AIARALDEA BAT: "2018.urtea oso garrantzitsua izango da"

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 20a, 11:00
Laudioko kasinoan egin zuten agerraldia larunbatean / Aiaraldea Bat

Aiaraldea Bat elkarteak maiatzaren 6an egingo du erabakitze eta burujabetza eskubideei buruzko herri galdeketa. Gaur arteko bidearen balorazioa egin dute, baita 2018ko ibilbidea aurkeztu ere.

Larunbatean izan zen Gure Esku Dagoren eskualdeko ekitaldia. Lamia Arcas eta Joseba Iriondo aurkezleek errepasatu zuten abendua bitarte burututako ekintzak. Izan ere, Durango eta Iruñea batu zituen giza kate erraldoiaren ondotik, Zurriola hondartzan mosaikoa egin zuen Gure Esku Dagok, eta oihalekin hautestontziak irudikatu ziren herrrietan. Aiaraldean ere jarri dute martxan erabakitzeko eskubidearen prozesua. Hala adierazi zuten Saraubeko agirian:

 

 Sinadura bilketa egin dute azken bi hilabeteetan, maiatzaren 6an herri galdeketa deitu ahal izateko. Fontso Corredor Aiaraldea Bateko lehendakariaren esanetan, helburu bakarra herri-galdeketa ofizialtzea izan da. "Berme batzordea osatu dugu legelari batzuekin, guzti hau legearen barruan behar den bezala burutu behar baita". Aiara, Amurrio, Artziniega, Laudio eta Okondo herriek osatzen zuten gaur arte taldea, baina Arakaldo ere batuko da dinamikara. "Elkarrekin lan egin behar dugu; eta, aldi berean, herri bakoitzean egin behar da lan", azpimarratu du. 

Maiatzaren 6ko galdeketara 30.000 aiarar deitu dituzte. Euskal Herrian, baina, hainbat tokitan egingo dira egun berean galdeketak. Hortaz, 16 urtetik gorako 100.000 lagunek hartu ahalko dute kontsultan parte guztira. 

Sinadura bilketaren emaitzak

Jose Prieto Laudioko ordezkariak eman zituen sinadura bilketari buruzko xehetasunak: "Espero genituen emaitzak lortu ditugu, pozik gaude. Herri txikitan batu dira sinadura gehien". Aiaran herritarren %32k egin du bat kontsulta legeztatzearekin, Okondon %21ak, Amurrion %16ak, Laudion %13k eta Artziniegan %10ak. Orotara, Aiara eskualdean, beraz, bozkatzeko aukera dutenen %15ak eman dio babesa egitasmoari. Gutxienekoa %10 izaki, aurrera egingo du proiektuak. 

Hurrengo urratsak

Urtean zehar ekitaldi ugari antolatzeko asmoa dute. Koldo Mendiorozek eman zuen horren berri: "Apirilean Oletar landetan egingo dugu ekitaldi nagusia, bozketa aurreko kanpainari hasiera emateko". Salbantone gaineko zelaian batu nahi dituzte herritarrak, mendizaleak, dantzariak, bertsolariak, kirolariak edota musikariak. "Baina ez pentsa egi nahi dugun bakarra denik. Ordura arte, hainbat ekitaldi egongo dira, Horretarako gure esku dagoen guztia egingo dugu, baina eskuak behar ditugu, lagunak eta laguntzaileak". 2018.urtea garrantzitsua izango da, Aiaraldea Bateko kideen arabera.  

 Egitarauari dagokionez, abenduaren 29an izango da hurrengo zita, "Elkarrekin together" filma proiektatuko dute Laudion. Urtarrilean asanblada irekiak deituko dituzte herri guztietan, Mikel Ramirezek aipatu zuenez: "Elkarrekin zehaztu eta erabakiko dugu galdera". Apirileko kanpaina hasieraren ondotik, hitzaldi-ekitaldi nagusia ere prest dute. Amurrio antzokian izango da, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Gure Esku Dagoko ordezkariak arituko dira nor baino nor. 

 Kontsulta finantzatzeko mus txapelketak planteatuko dituzte bailarako herrietan. Horrez gain, zapiak, pinak eta kamisetak saltzen jarraituko dute. Euskal Herri mailan, berriz, "Tripontzia" loteria jarri dute abian: "Kontseilua eta Gure Esku Dagoren artean antolatu da. Dirua , beraz, euskararentzat eta Erabakitzeko eskubidearentzat izango da. Saridunak 60.000 euro eramango ditu".

 Etorkizunean Aiaraldea Bat taldeak irautea nahi dute, fundazio gisa edo beste era batera, "herrigintzan lan egiteko asmoz".

 



 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide