Gerrako bonbardaketetan hildakoen omenaldia, Trail lasterketa, zumba... ekintza berriak Aretako Jaietan

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko uzt. 17a, 07:00
Herri bazkari eta gastronomia txapelketaz gain, kirolaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere egongo da. / Aiaraldea.eus

Berrikuntza ugari egongo dira Aretako jaietan. Asteartean izango da asto lasterketa, eta hiru ekintza berri jasoko ditu egitarauak: Areta Traila, zumbatloia eta giza probak. Pregoiak, berriz, memoria historikoa izango du ardatz, 80 urte igaro baitira Gerra Zibilean Areta bonbardatu zutenetik. Adinekoak izango dira protagonista nagusi, beraz. 

Urte berezia da aurtengoa. Ez Aretako jaiek zazpi egun iraungo dutelako bakarrik; baita 80 urte bete direlako Gerra Zibilean Areta bonbardatu zutenetik ere. “Ekainaren 19an sartu ziren frankistak Laudiora eta Arrankudiagara. Neba-arreba batzuek granada hartu eta etxera eraman zuten”, gogoratu du Jai Batzordeko kidea den Andoni Gorostiagak.

Hiru senideak hil ziren leherketaren ondorioz. Hori dela eta, gerran zendu zirenak eta egun bizirik daudenak omenduko ditu pregoiak: “Saiatuko gara bakan batzuk biltzen balkoiaren inguruan, horiek izango dira pregoiaren protagonistak. Ez dago jaiak baino momentu egoki edo goxoagorik norbait omentzeko”.

Orduko lekukoen arabera, Aretako tren geltokitik Anuntzibai ingurura iritsi ziren eztandaren hondarrak. Horregatik dute oroimena berreskuratzea helburu, Aretako eliza eta zubia zeharo apurtu baitziren  gerran, besteak beste.

Uztailaren 21etik 27ra izango dira Aretako festak. Ostiralean 18:00etan “sokarekin” lotuko dituzte Laudio eta Areta, 19:00etan txupina jaurtitzeko. Hala, uztailak 27 arte adin guztientzat egongo dira ekintzak.

Kontzertuak
Musika emanaldiak ere zehaztu dituzte: Siroka, Egurra ta kitto zein Akerbeltz taldeak taularatuko dira ostiralean; eta Kao Etiliko, Radio Revolución eta Garilak 26 larunbatean. Astelehenean, Igor Arzuagak “Mara” izen artistikoarekin eta gonbidatu bereziekin eskainiko du emanaldia.

Bestalde, berrikuntzen artean daude Areta Traila, giza probak edo  uztailaren 24ko “gaubela”, parrillada eta zuzeneko musika uztartuko dituena.

Horrez gain, uztailaren 25ean -asteartea- zumbatloia egingo dute: “Izaskun del Cerro urduñarrak ‘El Conquis’ telebista saioko Ismari bota dio erronka, eta abentura programako kideak ere etorriko dira”.

Asto lasterketa, asteartean
Bestalde, nobedadeen artean, asto lasterketaren egun aldaketa nabarmendu dute Jai Batzordeko kideek. Igande goizean burutu da gaur arte, baina Aretako lehen traila egingo dute horren ordez, baita giza probak ere. “Orain arte asto lasterketak zuen protagonismo handiena, baina hemendik aurrera bi kirol proba egongo dira: traila eta giza probak. Aretako jendearekin herri bazkaria eta dantza plaza izango dugu ondoren”, erantsi du Unai Llanok. Abereei lotutako jarduera gehiago ere egongo dira, artzain txakurren lehiaketa egingo baitute Santa Anako zelaian uztailaren 22an, larunbatean. Era berean, auto klasikoen erakusketa ere jasoko du herriak, tren geltokiko aparkalekuan egongo baitira ibilgailuak ikusgai uztailaren 22an.

Egungo bizi ohiturak ikusita, modan daude dantza eta kirola. Horregatik uztartu dituzte Aretako jaien egitarauan, antolatzaileen arabera. Dena den, tradizioari jarraiki, ez da faltako jan eta edateko aukerarik, ezta gastronomia lehiaketarik ere.

Kirol jarduerak
Edozelan ere, osagai berriak izango ditu aurtengo programak. Eskupilota partidak eta Alpitxura mendi irteera ziren kirol jarduera nagusiak orain arte. Alabaina, hemendik aurrera, herri kirolak eta Aretako Traila gehituko dizkiote egitarauari. Uztailaren 23an egingo dute mendi lasterketa, eta 12.5 kilometroko ibilbidea izango du, 750 metroko desnibelarekin. 10:00etan abiatuko dira lasterkariak Aretako parkeko zubitik.

Bestalde, frontoian egingo dituzte pilota partidak: ostiralean -uztailak 21- kadete eta gazteenak, eta Santiago egunean -uztailak 25- eskolartekoenak.

Halaber, Arabar bolo txapelketa egingo da parkean uztailaren 22an. Hilaren 26an, berriz, Alpitxura mendi ibilaldia antolatu dute, seigarrenez.

Dantzatzeko aukera
Formatu ugari prestatu dute ingurua dantzan jartzeko Aretako Jai Batzordeak eta Santa Ana Gizarte Etxeak. Horren adibide da dantza-plaza sorta, kontzertuez gain, bi egunerik behin egongo baita mota horretako jardueraren bat: uztailaren 21ean dantza-poteoa egingo du Untzueta taldeak, 23an dantza-plaza egongo da herri bazkariaren ondoren, 26an Orozkoko Ubixeta dantza taldeak eskainiko du emanaldia, eta 27an “zumbatloiarekin” itxiko dituzte festak.

Horrez gain, makina bat lehiaketa gastronomiko proposatu dute. Esaterako, uztailaren 22an marmitako txapelketa egingo dute; eta 25ean -Santiago eguna- paella eta patata tortillena. Umeek egun eta ekitaldi propioa izango dute, uztailaren 27an -Santa Anatxu eguna-, haurren gastronomia tailerraren barruan, bazkarirako janaria prestatuko baitute.

Ekitaldi bereziek ere izango dute tokia. Auto klasikoen hirugarren erakustaldia izango da ekimen bitxietako bat. Uztailaren 22an goiz osoz kokatuko dituzte ibilgailuak tren geltokiaren aldameneko aparkalekuan.

Umeek ez ezik, edadetuek ere izango dute egitarau propioa, Santa Ana Gizarte Etxeak hamaika ekitaldi egingo baititu festetan: dantza erakustaldiak, berbena, umeentzako txokolatada... Hortaz, hiru festa gune egongo dira Aretan: txosnagunea, Santa Ana Gizarte Etxea eta Kultur Etxea. Gozatu nahi duenak, beraz, hamaika aukera izango ditu uztailaren amaiera aldera Aretan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide