Euskarari, udal-aurrekontuen %3a baino gutxiago

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 14a, 09:19
Udal aurrekontuen oso zati txikia bideratzen da euskara sustatzera. / Aiaraldea.eus

Udal aurrekontuen oso zati txikia bideratzen dute eskualdeko udalek euskarara. Laudioko Udalak bideratzen du ehuneko handiena. Urtez urte handitzen doaz diru kopuruak, baina oraindik bide luzea falta da gaztelerak duen pisua berdintzera iristeko.

Udal-aurrekontua goiko argazkiko pastela balitz, alboan dagoen zatitxoa izango litzateke eskualdeko udalek euskarara bideratzen duten ehunekoa. Gastuetarako baliatzen duten diruaren %1 eta %3 artean bideratzen dute Aiaraldeko tokiko erakundeek euskara sustatzeko ekintzetara. Hori ikusi daiteke azken hiru urteetako (2015-2017) aurrekontuak aztertuta, baina atera daitezke baita ere beste ondorio interesgarri batzuk.

Hala ere, ezer baino lehen, komenigarria da aipatzea batzuetan zaila dela “euskarara bideratzen den diru kopurua” zenbatekoa den zehaztea. Udal guztiek ez dute euskara arlo berezitu bat eta aurrekontuetan askotan nahasturik azaltzen dira diru-partidak. Gauzak hala, zaila da zifra eta kopuru zehatzak ateratzea, ez baitago irizpide bateraturik.

Euskararekin erlazionatutako hainbat motatako diru-partidak topatu daitezke udal-aurrekontuetan: Euskara sustatzen duten elkarte eta ekimenei ematen zaizkien laguntzak, euskarazko ekintzen antolakuntzara bideratzen den dirua, euskara ikasteko bekak, euskara teknikariaren soldata...

Horrez gain, kontuan hartu behar da zenbait ekintza, euskaraz egite hutsagatik, “euskara sustatzeko ekintza” gisa hartzen direla automatikoki. Euskarazko kultur ekitaldiak Euskara Sailetik antolatzen dira askotan, gaztelerazkoak Kultur Sailetik bideratzen diren bitartean. Gauzak hala, gaztelerak aurrekontuetan duen presentzia (euskarak duena baino askoz handiagoa dena berez) ezkutatuta geratzen da.

 

Urtez urte handitzen doa udalek euren aurrekontuetatik euskara bideratzen duten diruaren ehunekoa, apurka-apurka bada ere

 

Aiaraldeaz haragoko joera
Joera hori ez da soilik Aiaraldean ematen, EAE osoan igotzen ari da ehunekoa, apurka-apurka bada ere. Eustaten datuen arabera, 5.000 biztanletik gorako udalerriek euren aurrekontu osoaren %1,92 bideratzen zuten euskara sustatzera 2002an. 2014rako, baina, ehuneko hori puntu eta erdi igo zen, %2,37raino. Arabako Foru Aldundiak ere igo egin du euskara bideratzen duen diruaren ehunekoa, askoz modu apalagoan bada ere. 2002an %0,33 bideratu zuen eta 2014an %0,48.

Eusko Jaurlaritzak, aldiz, beherakada izan du. 2002an %1,57a baliatu zuen euskara sustatzeko ekintzetara eta 2014an %0,95a. Hala ere, proportzioa txikitu egin den arren, diru kopurua igo egin da.

Gauzak hala, datuek ondorio argi bat uzten dute: oraindik bide luzea falta dela egiteko euskarak tokiko erakundeen eguneroko jardunean behar adina presentzia eta pisu izan arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide