aiaraldea.eus

Alerta laranja ezarriko dute bihar euriteen ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia Jon Apodaka Saratxo  Aiaraldea
Alerta laranja ezarriko dute bihar euriteen ondorioz

Eusko Jaurlaritzako Emergentzia eta Babes Herritar Zerbitzuak prebentzio neurriak hartzeko oharra transmititu du.

Eusko Jaurlaritzako Emergentzia eta Babes Herritar Zerbitzuak prebentzio neurriak hartzeko oharra transmititu du.

Hainbat egunetan izandako eguraldi txar honen arrazoien artean hainbat faktore daude. Alde batetik, gure latituderaino aire hotzeko masa bat hurbildu da ezegonkortasuna sortuz. Bestalde, Mediterraneoan sortarazitako ekaitza, hezetasunez kargaturiko fronte okluitu bat ekarriko du asteazkenerako Euskal Herrira. Eta azkenik, iparraldetik (itsasotik) etorritako haizeek hezetasun handia ekarriko dute. Fenomeno guzti hauek baturik, azken egunetako egoera meteorologiko euritsuak gertatu dira eta adituen ustetan, gaur eta bihar, 60 l/m2 eta 80 l/m2 prezipitazioak izan daitezke.

SOS-Deiak 112 eta Herrizaingo Sailetik egoeraz jakinarazi dute, eta emergentzia-zerbitzuei eta EAEko enpresa publikoei alerta luzatu diete hartu beharreko prebentzio neurriak har ditzaten.

Hori dela eta kontu handiz ibili beharra dago errepidean eta ibai ibilguen ondoan datozen orduotan.

Eguraldi iragarpena (Euskal Meteorologia Agentzia):

Gaur, asteartea, hilak 15:

Kantauri isurialdeko zenbait puntutan euriari dagokion abisu horia 00tik UTC 24ra UTC. Kantauri isurialdeko zenbait puntutan, 24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pilatzeko probabilitatea txikia da. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta handiak izateko probabilitatea txikia da. Txingorra egiteko probabilitatea handia da.

Asteazkena, hilak 16:

- Kantauri isurialdeko zenbait puntutan euriari dagokion abisu laranja 00tik UTC 24ra UTC. Kantauri isurialdeko zenbait puntutan, 24 ordutan 80 l/m2 baino gehiago pilatzeko probabilitatea handia da. Zaparrada ertain-handiak eta iraunkorrak botatzeko probabilitatea handia da eta oso handiak izateko probabilitatea txikia da. Trumoi-ekaitzak izateko probabilitatea txikia da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa