzuen ostean, 18 urterekin edo, ikastaro presentzialetan hasteko aukera izan nuen. Hasiera batean nire barne ezagutzarako erabiltzen nuen bakarrik; hainbat urte pasa ziren lengoaia hori irakurtzera ausartu nintzen arte. Egia esan, azkenengo urteetan barneratu dut gehien lengoaia astrologikoa, batez ere, ikastaroak ematen hasi naizenetik.

Dena den, gaur egun ere ikastaroetara joaten jarraitzen dut, etengabe garatu daitekeen lengoaia delako.

 

"Astrologiatik gehien nabarmenduko nukeena lengoaia zabala dela da"


Aditu gisa hainbat hitzaldi eskaini dituzu astrologiari buruz.
Aldez aurretik, astrologoa ez naizela aipatu nahiko nuke. Nik nire buruari etiketaren bat jarri beharko banio, lengoaia astrologikoa baliabide gisa duen bidelagunarena izango litzake.

Astrologia “mancia” delako bat da. Honek, artea, zientzia eta orakulua barne hartzen ditu. Gertaerak aurreikusteko erabiltzen zen antzinako kulturetan. Nik aldiz, eta niri erakutsi didatenek, orainean oinarritzen den astrologia erabiltzen dugu. Hau da, ez dugu etorkizuna aurreikusteko interesik; eta, aldi berean, ez gara iraganeko kontuei buelta gehiegi ematearen zaleak ere. Guk lantzen dugun irakurketa mota oso bizia da, guztiz pedagogikoa. Trebetasunak bultzatzen ditugu beti, pertsona bera indartuz.

Orokorrean, astrologiatik gehien nabarmenduko nukeena lengoaia zabala dela da. Sinboloak hamaika informazio gordetzen du, irakurlearen arreta mailak finkatuko du informazioaren sakontasuna.

Martxoan Laudion tailer bat eskainiko duzu. Zer lantzeko asmoa duzu?
Tailerra lau saiotan banatuko da; martxoan eta apirilean. Oso zaila da lau saiotan astrologia ikastea. Nire asmoa jolasen bidez lengoaia sinbolikoa, planeten eta zeinuen bitxikeriak... lantzea da. Tailerrak oso dinamikoak izango dira, eta parte hartzaileen jaiotze kartak erabiliko ditugu adibide eta interpretazio oinarri gisa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide