Anuntxi Aranari emango diote Durangoko Azokako Argizaiola saria

Erredakzioa 2014ko aza. 19a, 18:20

Anuntxi Arana antropologoak jasoko du Durangoko Azokan urtero ematen den Argizaiola saria. Gaur egun Angelun (Lapurdi) bizi den arren, Luiaondokoa da Arana. Egin dituen ikerketengatik eta Baionako AEKn eta mugimendu feministan genero indarkeriaren aurka egindako lanagatik emango diote saria.

Anuntxi Arana antropologoak jasoko du Durangoko Azokan urtero ematen den Argizaiola saria. Gaur egun Angelun (Lapurdi) bizi den arren, Luiaondokoa da Arana. Egin dituen ikerketengatik eta Baionako AEKn eta mugimendu feministan genero indarkeriaren aurka egindako lanagatik emango diote saria.

1947 urtean jaio zen Arana. Frantses filologia ikasi zuen, baina antropologia izan da bere ikerketa eremu nagusia. Euskal Herriko ohiturak eta mitologia izan dira bere lanaren ardatza. 1986an Ipar Euskal Herriko mitologia ikertzen lehena izan zen Jean Francois Cerquand-en lana berridatzi eta bi liburutan argitaratu zuen, “Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak” izenburuarekin.

Orozkoko mitologiari buruzkoa, lan nagusia

Aranaren lan nagusia, baina, Orozkoko mitologiari buruz plazaratu zuen doktorego tesia izan zen. 1996an egin zuen, eta Bordeleko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin zuzendu zuten lana. “Orozkoko Haraneko kondaira mitikoak” jarri zion izena, eta Ipar Euskal Herrian euskaraz defendatu zen lehen tesia izan zen, nahiz eta Aranak azpimarratu duen Jasone Salaberriaren tesia ere garai hartan aurkeztu zela.

1980tik 1992ra egindako ikerketa da doktorego tesi horretan Aranak bildu zuena, kondaira mitologikoei eta sinesteei buruz hogeita lau orozkoar elkarrizketatu zituen antropologoak. 200 bat kontakizun mitologiko bildu izan zituen horrela, hainbat bertsiotan kontatuak.

Gaur egun ere idazten dihardu antropologoak. Liburu berri bat prestatzen dabil, hilak, arima herratuak eta mitologia lotuko dituena. Datorren urteko udaberrian argitaratzeko asmoa dauka. Orotara, aipaturiko bi ikerketez gain, beste lau lan argitaratu ditu Aranak: “Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak”, “Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak”, “Mito hurbilak: euskal mitologia jendeen bizitzan” eta “Mitoen bilakatzea”.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide