Gazteek alokatutako 120 lonja baino gehiago daude Aiaraldean

Ainhoa Basarrate Astobiza 2016ko api. 21a, 10:31

Azken hamar urte hauetan izan den fenomeno sozial horietako bat dira gazte lokalak, sare sozialekin eta bat bateko mezularitza zerbitzuekin batera, denbora libreaz gozatu eta disfrutatzeko moduak irauli dituzten horietakoak. Aiaraldean ere ohitura berri hori nabarmen hazi eta zabaldu da eta momentu honetan eskualdean 120 lokal inguru daudela  kalkulatzen dute udalek.

Azken hamar urte hauetan izan den fenomeno sozial horietako bat dira gazte lokalak, sare sozialekin eta bat bateko mezularitza zerbitzuekin batera, denbora libreaz gozatu eta disfrutatzeko moduak irauli dituzten horietakoak. Aiaraldean ere ohitura berri hori nabarmen hazi eta zabaldu da eta momentu honetan eskualdean 120 lokal inguru daudela  kalkulatzen dute udalek.

Gazteen Euskal Behatokiak 2013an egindako ikerketaren arabera, 15 eta 29 urte arteko euskal gazteen % 20k zuen adiskideekin biltzeko lokal bat.  Gainera, azterketa horrek ondorioztatu zuen lokala ez zuten EAEko gazteen % 27k izan nahiko lukeela. Joera argia da: geratzeko  etorri den moda da.  

Larunbat arratsaldean gazteek badakite nora jo behar duten lagunekin egoteko. Sofa zaharrekin eta bigarren eskuko telebista potolo batekin edo bestelako gailuekin bete ohi dute lonja. Banderak eta posterrak paretetatik zintzilik egoten dira. Zer egin ohi dute bertan? Ane Picazak 14 urte ditu. Beste 18 neska eta mutilekin Laudion txoko bat partekatzen du eta haientzat plana argia da: batez ere musika entzun eta telebista edo pelikulak ikusten ibiltzen dira bertan, “ez dugu aparteko ezer egiten”. Adinak aurrera egin ahala, lagunekin gozatzeko modu horiek ez dira aldatzen. Arrate Fuente urduñarrak 26 urte ditu eta “filmak ikusi, afaldu eta mahai-futbolean jolasten” ere aritzen direla dio.

 

Gazteen Euskal Behatokiak 2013an egindako ikerketaren arabera, 15 eta 29 urte arteko euskal gazteen %20ak lokala zuen

 

Dibertitzeko moduak, interesak eta nahiak ez dira gehiegi aldatu lonjen gorakadarekin. Jebi Vales laudioarrak 45 urte ditu. Zoroak jai koadrilako kidea da eta badaki zer den gaztetan lokal batean egotea. Izan ere, lokalen moda ez da atzoko gauza. “Guk jaietan hartzen genuen”, azaldu du Valesek, baina gogoratzen du urtean zehar ez zutela lokala faltan botatzen, “herriko bazterretatik ibiltzen ginen, lagunak elkarrekin eta denetarik egiten”.
Gazteen desira autonomia izatea izan da beti eta, orokorrean, hori bilatuaz hartzen dituzte horrelako espazioak, koadrila bakoitzak txokoa  alokatzeko  arrazoi ezberdin bat badu ere. Urduñako Oscar Fernández de Aguirre gaztearen 16 urteko lagun koadrilak batez ere “neguan edo jaietan biltzeko toki bat izateko” hartu zuen irailean Foru Plazatik gertu duten lonja. Elixabet Serrano 26 urteko amurriarraren koadrilaren esperientzia, alabaina, bestelakoa izan da, “herrian gazteontzat aisialdi alternatibarik ez dagoelako” hartu baitzuten lokala lehenengoz, orain dela 9 urte. Ane Picazak, bere aldetik, aitortzen du “libre egoteko” espazio bat dela haientzat, hau da, gurasoen kontrolpetik kanpo egoteko espazio bat.

Familia askoren kezka hori izaten da, batez ere adinez txikikoak direnen kasuan. Haien kabuz egotea drogen kontsumoarekin lotzen dutelako, alegia. Nagusiagoak diren lonja kideek argi dute alkohola edatea edota erretzea kalean ere egiten dela. Arrate Fuentek dioenez, koadrila bakoitzak “bere mugak non dauden argi izan behar du”. Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketaren arabera, horrelako kezkak “ezjakintasunagatik” sortzen dira, haien datuen arabera ez baita lokala izateagatik droga gehiago kontsumitzen.

 

Askorentzat, gazteak euren artean ezagutzea ekiditen duen faktorea da lonjena, baina badago kontrakoa esaten duenik ere



Lonja barruan, kaletik urrun
Gazteek haien ‘etxea’ txokoetan aurkitzen dute, lagun artean sozializaziorako esparru nagusi gisa. Joera horrek gizarte ereduan eragin argia izan du azken urtetan. Elixabet Serranoren ustez Amurrion geroz eta gazte gutxiago ikusten dira kaletik, “nahigabe edo nahita, lonjetan ematen baitugu gure aisialdiren zati handi bat”. Lander Laparra orozkoarrak 22 urte ditu eta bat dator ideia horrekin. “Ni lokalean egoten naiz sarritan, baina gustatzen zait baita ere tabernetara  joatea. Ez duzu zertan besteekin duzun harremana lokalera soilik murriztu”. Jebi Valesek kalearen aldeko apustu argia egiten du, “kalean jende gehiago ezagutzen da”. Txanponak, hala ere, bi alde ditu. Oscar Fernández de Aguirre urduñarraren esperientzia oso bestelakoa da: “Gure kasuan beste bi  koadrilekin partekatzen dugu lonja eta jende berria ezagutu dugu”.  

Segurtasuna kolokan
2012ko urtarrilean Elorrioko lokal batean sutea gertatu zen eta kea arnastuta gazte bat hil zen. Istripu horrek lokalen gaia mahai gainean jartzeko beharra azkartu zuen herri askotan eta ordenantzak onartzen hasi ziren, lokalek auzoetan sortutako bestelako arazoak ere erregulatzeko asmoz. Elixabet Serranok horrelako arautegiak onartzerako orduan gazteak kontuan hartzea berebiziko garrantzia duela dio, Amurrioko ordenantzaren onarpen prozesua salatuaz, “lonja guztiak gonbidatu gintuzten bilera batera, baina adostasun faltagatik, udalak erabaki zuen ordenantza aurrera eramatea, gazteen iritziak kontuan hartu gabe”.

Arautegiez gain, erakunde askok kanpaina bereziak egiten dituzte. Bilbon,  adibidez, Udalak ‘Gazte-Lonjak’ aplikazioa argitaratu zuen 2014an, gomendioak zabaltzeko. Horretaz gain, ‘Lonjometroa’ izeneko sailkapena egiten dute. eta argazki lehiaketak egiten dituzte txokoen segurtasun neurriak lantzeko, besteak beste.

 

Amurrion, bi urtetako esperientzia

2014ko apirilean onartu zuen Udalak gazte lokalak erregulatzeko tokiko ordenantza eta momentu honetan fenomeno honetarako araudi zehatz bat duen Aiaraldeko herri bakarra da. “Amurrioko lokalek sortutako arazoak murriztu eta bizikidetasuna sustatzeaz” gain, horien erregistroa gauzatzea ere helburu zuen. Herrian momentu honetan 45 lonja daudela jasotzen dute datuek. Bi urte hauetako esperientziaren balorazio positiboa egiten du Udalak, Josune Irabien alkatearen hitzetan: “Oso positiboa izan da, argi eta garbi, oraindik ere ezarpen fasean gauden arren”.

Lonja guztiek ordenantzan azaltzen diren betekizunekin bat etorri arte lana dute aurretik, “zailtasunak izan ditugu, batez ere espazio hauen ikuskapen teknikoei dagokionez. Izan ere, kontu handiz egin behar ditugu eta horrek denbora behar du”.

Hala ere, hurrengo hilabetetan lehenengo fase hori amaitutzat ematea aurreikusten dute. Balorazio on hori segurtasun neurri minimoen bermearekin lotuta dago batez ere, Irabienen aburuz, “horren aldeko sentsibilizazioan lana egin dugu eta gazteen partetik erantzun positiboa jaso dugu”. Horrelako aisialdirako espazio berri bat zabaldu aurretik, Amurrioko Udalean baimena eskatu beharra dago eta lonja guztiek derrigorrezko neurri minimo batzuk bete behar dituztela zehazten du legeak: instalazio elektrikoa, txorrotako ura, komun bat, su-itzalgailuak eta sorospenetarako botika-kutxa izatea, besteak beste.

 

Laudion, lehen pausoak

Lokalen fenomenoak herrian duen eragina ezagutzeko helburuarekin, aurtengo martxoan ekin diote Laudion gazteei bideratutako galdetegi bat gauzatzeari.

Udaleko Gazteria Zerbitzuko teknikaria den Oinaze de Losantosen esanetan “oraindik goiz da ondorioak ateratzeko”. Izan ere, momentu honetan diagnostiko fase hori martxan dago. Hala ere, ezagutza etapa hori ez da zerotik hasten. Iaz Udalak onartu zuen 2015-2018 urteetarako I. Gazte Planaren diagnostikoaren arabera, herrian 50 gazte lokal inguru daude.

Kontuan hartzekoa da, baina, herriko gazteen lonjen inguruko lehenengo ikerketa Gazte Asanbladak burutu zuela 2012. urtean. Orduan 37 txoko zenbatu zituzten, zeintzuetan 700 gazte baino gehiago biltzen ziren. Gazte gehienak 15-25 urte artekoak ziren eta gehiengoenetan mutilak bakarrik zeuden.

 

Urduñan, Gernika eredu

Urduñako Udalak momentuz gazte lokalen inguruko lanketa berezirik egin ez badu ere, hirian gaur egun dauden lokalen erregistroa eginda dute. Horren arabera 12 dira eta gehienak mistoak.

Udaleko ongizate arloko zinegotzia den Joselu Fernándezen esanetan “gure asmoa ordenantza bat osatzea da eta horretarako Gernikan dagoen arautegia eredutzat hartu dugu”.

Gernikako ordenantza 2011an onartu zuten eta orduan 70 bat lokal zeuden herrian. Bertako arautegia osatzeko bidean lagundu zuen enpresarekin kontaktuak hasiko dituzte hurrengo hilabeteetan Urduñatik, izan ere, “Gernikan egin zuten bezala, hemen ere lokalen jabeekin, txokoen erabiltzaileekin eta auzokideekin bilerak eta lan taldeak osatu nahi ditugu araudia osatzeko” Fernandezen esanetan. 

 

Orozkon, bitartekaritza lanak

Orozkon momentu honetan hiru lokal inguru daude. Herriko Induma Gazte Informazio Bulegoko arduraduna den eta Kultura sailean lan egiten duen Zaloa Rotaetxeren esanetan “giro ederra dago orokorrean” dauden lokalen eta auzokideen artean, hori baita Udalak duen kezka nagusia. Herrian dauden lonjen kopurua hain txikia izanda udaletik ez dute erabakirik hartu horiek erregulatzearen inguruan.

Induman ikastaro eta hitzaldi batzuk antolatu zituzten duela bi urte, sor daitezkeen arazoak konpontzeko dinamikak lantzeko. Baina ekimenak ez zuen arrakastarik izan, “egun horretan ez zen gazterik agertu, pena izan zen”. Hala ere, herriko koadrila batek Udalera jo zuen auzokoekin zaratengatik arazoak izan zituenean. Kasu horretan, Rotaetxek azaldu duenez, “bitartekaritza lanak” egin zituzten, “baina azkenean jabeak itxi behar izan zuen txokoa”.  

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide