aiaraldea.eus

Jose Antonio Merino: "Burgosek eta Kantabriak txakolin izena erabiliko balute, horrek kalte handia eragingo lioke jatorri izendapenari"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon Quintana  Aiaraldea

Burgosek eta Kantabriak txakolin izena erabili nahi dutela-eta, polemika sortu da azken aldian. Gure eskualdean txakolin ugari ekoizten da, eta horregatik aiaraldea.com-ek Arabako Txakolina Jatorri Izendapeneko zuzendari-gerente Jose Antonio Merinorekin hitz egin du, erakunde horrek gaiari buruz duen iritzia ezagutzeko.

Burgosek eta Kantabriak txakolin izena erabiliko balute eurek ekoizten duten ardoa izendatzeko, horrek zer ondorio izango lituzke?

Burgosek eta Kantabriak txakolin izena erabili nahi dutela-eta, polemika sortu da azken aldian. Gure eskualdean txakolin ugari ekoizten da, eta horregatik aiaraldea.com-ek Arabako Txakolina Jatorri Izendapeneko zuzendari-gerente Jose Antonio Merinorekin hitz egin du, erakunde horrek gaiari buruz duen iritzia ezagutzeko.

Burgosek eta Kantabriak txakolin izena erabiliko balute eurek ekoizten duten ardoa izendatzeko, horrek zer ondorio izango lituzke?

Ondorioak larriak izango lirateke. Izan ere, iragarri dute haien ardoa merkeagoa izango dela, eta merkeagoa izango litzateke, hain zuzen, kontrolik eta inspekziorik gabe ekoitziko luketelako. Horrek, beraz, kalte handia egingo lioke Txakolinaren Jatorri Izendapenari eta azken urteetan egindako lanari. Kontuan izan behar da, txakolina, lehen, oso ardo txarra zela ("vinagrillo" esaten zioten), baina, egun, sona handia duela mundu osoan zehar. Esaterako, Robert Parker kritiko ezagunak 90 puntu eman dizkio Amurrioko Xarmant txakolinari. Egindako lana eta inbertitutako dirua fruituak ematen hasi denean, beraz, egoeraz aprobetxatu nahi dute.

Noiz hasi zen istilua?

Gaia puri-purian dago azken asteotan, baina guk 8 urte inguru daramatzagu jakinarazpen notarialak bidaltzen, txakolin izena erabiltzeari utz diezaioten eskatzeko, ez baitute izen hori erabiltzeko inolako eskubiderik. Kasu askotan auzibidea bertan behera geratu da, baina prozesu batzuek aurrera jarraitzen dute. Guk, behintzat, ahal dugun guztia egingo dugu geurea defendatzeko, eta kasu honetan, hori egiteko bidea epaitegiak dira. Txakolinaren kontseilu arautzaileei dagokie iruzurrari aurre egitea, eta horretan ari gara lanean.

Ba al dago desberdintasunik Euskal Herrian edo Burgosen eta Kantabrian egiten den txakolinaren artean?

Hasiera batean bai. Baina gerta liteke, mahats mota eta ekoizpen-metodo berberak erabiltzea. Esan nahi dut, ardo zehatz bat ekoizteko behar diren prozedurak ezagutuz gero, enologo batek edozein ardo imitatu dezake.

Dena den, kontuan izan behar da, hemen, Euskal Herrian, hiru txakolin daudela, eta haien artean ere desberdintasunak daudela. Kostaldean egiten dena ez da barnealdekoa bezalakoa.

Zer behar du txakolin batek jatorri izendapena eskuratzeko?

Jatorri izendapena lortzeko prozesua luzea eta konplexua da. Pentsa, gu 1988an hasi ginen lanean eta 2002an lortu genuen jatorri izendapena. Eskubide historikoak eduki behar dira, ekoizpen-sektorea, sona eta gizartearen onespena... Egiaztatu behar duzu markak eta sektoreak historia dutela, antzina ere ezagunak zirela, eta, horren ildotik, zergatik desagertu zen eta hura berreskuratzeko zer arrazoi dauden zehaztu.

Burgosek eta Kantabriak eskuratu ahalko lukete jatorri izendapena? Zer arau bete beharko lituzkete?

Haiek ardoa ekoizteko eskubide historikoak dituzte, noski, antzina ere ekoizten zutelako. Mendeetan zehar "vinagrillo"ari "chacolí deitu izan diote, baina horrek ez die marka hori erabiltzeko eskubiderik aitortzen. Agerikoa da hitzak, etimologiaren aldetik, euskal erroa duela. XVII. eta XVIII. mendeetako idazkietan, haien eremuan chacolí hitza erabiltzen zela ikus daiteke. Baina horrek ez du deus esan nahi, bakarrik adierazten digu horrela izendatzen zutela Bilbon eta inguruko kostaldekoko herrietara saltzera eraman zuten ardo txarra. Hau da, egin ditzatela euren ardoa, bai, baina beste izan batekin.

Argi utzi nahi dut kontu hau. Egungo araudia beteko balute, chacolí/txakolin izena erabili ahalko lukete, jakina. Kontua da, baina, hori ezinezkoa dela, batetik, ez daudelako gure erkidegoko jatorri-izendapenen babesguneren batean, eta, bestetik, hemen dauden hiru jatorri izendapenak gogor borrokatuko garelako horri gerta ez dadin.

Nola saihestu daiteke izenaren erabilera?

Jatorri izendapen bakoitzari dagokion dekretua baliatuta. Dekretu horietan, eta Europako legedian ere, ezarri da egungo hiru jatorri izendapenek soilik erabil dezaketela txakolin izena. Horrenbestez, ardo arruntak izen hori erabilita ekoitzi eta merkaturatzea Europako, Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko legediak jatorri izendapen erregistratua duten ardoei aitortzen dien babesaren aurkakoa izango litzateke.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Anonimoa Erantzuna | #1

Argitze aldera, punturen bat:

CHACOLÍ eta CHACOLíN hitzak normaltasun osoz erabili izan dira Burgos eta Cantabrian historian zehar. Aiaraldean edo Bizkaian bezala. Alde horretatik guk, aiaraldekook, ez gara inor "euren izen" baten erabilera normala debekatzeko. Paralelismo bat eginda, hori izango litzateke gipuzkoarrok guri hitz horren erabilera debekatzea bezala.

Bestetik, ez dago batere garbi hitz hori euskaratik datorrenik. Beraz, ez da "hain gurea". Ikerketek eta dokumentazio-urteek honetara garamatzate: gaskoiaraz sortu zela Akitania aldean eta gero guregana hurbildu zela Gipuzkoatik. Ekialdetik Mendebalderantz.
Eta Aiaraldeko txakolingileek euskarari heldu nahi badiote, hobe lukete konplexurik gabe TXAKOLIN euskarazko hitza erabiltzea eta ez "Txakoli" trabestitu hori, ohi bezala. Gogora dezagun izendapen bakarrak TXAKOLIN (euskaraz) eta CHACOLÍ (gazteleraz) direla. Ez dago EH osoan "txakolin" hitza euskaraz erabiltzen ez duen euskaldunik.

Beste kontu bat da negozioen mundua. Poderoso caballero es don dinero... Baina ez dezagun historia eta euskara modu hutsalean erabil.

Mila esker eta talka ugari Aiaraldeko txakolin gozoararekin.

FM

Erabiltzailearen aurpegia FM Erantzuna | #2

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide Erantzuna | #3

Erabat ados FMrekin, eta Merino jaunak berak aitortzen du elkarrizketan eskubide osoa daukatela Burgosen edo Kantabrian "chacolí" izendapena erabiltzeko. Historia eta hizkuntza aldetik ez dago eztabaidarik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa