“Eskualdeko enpresa garrantzitsu guztiek izan dituzte amiantoak eragindako heriotza kasuak”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abe. 18a, 20:49

JUANJO BASTERRA RESPALDIZA (Areta, 1963) kazetaria da eta urteak daramatza amiantoaren gaia jorratzen. Durangoko Azokan aurkeztu zuen bere lehen liburua: “Cuatro Lunas: El drama del amianto en Euskal Herria”. Pepe Rei elkartearekin argitaratu du.

Cuatro lunas” izenburua jarri diozu liburuari. Zer dela eta?

JUANJO BASTERRA RESPALDIZA (Areta, 1963) kazetaria da eta urteak daramatza amiantoaren gaia jorratzen. Durangoko Azokan aurkeztu zuen bere lehen liburua: “Cuatro Lunas: El drama del amianto en Euskal Herria”. Pepe Rei elkartearekin argitaratu du.

Cuatro lunas” izenburua jarri diozu liburuari. Zer dela eta?

Abuztuan elkarrizketa bat egin nion Kepa Fernandezi. Mesoterioma bat zuen berak, eta “lau ilargi” geratzen zitzaizkiola esan zidan. Interesgarria iruditu zitzaidan izenburu hori jartzea. Azkenean Kepa ez zen denbora hori bizitzera iritsi. Bi ilargi eta erdiren bueltan hil zen, urriaren hasieran.

Modu askotan landu da amiantoaren gaia: aspektu medikotik, sozialetik... zein ikupuntutik landu duzu zuk?

Giza ikuspegi batetik landu dut.

 

“Sufritu dutenak, sufritzen ari direnak eta sufritzen jarraituko dutenak, horiek dira niretzat gai honetako ezinbesteko protagonistak”

 

Angel Carcobak egin du liburuaren hitzaurrea. Langile Komisioetako kidea izan zen bera, eta amiantoaren aurkako borrokan oso murgildua egon da.

Lau pertsonen istorioak kontatu ditut liburuan. Begoña Vila da horietako bat, Marcos Albitreren alarguna. Wagon Lits-en (Renfek azpi-kontratatutako enpresa) hartutako mesotelioma bategatik hil zen Albitre, urtebetean. Bere istorioa nabarmendu nahi izan du, ospitalean bizi behar izan zutenagatik. Hasieran Albitreri ez zioten esan nahi izan zer zeukan, eta medikuei amiantoarekin lan egiten egon zela esan zienean (trenek amiantoa zutelako) hauek ez-entzunarena egin zuten.

Zer zeukan jakin gabe hil zen. Vilak parafina lagin batzuk hartu zituen Crucesetik, eta Bartzelonako ospitale batera joan zen. Bertan esan zioten mesotelioma bat izan zela, dudarik gabe, bere senarraren heriotza eragin zuena. Orduan hasi zuen Vilak Renferen eta Wagon Lits-en aurkako borroka, epaitegian kasua irabazi eta indenmizazioa jaso zuen arte. Istorio horrekin probatu nahi izan dudana da ospitaleko medikuak amiantoaren arazoa izkutatzen aritu izan direla.

Patxi Kortazarren kasua ere jorratzen dut. Nodular Flesic-en egiten zuen berak lan, Iurretan. Plaka pleuralak izan zituen, eta abestosisa agertu zitzaion. Bere istorioa nabarmendu nahi izan dut ez-gaitasuna aitortu eta hilabete batera ukatu egin ziotelako. Berak dio mafia bat dela amiantoaren inguruan eraikia dagoena.

Arestian aipatutako Kepa Fernandez ere azaltzen da liburuan. Amiantoarekin lan egin zuen tailer batean, eta ETAko zuzendaritzako kide izan zen baita. Kartzelan urte ugari igaro zituen, eta Segoviako ihesaldian parte hartu zuen. Interesgarria iruditu zitzaidan bere kasua, militatzen hasi baino askoz lehenago arnastu zuelako amiantoa, eta kartzelatik atera zenean agertu zitzaizkiolako sintomak.

Felix Casadoren kasua ere aipatzen dut. Arcelorren lan egin zuen. Birika bat falta zaio, eta nahiko izorratua dabil. Laudion badugu antzeko kasu bat, Enrique Aretxagarena. Berari ere birika bat kendu zioten. Berea da Envases-en argitara ateratako amianto kasu bakanetarikoa.

 

“Aipatu beharra dago jende asko dela amiantoagatik gaixotutakoa, baina izerbergaren punta baino ez da ikusten”

 

 Nik liburuan 1.464 heriotza kontabilizatu ditut Euskal Herrian, 1993tik aurtengo azarora arte. Datu erabat kontrastatuak dira, baina ez daude denak. Hori da arazo nagusia, ezkutaketa handi bat dagoela. Hori dio Angel Carcobak: afera izkutatzen saiatu direla, interes ekonomikoengatik batez ere.

Nabarmendu behar da baita diru publikoarekiko iruzur bat dakarrela honek guzti honek, gaixotasun profesional bat baduzu enpresa edo mutua arduratu behar delako pentsioa ordaintzeaz.

Enpresa ugariren izenak topatu daitezke liburuan.

Ez daude guztiak. Ezin nituen guztiak sartu, ezinezkoa zelako. Epaiketa batzuetako sententziak ere jaso ditut, adibide gisa.

Amiantoaren problematikaren gako nagusietako bat da noiztik ezagutzen den material horrek minbizia eragiten duela. Enpresariek beti diote ez zekitela horri buruzko ezer, eta horregatik ezin zutela ezer egin. Amiantoa XIX. mendean hasi zen erabiltzen, fibradun mineral hori oso baliagarria delako beroa mantendu eta estrukturak indartzeko (fibrozementua eta euralita egiten ziren material horrekin).

Baina XX. mendean Alemanian zein Ingalaterran hasi ziren konturatzen pertsonengan eragina zuela material hark. Auzitegi Gorenak dio 1940 urtean jada bazegoela amiantoaren aurrean babesa izatea xede zuen legislazio bat. Baina ez zen halako babesik eman. Hor dago gakoa, gobernuak zein enpresariek izkutzatzen dutela arazoa. Administrazio publikoko organo guztiek izkutatzen dute informazioa.

Osalanek agerraldi bat egin zuen zeinetan EAEn 2015eko lehen sei hilabteetan amiantoagatik hildakoen kopurua jakinarazi zuen. Nik 2015eko kopuru totala eskatu nien aurtengo ekainean, eta oraindik zain nago. Hala ere, datu asko biltzea lortu dugu liburuan.

 

“Izkutapen orokor bat dago, gai honek inplikazio ekonomiko zein erantzunkizun handiak eskatzen dituelako”

 

Jende asko hiltzen ari da, horietako asko zer duten jakin gabe gainera. Badaude baita amiantoagatik minbizia duela esan nahi ez dutenak ere. Drama bat da. Badago 14 urterekin lanean sartu ziren langile ugari, jubilatu osteko bizitzarekin amesten zutenak eta erretiratu baino lehen hil direnak.

Aiaraldeko hainbat kasu ere aipatzen dituzu. Zein da egoera eskualdean?

Eskualdean dauden enpresa garrantzitsu guztiek izan dituzte amiantoak eragindako heriotza kasuak. Guardian, Vidrala, Sidenor, Tubacex, Tubos Reunidos... Arazoa da 3.000 produktu baino gehiagotan zegoela amiantoa. Labeak izan dituzten enpresa guztiek erabili dute material hori.

 

“Acerosen ere asko zegoen, eta Guardianen zabortegiaren atzeko aldera botatzen zuten amiantoa”

 

Hori adierazi didate bertan lan egin duten zenbait pertsonek. ASVIAMIE amiantoaren aurkako elkarteko kide gehienak Aiaraldekoak ziren hasiera batean. 80 epaiketa irabazi ditu elkarte horrek 2004an sortu zenetik.

1935 urtean fibrozementuzko plakak debekatu zituen garaiko Eskolen Eraikuntzarako Bulego Teknikoak, Huescako eskola batean topatutako arazoengatik. Baina negozioaren presioak lege hori urte berean kentzea eragin zuen. Orduz geroztik makina bat eraikuntzetan erabili da, Latiorro Eskolan kasu. Britainia Handian eskolen % 80a dago amiantoarekin eraikia, oso material erabilgarria dagoelako.

Orduan bi arazo daudela esan daiteke: amiantoarekin lan egin duten langileena eta amiantoarekin eraikiak dauden azpiegitura eta eraikuntzena.

Hala da.

 

“Oso garrantzitsua da eraikinetan dagoen amiantoa kentzea. Baina hori ez da ia inon egin. Hor dugu Latiorroko Eskolaren kasua”

 

Novotec arduratu zen Laudioko udal-eraikinetako amiantoaren inbentarioa egiteaz. Enpresa horrek eginiko txostenean esaten da teilatuaren azpian fibrozementuzko plakak daudela.

 

“Ez da amiantoa kendu, izkutatu egin da. Hor dago”

 

Hortaz gain, eskolako beste zenbait tokitan ere amiantoa zegoen (jardineretan, adibidez), eta enpresako kideek ez zuten ikusi. Udalak dio udan kenduko duela, ordura arte arriskua bere horretan utziaz. Hipokresia asko dago gai honekin.

Bilboko Gran Viako BBVAren egoitzan edota zenbait ospitaletan ere dago amiantoa.

Zer nolako eragina izango du arazo honek guztiak etorkizunean?

Handia. Estatu Espainiarrean 2001an debekatu zen amiantoa. Urte hartan material horrekin lan egiten zegoen langile batek baliteke sintomarik ez nabaritzea hemendik eta 50 urtera arte. Hori da arazoaren funtsa: amianto fibra batzuk arnasten dituzunean hauek zure gorputzean geratzen dira, eta baliteke ezer ez gertatzea. Baina baliteke baita hamarkada batzuk beranduago tumore bat garatzea. Hori da enpresariek izan duten abantaila: jendea urte asko beranduago hasi dela hiltzen.

Oso merkea zelako erabiltzen zen amiantoa. Orain apur bat garestiagoa da, leku askotan debekatu delako. Hala ere, Europar Batasunean oraindik sartzen dira amiantoa duten zenbait gauza, urerako kloroaren hodietako diafragmetako batzuk, adibidez.

EAEko eta Nafarroako kongresuek proposamen bat onartu dute konpentsazio fondo bat sortzeko amiantoagatik kaltetutakoentzako. Proposamena Espainiako Kongresuan tramitatu da, eta laster bozkatu beharko dute.

 

“Debekuak debeku, ekoizpena ez da txikitu. 2 milioi tona inguru produzitzen dira urtean. Beste herrialde batzuetara eramaten ari dira orain heriotza”

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide