Pentsionisten itsulapikoa, bor-bor

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 15a, 08:23
Astelehenero ehunka pentsionista biltzen ari dira Artziniega, Urduña, Amurrio eta Laudioko plazetan. / Aiaraldea.eus

Ehunka pentsionista mobilizatu dira azken asteetan Aiaraldeko hainbat herritan, pentsioen %0,25eko igoeraren aurka protestatu eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko. Aurrera begirako plangintza eta estrategiak lantzen ari dira orain. Larunbatean -martxoak 17- mobilizazioa egingo dute Bilbon. 

“Gaztea izatea eta iraultzailea ez izatea kontraesan biologiko bat ere bada”. Salvador Allenderen esaldi horretan “gazte” hitza “pentsionista”-gatik ordezkatu ahalko litzateke, Aiaraldean behintzat. Ez da gutxiagorako: azken asteetan ehunka pentsionista atera dira kalera eskualdean. Laudio, Amurrio, Artziniega eta Urduñako plazetan bildu dira, Espainiako Gobernuak ezarri duen pentsioen %0,25eko igoeraren aurka protestatzeko. Salatu dutenez, igoera leun horrekin ezin dira bizi baldintza duinak bermatu.

“Azken hamar urteetan pentsioak %6,1 igo dira soilik, baina bizitza askoz gehiago garestitu da”, azaldu du Maite Bilbao laudioarrak. Euskadiko Alargunen Federazioko eta Laudioko Avillo elkarteko lehendakaria da bera, eta oso gertutik ezagutzen du eskualdeko pentsionista eta alargunen bizimodua.

 

Adierazi dutenez, okerrera egin du eskualdeko pentsionisten bizi kalitateak, “pobrezia kasu larriak topatu daitezke”

 

Egoerak okerrera egin duela nabarmendu du: “Eskualdean asko dira pentsio minimoa -639 euro hileko- jasotzen dutenak. Pobrezia kasu larriak ikusi daitezke”. Bilbaok azaldu du duela zenbait urte bazegoela egoerak hobera egingo zuenaren sentsazioa, baina orain okerrera egin du baita ere seme-alaba eta iloba askoren egoerak. “Pentsionista batzuek familia osoa mantentzera bideratu behar dute dirua, seme-alabak edo ilobak etxerik edo lanik gabe geratu direlako, adibidez”.

“Aurreikuspenak gaindituta”
Gauzak hala, protestatzeko arrazoi ugari dituzte pentsionistek. Otsailean hasi ziren lehenbiziko mobilizazioak egiten Euskal Herrian. “Aurreikusi baino harrera hobeagoa izan dute deialdiek, jendea oso haserre dago”, adierazi du Sabino Garamendi laudioarrak. Hamar urte daramatza berak Pentsionistak Martxan plataforman parte hartzen. “Ikusten ari gara jendea ez dela mobilizazioetara etorri kalera ateratzeko gogoa zuelako, benetan beharra duelako baizik. Plazetan biltzen den jende gehienak ez du 900 euro baino gehiago jasotzen”. Uste baino egoera okerragoak daudela uste du Garamendik, baina gaineratu du jendeari kosta egiten zaiola txarto pasatzen ari dela aitortzea.

 

Pentsionistek nabarmendu dute gazteek ere mobilizazioetan parte hartu behar dutela, “gainera datorkienaz jabetzeko”

 

Borrokatzeko grina dagoen arren, kezka bat du Garamendik buruan: “Kontuz ibili behar gara, gobernuak pentsioen igoera txiki bat onartzen badu mugimendu osoa desaktibatu daitekeelako. Hilean hiru euro gehiago emanda ez da ezer konpontzen”. Hori dela eta, “1.080 euroko gutxiengo pentsioa” bermatu beharko litzatekeela uste du laudioarrak, “pobreziaren aurka borrokatzeko”.

Bienvenido Pascual ere harrituta geratu zen deialdiek izandako harrerarekin. “Geroz eta jende gehiago batzen hasi da. Amurrion lehen egunean 40 lagun bildu ginen eta azken deialdian 200 inguru egon gara”. Iritzi eta esperientziak konpartitu dituzte plazan. “Bileretan entzuten denaren arabera, badago 600 euro soilik jasotzen dituen jendea, emakume alargunak batez ere. Ezin da diru horrekin bizi, aditzera eman behar dugu eta aldaketa eman behar da”. Bestelako gaiak lantzen hasi dira baita ere: botikak berrordaintzea edota menpekotasuna kasu.

Talde txikiagoetan biltzeari ekin diote horretarako, planak osatu eta aurrera begira eman beharreko pausoak zehazteko. Larunbat honetan zita garrantzitsua izango dute, pentsionisten manifestazioa egingo baita Bilbon.

Gazteen presentzia
Orain arte lortutako “batasuna” mantentzearen beharra azpimarratu du Pascualek, “bakoitza zein alderdi edo mugimendukoa den begiratzen egon gabe”. Gazteen presentzia ere beharrezkoa dela azpimarratu dute. “Guri ia ezer gutxi kendu ahal digute, badugu jada pentsio bat”, azaldu du Garamendik, “baina 40-50 urte dituzten pertsonek ere gurekin egon beharko lukete, gainera datorkienaz jabetzeko”.

Laudioarraren aburuz, mobilizazioek balio izan dute pentsionistaren ohiko irudia apurtzeko: “Jubilatuen jarduna kartetara jokatu, kafea hartu eta tangoak dantzatzera mugatu da urte luzez, eta horrek kontzientzia sortzea galarazi du”. Horregatik uste du Garamendik polita izango litzatekeela garaipenen bat erdiestea, txikia izanda ere. “Modu horretan jendeak ikusiko lukeelako zerbait nahi baduzu derrigorrez borrokatu behar duzula”.

Emakume alargunak dira kaltetuenak, eginiko lana aitortzen ez zaielako

Pentsionista pobreak emakume aurpegia du gehienetan. Hori argi du Maite Bilbaok. Avillo elkarteko lehendakaria den aldetik gertutik ezagutzen du eskualdeko alargunen errealitatea. “Aurrekoan emakume alargun batek esan zidan neguan ezin duela berogailua piztearen ‘luxua’ baliatu, ez duelako faktura ordaintzeko haina dirurik. Desnutrizio kasuak daude baita ere. Elikagai bankuan, adibidez, lehen ikusten ez zenuen jendea ikusten duzu orain”.

 

Gaur egun alargunak diren emakumeetako askok ez dute inoiz kotizatu, eta ondorioz euren lana ez da kontuan hartzen

 

“Emakumeekiko diskriminazio historikoa” dago horren atzean, Avillo elkarteko lehendakariaren arabera. “Gaur egun pentsionistak diren emakumeetako askok ez dute kotizatzen lan egin inoiz, eta ez zaie etxean egin duten lana aitortzen. Gutxiengo soldata baino gutxiago jasotzen dute, ‘duin bizitzeko gutxiengoa’ diru-kopuru hori omen denean”

Emakume horien egoera hobetzeko gauza ugari egin daitezke, Bilbaoren ustez. “Laudio aitzindaria izan zen udal-tasetan horrelako egoeretan bizi diren pertsonentzako hobariak ezartzean. Interesagarria izango litzateke baita ere tutoretzapeko etxebizitzak sortzea, oso nagusiak diren eta bakarrik bizi diren alargunei zuzendutakoak”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide