Aiaraldeko Bigarren Hezkuntzako ia ikastetxe guztietan egingo da PISA azterketa eta planto egiteko deia zabaldu dute

Txabi Alvarado Bañares 2018ko api. 17a, 13:47
Hitzaldiak egin dituzte ikastetxeetan, planto jarrera sustatzeko. / Ikasleok Zorrotz

Laudio Institutuan ostegunean egingo dute azterketa. Greba deitu dute egun horretarako, planto egiteko.

Handia izango da PISAren eragina Aiaraldean, Hezkuntza Sailak eskualdeko lau ikastetxeetan baitu azterketa hori egiteko asmoa: Urduñako Antzinako Andra Mari ikastetxean, Laudio Ikastolan, Laudio Institutuan eta Zaraobe Institutuan. Azken hiruretan planto dinamika abiatu dituzte dagoeneko.

Ikasleok Zorrotz dinamikako kideek asteak daramatzate ikastetxez ikastetxe hitzaldiak eskaintzen,  plantoaren arrazoiak azaltzeko.

Ostegunean izango dute lehen erronka, egun horretan egingo baita azterketa Laudio Institutuan. “Oraindik ez dakigu beste ikastetxeetan noiz egingo den. Zaraoben asteartean izango zela uste genuen, baina azkenean ez zen egin”, adierazi dute ikasle eragileko kideek.

Greba deialdia
2002. urtean jaiotako 53 ikaslek egin beharko dute azterketa ikastetxe bakoitzean. Hori dela eta, ostegunean greba egiteko deia luzatu diete Laudio Institutuko DBH 3. eta 4. mailako ikasleei. Mobilizazioa egingo dute eguerdian, planto deia herritik zabaltzeko.

DBH 4. mailako azterketa, maiatzean
Hezkuntza Sailak berriz bisitatuko ditu PISArako hautatuak izan diren ikastetxeak maiatzean. Beste azterketa bat egin beharko dute orduan: DBH 4. mailako ebaluazio diagnostikoa. Horri ere planto egiteko deia luzatu dute Ikasleok Zorrotzek eta Aiaraldeko Gure Hezkuntza Plataformak.

Ikasle Abertzaleakek, asanblada irekia
Aiaraldeko Ikasle Abertzaleak antolakundeak, bere aldetik, bilera irekia deitu du biharko -apirilaren 18an- Laudioko Gaztetxean 18:00etan, "planto sakon bat" prestatzeko. "Ikasleok kolektiboki erantzuna ematea beharrezkoa dela ikusi dugu", adierazi dute sare sozialen bidez zabaldutako gonbidapenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide