Ipar Ligako txapela jantzi duzu. Esperotako emaitza?
Aurten bi talde geratu gara lehen postuan berdinduta: 3 garaipen eta 3 bigarren postu genituen bikote bakoitzak. Lehen aldia izan da hain parekatuta egon dena. Urriaren 27an bukatu zen Arratian txapelketa. Liga gogorra izan da, eta azken probetan nahiko ahul ibili gara: Hiru Handiak lasterketaren ondorioz hankak nekatuago nituen, baina raida ez da fisikoa bakarrik, estrategia eta burua ere bada. Denboraren kudeaketan dago gakoa. Lehia estua izan da: bigarren taldea 6 segundu beranduago iritsi zen azken proban. Sei segundogatik irabazi dugu liga.
Zenbat lasterketek osatu dute liga guztira?
Hego Euskal Herriko eta Kantabriako txapelketa da Ipar Liga. Normalean mendi edo orientazio taldeek antolatzen dituzte lasterketak. Aurten, Ipar Ligan 6 proba izan dira: lehenengoa Ibarran izan zen (Tolosaldean), bigarrena Elgoibarren eta hurrengoak Lizarran, Sodupen, Urdaibain eta Arratian. Maiatzean hasi eta urrian bukatu zen, udan atsedena hartuta.
Bikoteka aritzen gara. Hiru kategoria daude: gizonezkoena, emakumezkoena eta mistoa. Ni Irungo beste neska batekin ibili naiz, nire orientazio taldekoa da. Kirol eta gauza berriak probatzea gustatzen zaidanez, proposamena jaso eta animatu egin nintzen.
"Gorputzak baino, buruak agintzen du raidean”
Zure taldekidea Irungoa izanik, nola egiten duzue entrenatzeko?
Tertangako eta eskualdeko mendietara joaten naiz gehien bat, eta mendi ibilaldiak egiten ditut. Raidean aritzeko fisikoki ondo egon behar duzu, baina ez da behar aparteko prestakuntzarik (lehiatzeko agian bai, baina frogatzeko eta gozatzeko ez).
Denboraldia bukatu da. Zein da zure balorazioa?
Lehiatzen egotea zen gure helburua, iaz irabaztea lortu baikenuen. Bi taldeen artean dago normalean borroka, oso neska gutxik parte hartzen baitute Ipar Ligan. Sailkapenean egoteko gutxienez 5 probetan egon behar da, eta bikote askok ez dute konpromiso hori hartzen. Zazpi orduko lasterketak direnez, askok uste dute oso gogorrak direla eta prestaketa fisiko handia behar dela, baina ez da horrela. Bakoitzak bere indargune, fisiko eta denboraren arabera antolatzen du raid bakoitzeko ibilbidea; beraz, edonork hartu dezake parte.
Trekinga, bizikleta, espelelogia, orientazioa... kirol konplexua da Raida?
Ez. Ez dituzu modalitate guztiak egin behar lasterketetan. Sekzioak norberak aukeratzen ditu. Gu, adibidez, oso trebeak gara trekkingean, baina bizikletaz ez; horregatik, saihesteko joera dugu. Denborarekin jokatzea da raidaren funtsa. Normalean beti daude trekking eta mendi bizikleta, baina gero inguruaren arabera bestelako kirolak sartzen dira: eskalada, espeleologia, kayaka, azkartasun proba fisiko eta mentalak...
Fisikoak baino, gaitasun mentalak agintzen du, beraz?
Bai. Balizak bilatu behar dira. Seinale bakoitzak puntuazio ezberdina du. Guzti horiek probako mapan jarrita daude, kirol modalitatearen arabera. Baliza bakoitzak, zailtasunaren arabera, puntuazio ezberdina du. Seinaleetan puntuazio gehien eskuratzen duenak irabazten du. Baina batzuetan proba mentalak ere badira. Behin, esaterako, bi litroko botilarekin litro eta erdi betetzeko eskatu ziguten, eta beste batean mapa bat memorizatu eta eurek esandako lekuetara joan behar izan genuen, euskarri fisikorik gabe.
"Zazpi orduko lasterketak direnez, askok uste dute oso gogorrak direla eta prestaketa fisiko handia behar dela, baina ez da horrela"
Zenbat urte daramatzazu Raidean?
Bigarren urtea da hau. Aaron Garmendiaren bidez hasi nintzen, Delikan orientazio proba bat antolatu baitzuen. Orientazioan hiru urte daramatzat, Salamankatik Zaragoza-Avilaraino joaten gara, Espainiatik mugitzen gara Cobi taldean. Eskualdeko 10-15 lagun gaude talde horretan, Aiaraldean ez baitago orientazio talderik. Bizkaiko taldean gaude denak, hurbilen duguna delako. Ez da kirol ezaguna orientazioa, horregatik lasterketa proba herrikoiak antolatzen ditugu. Aurten, esaterako, Urduñan egingo dugu urtarrilaren amaieran, alde zaharrean barrena.
Zer du Raidak bestelako kirolek ez dutena?
Buruarekin, fisikoarekin eta denborarekin jokatu behar dela. Nahiz eta fisikoki oso ondo egon, mapa irakurtzen eta denbora kontrolatzen ez badakizu jai duzu. Maparekin fin ibili behar zara.
Teknika ala taktika, zer da garrantzitsuagoa?
Nesken arloan taktika, gizonezkoetan biak. Gizonezkoen liga oso lehiatua da, baina guk modalitate batzuk saihestera jotzen dugunez, taktika baliatzen dugu askotan. Gorputzak baino, buruak agintzen du raidean. Gorputzak askotan ezustekoak ematen ditu, baina burua beroegi baduzu, denbora -eta lasterketa- gal dezakezu.
Aiaraldean nolako maila dago?
Mutiletan altua. Aaron Garmendia Euskal Raid taldearekin munduan barrena lehiatzen aritu da. Talde mistoetan ere bada maila, Cobi Amurrio taldean Nuria Gomez eta Mikel Monasterio ibiltzen dira, eta beti daude laugarren edo bosgarren postuan lehiatzen.
Gazteen artean, badago erreleborik?
Ez dut ikusten, baina nire ustez orientazioa eta raidak ezagutzen ez dituztelako da. Horregatik antolatuko dugu Urduñako proba herrikoia. Frogatzen duenak errepikatzen du! Jende askok trailak egitetik raidak egitera jotzen du.