aiaraldea.eus

Camembert helburu

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon Quintana

Arteaz hitz egiten digu Jon Alonsok. Arteak sortzen duen liluraz, arteak eragiten duen hausnarketaz... baina baita artearen inguruan sortzen den negozioaz ere. Izan ere, liburuaren protagonista Enekoitz Ramirez da, iruzurgile bat, faltsifikatzaile profesionala. Enkargu bitxi bat jasoko du: Toulouse-Lautrec artista ezagunak margotu omen zuen baino inork sekula ikusi ez duen bodegoia pintatzearena. Bodegoiaren izena Natura hila Camembert-platera, edalontzia eta labanarekin da, eta hortik dator, beraz, liburuaren izenburua.

Arteaz hitz egiten digu Jon Alonsok. Arteak sortzen duen liluraz, arteak eragiten duen hausnarketaz... baina baita artearen inguruan sortzen den negozioaz ere. Izan ere, liburuaren protagonista Enekoitz Ramirez da, iruzurgile bat, faltsifikatzaile profesionala. Enkargu bitxi bat jasoko du: Toulouse-Lautrec artista ezagunak margotu omen zuen baino inork sekula ikusi ez duen bodegoia pintatzearena. Bodegoiaren izena Natura hila Camembert-platera, edalontzia eta labanarekin da, eta hortik dator, beraz, liburuaren izenburua. Enkargua betetzeko, baina, hamaika pasadizo eta komeria biziko ditu protagonistak, eta egileak hain gustuko duen tonu esperpentikoa hartuko du tramak.

Baina gorabehera horietaz gain, Toulouse-Lautrecez ere luze hitz egiten digu Alonsok. Nabari da, bai, egileak dion miresmena. Putak, putetxeak eta kabaretak margotu zituen pintorea da Toulouse-Lautrec. Haren meritua XIX. mendearen amaierako gizarte burgesak baztertzen zituen pertsonak eta giroak artelanetako gai bilakatzea izan zen. Putei duintasuna eman zien. Hori da, oro har, hari buruz dugun ikuspegia. Kontua da, Jon Alonso harago doala, eta Toulouse-Lautrec arte garaikidearen garapenean funtsezkoa izan zela aldarrikatzen duela. Are gehiago, zinemaren beraren sorreran ere zeresan handia izan zuela azaltzen du, mugimendua pintatzeko zuen moduak ateak ireki zizkielako adierazpide-forma berriei.

Hortaz, liburu hau hibrido bat dela esan dezakegu. Ez da nobela hutsa. Egilearen beraren hitzetan, “nobelaz mozorrotu den saiakera bat” da. Halaxe da, bai. Batetik, Jon Alonsok Toulouse-Lautrec omendu nahi izan du, eta haren bizitzari eta lanari buruzko azterketa zorrotza idatzi du, eta, bestetik, eleberri bikaina josi du, ezustez betetako argumentu batek lagunduta.

Artea eta literatura ezin hobeki uztartzen ditu Jon Alonsok. Beraz, literaturzaleei ez ezik, artea gustuko dutenei ere gomendatzen diet Camembert helburu. Halaber, Toulouse-Lautrec ezagutzen dutenei, hari buruz gehiago jakiteko bide emango die liburu honek, eta ezagutzen ez dutenek, berriz, artearen historian izan den biografia gogor eta interesgarrienetako bat deskubrituko dute.

Bide batez, Toulouse-Lautrec Albin jaio zen eta hango museoan daude, gaur egun, haren obra gehienak. Albi Toulousetik gertu dago, Euskal Herritik lauzpabost ordura. Hiri eder-ederra da, asteburutxo bat igarotzeko oso aproposa, eta irakurleari eleberrian agertzen diren hainbat toki ezagutzeko aukera emango diona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa