1976an piketeei egotzitako erailketa baten bertsio berria plazaratu dute

Aitor Aspuru Saez 2017ko ots. 23a, 09:27
Aceros fabrikaren garaiko argazki bat eta Vicente Velascoren heriotzaren berri ematen duen albistea, ABC egunkaritik hartua.

1976eko urriaren 10ean zendu zen Vicente Velasco Garran behargina. Aceros lantegiko pikete batek eraso zuela esan zuten hainbat komunikabidek. Beste iturri batzuen ustez, baina, poliziek edo eskuin muturreko militanteek erail zuten langilea.

Nor izan zen Vicente Velasco Garran? Zein da bere figura inguratzen duen misterioa? Eusko Jaurlaritzako indarkeria politikoari buruzko txostenean azaltzen da bere izena, Laudion erail baitzuten. Jaurlaritza saiatu zen dokumentu horren bitartez bortizkeriaren biktimen aitortza sustatzen eta, zentzu batean, lortu zuen. Horren ondorioz, herritar bat ahalegindu da argitzen Vicente Velasco Garranen inguruan sortu diren zalantzak, txostenak berak jasotzen baitu sakonago ikertu behar dela kasua.

Duela 40 urte eraila
Vicente Velasco Garranek 39 urte zituen, Palentziakoa zen eta Aceros de Llodio enpresako langilea. 1976ko urriaren 10ean zendu zen Basurtuko Ospitalean. Antza, hori da eztabaidatik kanpo dagoen informazio bakarra. Izan ere, pairatutako zauriak justifikatzeko hainbat bertsio zabaldu dira.

Hasteko, zenbait albiste agentziek plazaratu zuten Aceros de Llodioko beharginen pikete batek jipoitu zuela greba ez egiteagatik irailaren 27an (Txiki eta Otaegiren fusilamenduen lehen urteurrenean, alegia). Bestalde, hedabide, erakunde eta egile ezkertiarrek salatu dute “inkontrolatuek” -hau da, poliziek edo eskuin muturreko militanteek- zauritu zutela manifestazio batean.

 

1976an hil zen Vicente Velasco Garran. Zenbait egunkarik pikete bati egotzi zioten erailketa, baina langileek ukatu egin zituzten akusazio horiek

 


Hirugarren bertsioa
40 urte beranduago, Jose Ignacio Alvarado Meabek (Aceros de Llodio enpresako langile batzordeko presidentea 1987tik itxierara arte) ikerketa gauzatu du gertakaria argitzeko; eta Laudioko alkateari eta Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza eta Bakegintza Taldeari bidali dizkie ondorioak.
Horretarako, biktimaren lankide ohiekin harremanetan egon da. Batetik, Jaurlaritzaren txostenak jasotzen dituen hipotesiak gezurtatu ditu.

Berak ikertutakoaren arabera, Vicente Velasco Garrenen heriotzak ez zuen izan jatorri politikorik. Horrek ez du esan nahi politikak zerikusirik izan ez zuenik kasuan. Jose Ignacio Alvarado Meaberen ikerketa aintzat hartuta, Aceros de Llodioko beste bi langilek eman zioten hil zuen jipoia Velascori, Marbella tabernan eztabaida izan ostean.

Bi pertsona horiek ospetsuak ziren herrian, eskuin muturreko ideologia baitzuten. Dirudienez, krimenaren egileen izen eta abizenak oso zabalduak zeuden herrian, baina Guardia Zibilak ez zuen ahalegin berezirik egin heriotza argitzeko eta arduradunak epaitegira eramateko.

Are gehiago, Alvaradoren ustetan, horregatik leporatu zien poliziak hilketa ezkerreko piketeei, bi hiltzaileak babesteko; nahiz eta erasoa irailaren 26an eman eta greba irailaren 27an izan.

Langileen izena garbitu
Aceros de Llodioko langile batzordearen presidente ohiaren asmoa ez da soilik Vicente Velascoren hilketaren nondik norakoak plazaratzea izan. Enpresako langileen izen ona garbitzeko asmoa izan du Alvarado Meabek. Bere ustez, greba ugari egin arren inoiz ez zen erabili bortizkeria mobilizazioetan parte hartu ez zutenen aurka.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide