“Ozen aldarrikatu dugu txapelketako neskok gu ere hemen gaudela”

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko eka. 4a, 14:04
Urteak daramatza Bea Isasi boloetan jolasten, behin baino gehiagotan izan da Arabako eta Euskal Herriko txapelduna. / Aiaraldea.eus

BEA ISASI (Arespalditza, 1981) Arabako Bolatoki Txapelketa irabazi du aurki eta Euskal Herriko Txapelketan aritzeko sailkatu da.

Arabako Txapelduna zara. Zer sentzaziorekin atera zara txapelketatik?

Sentzazio oso onak ditut, oso gustora nago emaitzekin. Hamaika bolatokitan jolasten aritu ostean, hain txapelketa luzean, emaitzak onak direla ikustea oso positiboa da.

Nola baloratzen duzu txapelketa?

Aiaraldeko hamaika bolatokitan egin ditugu tiradak, oso ondo ikusi dut nire burua bertan, Lendoñobeitiko azken tiradan makalago ibili nintzen arren. Giroa ere itzela izan da eta inoiz baino jende gehiagok parte hartu du txapelketan.

Emakumezkoetan txapeldun geratu banaiz ere, niretzat garrantzitsuena da sailkapen orokorra soilik begiratu ezkero ere sailkatua izan naizela. Sailkapen orokorreko 60 parte hartzaileren artean 12. geratu naiz eta Lendoñobeitiko tirada arte 6. postuaren bueltan ibili naiz. Ozen aldarrikatu dugu txapelketako neskok gu ere hemen gaudela.

Zein da zure hurrengo erronka Arabako Txapelketaren ostean?

Arabako Txapelketako sailkatuok Euskal Herriko Txapelketan parte hartzen dugu, gizonezkoen artetik 15ek eta emakumezkoen artetik hiruk. Aurten Zornotzan ospatuko da txapelketa, ekainaren 9an.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jendeak parte hartzen du bertan eta urtero herrialdez aldatzen da. Datorren urtean guri dagokigu antolatzea eta Kexaan egingo dugu.

Zer asmo dugu txapelketa horri begira?

Jolastearekin konformatzen naiz, ez da arrunta izaten zurea ez den herrialde batean irabaztea, txapelketa ospatzen den herrialdeko bola-joko estiloan egiten baita, eta oso jokatzeko modu desberdinak dira. Iaz arabar batek irabazi zuen Gipuzkoan egin zen Euskal Herriko txapelketan, baina ez da ohikoa.

Jokatzeko moduak oso desberdinak dira herrialdez herrialde?

Antzekoak dira baina badituzte alde nabariak. Guk, hemen, Aiaraldean, Aiarako boloa deritzon modalitatean jolasten dugu; bolatokiak buztin eta egurrezkoak dira eta bolo txikia nahi den posizioan kokatu daiteke harlauza barruan.

Bizkaian bolatoki guztiak dira buztinezkoak eta horien erdian muino txiki bat dago eta hor bai, bolo txikia edonon jarri daiteke.Gipuzkoan, aldiz, zeharo desberdina da jokatzeko era: bola botatzeko modu bakarra dago, ez dago erremonterik eta bolo txikia ezin da jo.

Modu bereziren batean zaude prestatzen Euskal Herriko Txapelketa?

Egia esan ez. Txapelketa aurretik bolo batzuk botatzera joango gara bertara bolatokia pixkat ezagutzeko. Baina ez dugu gehiagorik egingo.

Eta urtean zehar nolako entrenamendu saioak egiten dituzu?

Astean birritan joaten naiz boloak botatzera. Eskualdeko hurrengo txapelketaren bolatokira joaten gara. Joku modalitate berdina bada ere -Aiarako boloa- bolatokiek ez dute zerikusirik elkarren artean: Kexaako bolatokia egurrezkoa da erabat eta Lendoñobeitikoa buztinezkoa nagusiki, batzuk luzeagoak dira eta beste batzuk motzak.

Nola animatu zinen zu boloetan jolastera?

Egia esan ez dut ondo gogoratzen. Gabonetan aita Kexaako txokora etortzen zen musean jolastera eta ni bitartean boloak botatzen nituen bolatokian. Ordutik beti aritu naiz jolasten, hamahiru urte inguru daramatzat praktikatzen.

Giro oso ona ezagutu dut beti, txapelketa eta entrenamenduen gainetik ondo pasatzea bilatzen dugu guztiok.

Nola ikusten dituzu boloak Aiaraldean?

Jende falta dago, jende gazteaaren falta bereziki. Ez gara gutxi Aiaraldean bolotan ibiltzen garenak baina asko nahiko nagusiak dira.

Edonork praktika dezakeen kirola da, ez da indar kontua. Mainak eta abileziak garrantzia handia daukate eta bola tamaina desberdinak daude norberaren indarraren arabera bata edo bestea erabiltzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide