aiaraldea.eus

Langabezia bikoiztu da eta prekarietatea gorantz doa Aiaraldean

Erabiltzailearen aurpegia Juanjo Basterra Respaldiza   Ekonomia  Aiaraldea
Langabezia bikoiztu da eta prekarietatea gorantz doa Aiaraldean

Aiaraldean 2011ko langabezia eta kontratazioen arloan egindako balantzeak agerian jartzen du eskualdean krisi ekonomikoak duen sakontasuna. Izan ere, hazkunde ekonomikoa gertatu zen azken urtetik hona, 2007tik alegia, langabetuen kopurua bikoiztu egin da.

Aiaraldean 2011ko langabezia eta kontratazioen arloan egindako balantzeak agerian jartzen du eskualdean krisi ekonomikoak duen sakontasuna. Izan ere, hazkunde ekonomikoa gertatu zen azken urtetik hona, 2007tik alegia, langabetuen kopurua bikoiztu egin da.

Hala, 2011. urtearen amaieran, 2.823 langabetu zeuden Aiaraldean, eta 2077an, berriz, 1.259. Horrek esan gura du lau urtetan %107,72ko hazkundea egon dela. Era berean, kezkatzekoa da iaz sortutako enpleguaren kalitatea. Guztira 17.451 kontratu sinatu ziren, baina 100tik 95 aldi baterakoak izan ziren. Horrek argi erakusten du prekarietateak gero eta pisu handiagoa duela gure eskualdeko enpresa-sarean. Kontratuen batez besteko iraupena 31 egunekoa izan zen.

Larria eta kezkatzekoa da Orozko eta Urduña prekarioenak izatea, izan ere, batez beste 7 eta 12 eguneko iraupena duten kontratuak sinatu ziren hurrenez hurren.

Laudion langabetu gehien

Aiaraldeko udalerriei dagokienez, langabeziak hazkunde handia izan du, %104koa baino handiagoa, Aiara, Amurrio, Arakaldo, Okondo eta Urduñan. Laudion, lau urte hauetan langabeziak %92,8 egin du gora, eta une honetan langabetu gehien duen udalerria da, 1.288 hain zuzen ere.

Ondoren, Amurrio dugu, 720 langabeturekin, krisia hasi zenean baino %127,13 gehiago. Kasu horretan, krisiaren aurretiko (2007) langabezia-tasa eta oraingoa konparatuz gero, argi ikusten da udalerri guztietan ia bikoiztu egin dela. Ehunekoetan adierazita, Laudio da langabetu-portzentajerik handiena duena, %15,86, eta ondoren Amurrio, %14,90rekin.

Jarraian, Arakaldo (%14,89) eta Urduña (%14,55) agertzen dira. Horiek guztiak Hego Euskal Herrian 2011n izan zuen langabezia-tasatik gora daude (%14,03). Europar Batasunean soilik Espainiako estatua, Grezia, Lituania, Letonia eta Irlandak dute langabezia-tasa handiagoa.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste udalerri batzuekin konparatzen badugu, Laudiok duen langabezia-tasa zerrendako hamazazpigarren lekuan legoke, Sestaok duen %22,56tik urrun, bai eta Balmasedak (19,88%) eta Alonsotegik (19,50%) dutenetik ere. Araban Oion (%18) eta Agurain (%16,35) baino ez daude Laudioren aurretik.

48 kontratazio eguneko

Aiaraldean iaz 48 kontratu sinatu ziren, baina horietatik 100tik 5 baino ez ziren mugagabeak izan. Guztira, 17.451 kontratu izenpetu ziren, eta 693 baino ez ziren finkoak izan. Laudion (358) eta Amurrion (174) sinatu zen kontratu finko gehien. Alderdi negatiboan, deigarria da Orozkon eta Urduñan 2011ko ia kontratazio guztia (%99,9 eta %99,18 hurrenez hurren) aldi baterako izan zela.

Egoera horrek agerian jartzen du bi udalerri horietan dagoen prekarietatea. Baina prekarietatea oro har Aiaralde osoan gertatzen da, aldikotasun-tasa sinatutako kontratu guztien %95,20koa izan baitzen.

Generoari dagokionez, izenpetutako kontratu guztietatik, %34 besterik ez zen emakumeentzat izan. Horrek egoeraren larritasun handitzen du. Kasu horretan, nabarmendu behar da prekarietatetik handiena duten udalerrietan (Urduña eta Orozkon) kontratu gehienak emakumeekin sinatu zirela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa