Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Zerbait ezberdina sumatu daiteke gure diskoan, gaur egun entzuten ez dena”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko abu. 2a, 11:59
Etenik ez taldeko kideak, artxibo irudi batean.

Bere lehen diskoa plazaratu du Aiaraldeko ETENIK EZ taldeak: “Zeruak sutan”. Amurrioko Jaietan aurkeztuko du, abuztuaren 14ko gauean.

Talde nahiko gaztea da zuena. Nola sortu zen? Zer nolako bilakaera izan du orain arte?
Duela bi urte hasi ginen mundu honetan. Bakoitzak talde ezberdinetan jotzen zuen eta musika estilo berdina gustuko genuenez, guztiok azkenean zerbait sortzea erabaki genuen, eta horrela hasi ginen.

Bilakaera ordu asko sartu ondoren ikusi egin dugu, aurrera gabiltza eta apurka gora goaz gure izena zabaltzen.

Nola definituko zenukete zuen musika estiloa? Zer nolako eraginak dituzue?
Gure estiloa oso argi daukagu, gaur egun ikusten ez den estilo zaharra, hau da, trash metal. Horren ondorioz gure eraginak izan dira 80ko hamarkadako talde izugarrienak eta gure inguruko taldeak, haien artean, Metallica, Iron Maiden, Koma eta Su ta Gar etab.

Nolakoa da zuen abestien sorrera prozesua?
Lehengoz, guztiak elkartzen gara eta riff gitarra bat oinarri bezala edukita, hasten gara musika egiten. Pixkanaka bateria eta baxua sartzen dira eta, azkenik, letra sortzen da.

 

“Ordu asko igaro ditugu estudioan sartuta garagardo botilekin batera. Oso pozik geratu gara emaitzarekin”



"Zeruak Sutan" maketa plazaratu berri duzue. Nolakoa izan da grabaketa prozesua?
Grabaketa berebiziko esperientzia izan da. Ordu asko igaro dugu estudioan sartuta garagardo botilekin batera. Emaitzari begira, oso pozik atera gara. Dena ondo entzun ondoren konturatu gara gure esentzia azaltzen dela bertan, nabarmenduz gure eraginak eta harro sentitzen garela gure lehenengo lanez.

Gure lanean entzun ahalko dute zerbait ezberdina, gaur egun entzuten ez dena, eta are gutxiago gure adineko pertsonetan. Metal musika gustuko duten gazte batzuen artean egina dago eta estilo hori gustuko duen jendeari eskainita dago bereziki.

Amurrioko Jaietan aurkeztuko duzue diskoa. Zer nolako kontzertua izatea espero duzue?
Kontuan izanda 14an jotzen dugula, jaietako egun onetarikoena izanda, jende asko espero dugu Su Ta Gar taldearekin batera. Gogo asko ditugu eta gure kontzertu hoberena izatea espero dugu. Ohore handia da guretzat Su Ta Gar taldearen aurretik jotzea.

 

“Denbora gutxi daramagu mundu honetan, baina gogo handiak ditugu aurrera jarraitzeko eta gero eta hobeto jotzeko”



Zer asmo dituzue epe motz-ertain bati begira?
Jendearen erantzun positiboa ikusi ondoren, gero eta animatuagoak gaude. Apurka zabalduz goaz, gure ingurutik kanpo jotzen hasi gara. Diskoaren proiektua aurrera joan da eta orain bideoklipa egiteko asmoa dugu.

Denbora gutxi daramagu mundu honetan, baina gogo handiak ditugu aurrera jarraitzeko eta gero eta hobeto jotzeko. Gure diskoaz disfrutatzea eta gure kontzertuetan guk bezain beste gozatzea espero dugu.

Harro gaude trash metal musika bultzatzeaz, gaur egungo munduan ematen den musika komertzialaren aurrean. Inguru honetan ez da ematen estilo hau eta galdu ezin den estiloa da, txikitatik entzun baitugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide