Etxerako lanak, haur eta nerabeen hezkuntzari gehitutako zama

Txabi Alvarado Bañares 2017ko api. 23a, 19:39
Ume baten etxekolanak / Jolas eta solas

Onak al dira etxerako lanak ume eta nerabeen hezkuntzarako? Ondorio negatiboak ote dituzte? Beste mota bateko ariketa edo dinamikak planteatu beharko lirateke? Itziar Urkijo eta Koldo Gilsanz adituen arabera, gabezia ugari du gaur egungo hezkuntza sistemak.  

“Etxerako lanak ez dira ezinbestekoak”. Argi du Koldo Gilsanz psikologo amurrioarrak. “Baliagarriak izan daitezke baldin eta ikasleen autonomia eta lan gaitasuna areagotzen laguntzen badute”, azaldu du, baina gaineratu du gaur egun lagungarri izatetik urrun daudela, “bigarren mailako ondorioak” dituztelako. “Etxerako lanak eta eskolatik kanpoko ekintzak direla kausa, Lehen Hezkuntzako haur batzuk 10-11 orduko jardunaldiei aurre egiten diete egunero”. Horrek “nekea eta saturazioa” sortzen ditu, haren ustez: “Kontzentrazioa gutxitzen da eta haurren berezko jakin-mina ito”. 

Unibertsitatean ikusten ditu amurrioarrak horrek dakartzan ondorioak. “Unibertsitatera heltzen diren ikasleen heldutasun maila geroz eta baxuagoa da: tutoretzetara gurasoak lagunduta iristen direnen kasuak areagotu dira”. Horregatik, etxeko lanak, “lagungarriak” baino, “oztopo” direla pentsatzen du psikologoak. 

Harekin ados dago Itziar Urkijo Cela psikopedagogo laudioarra: “Ez du zentzurik klasean kudeatu ezin izan den teoria etxera bideratzeak”. Gakoa “metodologian” dagoelaz ziur dago: “Gaur egungo hezkuntza sistema oso oinarritua dago konduktibismoan, galdera bati erantzun bat ematean. Industrializazioko prozesua imitatzen dugu: geroz eta gehiago ekoiztea dugu helburu”. 

 

Badaude alternatibak

Etxeko lanekiko alternatibak garatu daitezkeela ziurtatu dute biek ala biek. Hezkuntza sistemak “hainbat alderdi” zaindu beharko lituzke, Gilsanzen aburuz: “Lehenik eta behin, irakasleen arteko koordinazioa egon beharko da etxerako lanen karga erregulatzeko”. Haurren interesetan oinarritzen diren gaiak lantzea funtsezkotzat du, ordea, Urkijok. “Lehen Hezkuntzan gelan eta haien bizipenekin harremana duten edukiak landu beharko dira”, azaldu du, “Bigarren Hezkuntzan, ordea, heldu arora bideratutako egoerak planteatu ahalko lirateke”. 

Metodologia proposamenak

Urkijok, bere aldetik, teoria praktikarekin uztartzea proposatu du:“‘Flipped classroom’ izeneko metodologia baliatzen da Finlandian; irakasleak klasean emango duen teoria guztia ikus-entzunezko formatuan bideratzen da etxera, gero klasean modu praktikoan lantzeko”.

Beste bi ideia plazaratu ditu Gilsanzek. Klaseko ordutegiaren barruan “lan autonomorako tarteak” uztea da bat: “Modu horretan ziurtatu egiten  dugu lanerako giroa eta baldintzak ematen direla,  eta ikasleek beraien prozesuaren erantzukizuna hartzen dute”. Beste proposamena etxerako lanen zati bat “aukerazkoa” izatea da, “autonomia sustatu eta ikasleen interesak kitzikatzeko”. 

Hala ere, etxeko lanik gabe ere funtzionatu ahalko litzatekeela erantsi du Urkijok. “Gaur egun existitzen dira etxeko lanik gabeko metodologiak dituzten hezkuntzak”, azaldu du. 

“Eskola libre eta demokratikoak” jarri ditu Gilsanzek horren adibide gisa. “Ikasleek beraien erritmora ikasten dute eskola horietan, beraien interesei jarraituta. Proiektuka egiten dute lan, eta horietariko batean sakontzeko gogoa izanez gero, etxera eraman dezakete lana, haien aukera da”. 

 

Zer egin dezakete gurasoek?

Bi adituek nabarmendu dute gurasoen egitekoa oso garrantzitsua dela. “Askok euren gain hartzen dute eskolako lanen erantzukizuna”, zehaztu du Gilsanzek, “ eta modu horretan ez da ikasleen autonomia sustatzen”. 

Zentzu horretan, etxerako lanetan “esku hartzerik ez egitea” gomendatzen die Urkijok helduei. “Etxerako lanak gurasoek egiten badituzte, pilota handitu egingo da. Seme-alabek ebatzi behar dute  etxeko lanak egiteko gai diren edo ez”.  

Gurasoen eginbehar garrantzitsuena beste bat dela defendatzen du Gilsanzek: “Umeak haur gisa jolasteko denbora librea duela bermatzea. Guraso batzuk kexatzen dira ez direlako gai sentitzen seme-alabei hainbat lanekin laguntzeko”, adierazi du, ”baina gurasook beti lagundu dezakegu nola edo hala: motibazioa sustatzen, frustrazioak nola kudeatu irakasten edota seme-alabek eginiko ahaleginak baloratzen, esate baterako”. 

“Etxeko lanen tradizioa hor dago, eta ez da egun batetik bestera aldatuko”, dio Itziar Urkijok. Edozelan ere, baikorra da psikopedagogoa. “Etxeko lanak ez dira beti existitu, eta ez dut uste betirako existituko direnik”. Hortaz, hezkuntza eta heziketa sisteman bada zer hausnartu eta aldatua. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide