Gaztelekuaren proiektua abiatzea ahalbidetuko dute Aiarako aurrekontu berriek

Erredakzioa 2017ko mai. 4a, 13:55
Gaurko udalbatzaren irudia. / aiaraldea.eus

EAJ eta Aiara Batuz taldeen aldeko bozen babesarekin aurrera egin du 2017ko aurrekontuak gaur goizeko ez ohiko udalbatzan.

2.118.742,93 euroko aurrekontua izango du Aiarako Udalak 2017an. Urteko jardueran zenbait aldaketa txertatu dute iazkoarekin alderatuta: energia kontratuen lizitazio berria egingo dute, Berdintasun Arloan eta Foro Soziosanitarioan diru gehiago inbertituko dute, baita ohitura osasuntsuak eta elikadura burujabetzarekin lotutako ikastaroak sustatzeko ere.

Gainera, zerbitzu sozialen langileari lanaldi erdia luzatuko diote, osokoa izan dadin. Bestalde, Berdintasun plana garatzeko dirua ere bideratuko dute.

Ikastolan biomasa galdara jartzea errentagarria izango den aztertzeko estudioa ordainduko du Aiarako Udalak eta aurrerantzean erakundeak kudeatuko ditu udalekuak, Guraso Elkartearen ordez.

Gaztelekua
Jasotako ekimen berrien artean dago Gaztelekua. Proiektua egikaritu baino lehen, adostasuna bilatuko du udalak batzordetan eta Guraso Elkartearekin. "Eskualdean porrot egin duten Gaztelekuekin bezala gerta ez dadin, dauden aukerak aztertzen ari gara" azaldu du Gentza Alamillo alkateak.

EH Bilduren galderen aurrean, Alamillok bat egin du koalizioarekin eta ziurtatu du Gaztelekua ez dela soilik aisialdirako gunea izango; "gazteak hezteko eta trebatzeko balio beharko du".

Aiara Batuzen babesa
Aiara Batuz talde independenteak aldeko boza eman dio EAJren aurrekontuari eta argudiatu du euren zuzenketak aintzat hartu dituztela jeltzaleek.

Zentzu horretan, talde politikoak espero du erabateko adostasuna egongo dela Luiaondoko bulegoetan administrari laguntzailearen lanaldia osoa izan dadin.

Hala ere, alkateak nabarmendu du Espainiar Gobernuak jartzen dituen mugak kontuan hartu beharko dituztela.

EH Bildu aurka
Koalizioak kontrako boza eman du, bere zuzenketak ez direla jaso argudiatuta. Lauren Uriak adierazi du EH Bilduren iradokizunak posibilistak zirela eta ez dela egon udal gobernuaren aldetik lantzeko borondaterik.

Zenbait egitasmo aipatu du Uriak. Adibidez, EH Bilduk nahi zuen euskarazko ikastaroak diruz laguntzea, doakoak izan daitezen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide