“Herritarren parte hartzea ahalik eta altuena izatea da gure helburua”

Erredakzioa 2017ko urt. 9a, 07:48

MARIAN BILBAO EREÑO (Areta, 1966) Orozkoko Gure Esku Dago taldeko kidea da. Maiatzaren 7rako “Ebatzi Orozko” lemapean antolatu duten herri kontsultaren inguruan mintzatu da.

Hilabeteak igaro dira herri galdeketa egiteko asmoa adierazi zenutenetik. Nolakoa izan da ordutik orain arte eginiko prozesua?

Azken urteotan hainbat ekintza burutu ostean, joan den urtearen hasieran, herritar guztiak gonbidatu genituen bilera batera, erabakitzeko eskubidearen alde egindako adierazpena aurkezteko asmoz. Bertan, momentu hartatik ekainera arte helburua zein zen azaldu genuen: adierazpenarekiko atxikimenduak lortzea. Honekin batera, lortutako atxikimendu kopurua adierazgarria izanez gero, Herri Kontsulta burutuko genuela ere azaldu genuen.

 

Orozkon, hautesle-errolda 2.000 pertsona ingurukoa da eta guk ekainerako 654 atxikimendu jaso genituen, gainera herriko elkarte gehienak bertan zeuden ordezkatuta. Datu horiek ikusirik, balorazioa egin genuen eta herritarren aldetik Herri Kontsulta egiteko behar beste babes genuela pentsatu genuen.

 

Hau dela eta, pasa den urteko ekainaren 4an herritarrak argazki erraldoia egitera gonbidatu genituen eta aurten Herri Kontsulta egingo genuela iragarri genuen bertan.

Hainbat herritan egin da herri galdeketa dagoeneko. Arrankudiaga-Zollon 2014an egin zen. Galdeketa segida horri segida ematea da zuen asmoa?

Arrankudiaga-Zollok eta Etxarri Aranatzek 2014an herri Kontsulta egin zutenetik hona, beste hainbat herritan ere egin izan da (Dima, Ispaster, Aramaio, Goierri…), eta bakoitzak bere momenturik aproposena zein izan den erabaki du.

 

Egia esan ezberdina da herri bakoitzaren errealitatea eta horrek bere garrantzia du galdeketaren momentu egokia zein den erabakitzeko orduan. Kontua ez da galdeketa egitea besterik gabe, gure ustez garrantzitsuena herritarren parte-hartzea ahalik eta altuena izatea da.

 

Badakigu hori ez daukagula bermatuta baina aldez aurretik herritarren babes minimoa izan ezean, zaila da parte-hartze altua aurreikustea eta ondorioz, galdeketa egiteko baldintza minimoak betetzea.

 

Maiatzaren 7ko kontsulta honen helburua da herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatzea eta euren borondatea hautestontzian adierazi ahal izatea.

 

Gure erronka ez dago “Bai” ala “Ez” erantzunetan. Gure erronka herritarren parte-hartze kopuruan dago.

 

Zehaztua duzue dagoeneko zein izango den galdera?

Ez, oraindik ez dugu galdera erabaki. Protokoloak kontsulta aurrera eraman ahal izateko eskatzen duen elkartea sortuta daukagu eta behar ditugun sinadurak ere jaso ditugu (hautesle-erroldaren % 10). Gabon zahar egunean data iragarri eta kontsultaren ikurra izango den logoa aurkeztu genuen. Hurrengo betebeharren artean horixe dugu, hain zuzen ere: herritarron artean galdera zein izango den zehaztea.

 

Herritar ugariren inplikazioa lortu duzue egitasmoa aurrera eramateko. Nola ikusten dituzue animoak herrian galdeketari begira?

Ez da erraza aldez aurretik herritarren parte-hartzea nolakoa izango den esatea. Esan dezakeguna orain artekoa da, eta horretan herritarrek izan duten erantzuna oso ona izan da. 2015ean egin genituen oihaletan 520 herritar elkartzea lortu genuen, eta horrek biztanleen % 20 inguru suposatzen du.

 

Lehen aipatu bezala, pasa den urtean 16 urtetik gorako 654 herritarren atxikimendua lortu genuen (hautesle-erroldaren % 30 inguru). Beraz, nahiz eta oraindik hainbat herritarrengana heldu behar dugula jakin; hau ikusirik, gero eta herritar gehiagok parte hartzen duela esan dezakegu.

 

Maiatzaren 7an izango da kontsulta. Lan asko geratzen zaizue hemendik ordura arte egiteko? Zer lan?

Egia esan lau hilabete geratzen dira baina seguruenik hilabete biziak izango dira. Lan ugari izango dugu eta mota ezberdinetakoak. Alde batetik protokoloak berak eskatzen dituenak (mahaian nor egongo den zehaztu, galdera zein izango den erabaki, lan taldeak osatu…).

 

Bestetik, kontsultaren egunera arte egingo ditugun ekintzak antolatu (hitzaldiak, hormen margotzea, herritarrek parte hartu ahal izateko ekintzak...) eta azkenik, maiatzaren 7an bertan egingo ditugun ekintzak antolatu.

 

Maiatzaren 7a herritar guztiok jai giroan ospatzeko eguna izatea nahi dugu.

 

Behin Herri Kontsulta eginda, zer?

Momentu honetan, hemendik maiatzera arteko plangintza eta Kontsultaren eguneko egitarauaren antolaketan gaude zentraturik. Gure helburua epe laburrera Maiatzaren 7a da eta horretan jarriko ditugu gure indar guztiak.

 

Behin kontsulta eginda, hortik aurrerakoaz hasiko gara pentsatzen. Baina oraingoa ez da horretan pentsatzeko momentua.

 

Beste zer edo zer gaineratu nahiko bazenu...

Zerbait gaineratzekotan herritarren parte hartzearen garrantzia aipatuko nuke. Egitasmo honetan gogo eta ilusio handia dugu eta badakigu esku artean duguna ez dela edonolako kontua. Baina argi eduki behar dugu honelako ekintza batek eskatzen duen azpiegitura aurrera ateratzeko herritarren laguntza behar dela.

 

Beraz, hor dago gonbidapena luzatuta, nahi duten herritar guztiek aukera izango dutelako euren ekarpenak egiteko.

 

Guztiek esatean, guzti-guztiek esan nahi dugu, horixe delako hain zuzen ere helburua; pentsaera, jatorri, ideologia, sentsibilitate… guztietako pertsonak elkartu eta denona den erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide