Babioko burdin aroko herrixka gotortuko indusketen emaitzak aztertzen ari dira

Aitor Aspuru Saez 2018ko ira. 5a, 07:10
Babioko ondare historikoa hobeto ezagutzeko burutu dituzte indusketak./ Jon Obaldia

Jon Obaldia arkeologo aiararra izan da indusketen burua eta eskuratutako materialak ikertzen ari da Babioko burdin aroko herrixkako kronologia zehazteko, ahal den neurrian.

Uztaila amaieran eta abuztu hasieran arkeologo talde bat Babio mendian aritu zen, bertako herrixka gotortua industen. Printzipioz, K. a. IX. mendekoa da aztarnategia, baina udakoa izan da bertan egindako lehen lan zientifikoa.

M. J. Yarrituk, J. Gorrotxategik eta J. L. Martinezek topatu zuten 1981ean aurkikuntza, eta Felix Murgak eman zuen horren berri hurrengo urtean. Ezaugarriei dagokienez, defentsa sistemak 10 hektarea ditu eta bi hesiz osaturik dago; batek 560 metroko luzera du eta besteak 234 metro.

Babesik ez

Urte luze horietan inork ez duenez lekua aztertu, babes ofizialik ez du eskuratu egitasmoak. Ondorioz, kalte ugari eragin dituzte. Esaterako, hesien artean ibilgailuen sarrerak egin dituzte.

Txikizioak aurrera egin ez dezan, Aztarna elkartea hasi zen indusketa proiektua sustatzen, eta Jon Obaldia Aranzadi zientzia elkarteko kideak hartu zuen bere gain Erronka. Azkenean, elkarteko 3 adituk eta 6 ikaslek gauzatu dute egitasmoa.

Aiarako Udalak eta Izoriako administrazio batzarrak ordaindu dituzte lanak. Horien xedeak izan dira ondarearen egoera ebaluatzea, kalteak neurtzea, bertako aztarnategiaren berri ematea eta babes ofiziala eskuratzea.

Lanak

Boluntarioek 8 lagin hartu zituzten eta hesi bat garbitzeari ekin zioten. Uztailaren 29an hasi ziren eta abuztuaren 4an bukatu zuten. Orain Jon Obaldia aztertzen ari da jasotakoa eta ondorioak publiko egingo ditu ahal bezain laster.

Hitzaldiak

Proiektuaren helburuetako da herritarrek ezagutu dezaten Babion dagoen ondarea, babestu dezaten. Horretarako, lehen urratsa indusketetan egin zuten. Uztailaren 31n bisita gidatuak eskaini zituen eta arrakasta handia lortu ere. Guztira, 70 lagunek parte hartu zuten.

Ikasturte berriarekin gutxienez bi hitzaldi emango dituzte, Izoriako Txokoan eta Aiarako Udaletxean, hain zuzen.

Kanpaina berria

Egindakoa garrantzitsua bada ere, aintzat hartuta 30 urte baino gehiagotan inork ez diola erreparatu aztarnategiari, Jon Obaldiak aurreratu du finantzazioa egonez gero, ekingo diotela indusketa kanpaina berria antolatzeari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide