Kaleak haurrentzat berreskuratzeari ekin diote Urduñan eta Orozkon

Erredakzioa 2017ko api. 30a, 07:00
Orozkoko ikasleak eskolara bidean. / Garazi Abrisketa

Eskola Bidean proiektua garatzen ari dira Orozkoko Eskolan eta Urduñako Herri Ikastetxean. Haurrak ikastetxera euren kabuz joateko ibilbideak diseinatzean datza proiektua.

Fenomeno berdina gertatzen da Aiaraldeko ikastetxe askotako sarreretan: auto eta jende pilaketak daude egunero, gurasoak euren seme-alabak eskolara eramaten dituztenean. “Askotan heldu gehiago daude haurrak baino”, azaldu du Garazi Abrisketa hezitzaileak.

Eskola Bidean proiektuan buru belarri dabil zolloarra. Euskal Herriko hainbat ikastetxetan dago abian ekimena, Guraso Elkarteek eskatuta. Aiaraldean momentuz bi dira egitasmo hori hasi duten zentroak: Orozkoko Eskola eta Urduñako Herri Ikastetxea. “Bide seguru batzuk” diseinatzea da Eskola Bidean programaren xedea, “haurrak eskolara euren kabuz joan daitezen”. Francesco Tonucci psikopedagogo italiarraren teorietan oinarritutako proiektua da. “Berak defendatzen du hiriak gizon zuri langileentzako eta autoentzako tokiak bihurtu direla,
eta haurrentzako kaleak berreskuratu behar direla”, adierazi du.

Bi fase
Bi fase ditu ekimenak. Eskolara joateko bideak identifikatzea da lehena. Lehen Hezkuntzako ikasleekin bildu da Abrisketa horretarako. “Eskolara joateko zer bide egiten duten markatzen dute haurrek herriko mapa batean. Bide horretako zein puntu gustatzen zaizkien, eta zeintzuk ez, zehazten dute ondoren”.

Eskolara joateko bide komunak identifikatzen dituzte horrela. “Umeei gustatzen zaie eskolara bakarrik edo lagunekin joatea, euren autonomia garatzeko balio du”. Komunitatearen inplikazioa. Bigarren fasea gauzatzeko kalera irten dira haurrak, eskolaraino egin behar duten bidea “in situ” ikusteko. “Helduek oso modu abstraktuan ulertzen dituzte haurren beldurrak, umeak askoz konkretuagoak dira, zehatz mehatz esaten dute bideko zein tokitan ikusten duten arriskua”. Identifikatutako traba edo arrisku horiek komunitatearekin (irakasleekin, herriko
merkatariekin...) alderatzen dituzte gero, eskolako bidea seguruago egiteari begira egin daitezkeen moldaketak iradokitzeko.

“Behin hori eginda, udalera joatea da asmoa, bideetan egin beharreko obrak planteatzeko”. Urduñako Herri Ikastetxean lehen txanpan daude, ikasturte berrian ekingo diote bigarrenari. Orozkoko Eskolan, aldiz, bigarrenera iritsi dira dagoeneko, eta irailerako amaitzea aurreikusi dute.

Eskolara joateko bi bide diseinatu dituzte Orozkon, eta Urduñan ere beste bi sortuko dituztela aurreikusi du Abrisketak. Hezitzaileak nabarmendu du egitasmoa aurrera ateratzea ez dagokiola soilik eskolari, “komunitate osoa inplikatu behar da proiektuan, herrigintza egiteko modua da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide