"Bi herriren arteko zubiak eraikitzera goaz Himalayara"

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko api. 5a, 10:31
Ezkerretik eskuinera: Jon Fonbellida, Besaide Astobitza eta Iker Zubizarreta mendizale gazteak. / Aiaraldea.eus

BESAIDE ASTOBITZA, JON FONBELLIDA eta IKER ZUBIZARRETA aiaraldearrek Himalayara bidaiatuko dute urrian "Oxigenoa Euskarari" ekimenaren eskutik, Euskal Herriaren eta Sherpa herriaren arteko zubiak eraikitzeko asmoarekin.

Bi herriren arteko zubiak eraiki eta sendotu, hori da "Oxigenoa Euskarari 6000 metrotan" ekimenaren xedea. Euskal Herria eta Sherpa herria elkarlanean jarriko ditu hamabi gazte euskaldunek eta hamabi sherpa gaztek beteko duten zeharkaldian. 

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hainbat gaztek osatzen dute udazkenean Himalayara bidaiatuko duen taldea. Felipe Uriarte mendi gidari eskarmentatuaren laguntza izango dute zeharkaldian, Julen Reketa mendi gidari laudioarrarekin batera.

Hamabi gazteen artean hiru aiaraldearrak dira: Besaide Astobitza Orozkokoa eta Jon Fonbellida eta Iker Zubizarreta laudioarrak. Martxoaren bukaeran elkartu zen taldea lehendabizikoz, Orozkon. Prestaketa fisiko eta tekniko baten abagunea izan zen, bide luzea baitute aurretik; "bidaia gauzatzeko beharrezko finantziazioa lortu behar dugu orain" azaldu du Iker Zubizarretak.

Aurreko lanketan buru-belarri
Udazkenean dira Himalayara joatekoak, baina aurretik bidaia gauzatu ahal izateko dirua bildu beharko dute. Egindako kalkuluen arabera, 6000 euro batu beharko dute parte-hartzaileko. "Bildutako diruarekin bertara bidaiatzeko aukera izango dugu, bai eta datorren ikasturtean Sherpa gazteak hona etortzeko ere".

Aukera desberdinak jarri dituzte mahaigainean "crowfounding kanpaina abiatuko dugu, kamisetak jarriko ditugu salgai eta Oñatin bertso-saioa antolatuko dugu, besteak beste" azpimarratu du Fonbellidak.

Zirraraz bizi dituzte zeharkaldiaren aurreko hilabete hauek. "Jakitun gara lan asko egin beharko dugula Himalayara joan aurretik, mendi zaletasuna eta euskara sustatu nahi ditugu gure jardunarekin" dio Besaide Astobitzak.

Esparru fisikoan ere lan egingo dute udazkena bitarte. Euskal Herriko gailur desberdinak igoko dituzte eta kranpoi zein sokekin moldatzen ere ikasiko dute.

Felipe Uriarte mendi-gidariaren hitzetan; "hau ez da lasterketa, ezta txapelketa, elkarlanean oinarritutako bidaia baizik". Zentzu horretan talde modura funtzionatzen ikasi beharko dute, norberaren eta taldearen erritmo eta gaitasunak ezagututa.

Zubigintza ardatz
Hizkuntza gutxitua duen herria ere bada Sherpa Herria. Kirol erronka baino, herrigintza ekimen bezala ulertzen dute zeharkaldia. Euskara eta Sherpa hizkuntzak erdigunean jarrita, hauek elkar elikatzea dute helburu. "Alpinistek Himalaya kolonizatu dute eta ingelesa inposatu bertako mendi aktibitateen ardatz gisa. Guk bertako hizkuntza gutxituan eraiki nahi ditugu harremanak, bertan bizi direnekin."

Mendizale gazteek, gutxienez, Sherpa hizkuntzako 50 hitz ikasteko helburua jarriko diote euren buruei.

Joan-itzuliko bidaia da, ordea, aiaraldear gazteek egingo dutena, datorren ikasturtean zeharkaldian bide lagun izango dituzten Sherpa kideak Euskal Herrira etorriko baitira.

Azpimarratu dute ere, zubigintza ez dutela soilik Sherpa herriarekin garatu, Euskal Herriko txoko desberdinetako gazteak biltzeak ere, zazpi herrialdeen arteko loturak estutzeko balio izan diela gaineratu dute. "Euskal Herri osoko lagun berriak ezagutzeko aukera paregabea izan dugu, euskaldunak gure artean saretzeko tresna ere bada ekimen hau, bai eta gure herria askoz hobeto ezagutzeko ere."

Felipe Uriarte, baikor agertu da taldearekin; "Aukera paregabea daukate aurretik elkar ezagutu eta pertsona bezala hazteko, Himalayako bidaia baren-bidaia ere badelako. Leku berean hasi eta bukatu arren, mendizalea ez da inoiz hasierakoa izango etxera itzultzean. Prozesu horretaz gozatu behar dute".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide