Mendeikako bidea auzolanean konpontzeari ekin diote, 60 urteko gatazka eta gero

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abe. 28a, 14:13

Errepidea moztuta Mendeikako bidea auzolanean konpontzeari ekin diote. 60 urteko gatazkaren berri eman dute, instituzioen utzikeria salatzearekin batera.

Mendeika eta Etxegoienen arteko bidean ekintza berri bat burutu dute Mendeikako bizilagunek. "Atzo goizean auzolana egin genuen bidea mozteko. Ur hodi berri bat jartzeko zuloa egin dugu", adierazi diote Aiaraldea hedabideari. Horretarako obra baimena eskuratu dute. Hala, bi hesi jarri dituzte zuloaren bi aldeetan, "inor ez pasatzeko eta istripuak ekiditzeko". Izan ere, jende askok erabiltzen du bidea.

Pankarta bidez salatu dute instituzioen utzikeria: "Momentuz ez dugu auzolan gehiago egiteko asmorik, pankartan aipatzen ditugun instituzioen erantzunaren zain gaude". Hain zuzen, Arabako Foru Aldundia, Etxegoien eta Aiarako Udalari eskatu diete egoera konpontzea. Izan ere, Etxegoien eta Mendeika lotzen ditu bideak, 1.500 metroko tramoa da orotara. "Etxegoieneko lurretan 900 metro konpontzea falta da ibilgailuak igarotzeko aukera egoteko", adierazi dute. 

60 urteko borroka

"Bidea moztea erabaki dugu gainerako bideak eta aukerak agortu ditugulako. 60 urte baino gehiago daramatzagu borroka honekin", erantsi dute. Aferaren kronologia azaldu dute:

    • 1957ko iraila: Amurrioko Udalaren, Etxegoienen eta Mendeikaren akordioa onartu zen, errepidea eraikitzeko. Trukean Mendeikak Amurriori 50 urtez kantera doan erabiltzeko baimena eman zion. 

    • 1957ko azaroa: Urduñako Udalak legez kanpokotzat jo zuen kanterak doan uztea, akordioa bertan behera geratu zen ondorioz. 

    • 1961eko otsaila: Mendeika-Etxegoien bidearen eraikitze lanak hastea adostu zen, baina Bizkaiko lur saila soilik gauzatu zen. Mendeikako herritarrek hartu zituzten euren gain gastuak, eta lur eta harri bidea ireki zen. Gainontzeko lanak ez ziren burutu, diputazioen borondate eza medio. 

    • 1989ko maiatza: Aiarako Udalak bidea zabaldu eta konpontzea onartu zuen. Urduña, Aiara eta Amurrioko Udalen akordioa sinatu zen, obren gastuak banatzeko: %75 Arabako Diputazioak, eta gainontzekoa (%25) udal horien artean. 

    • 1993: Arabako Foru Aldundiko teknikariek proiektua sortu zuten, baina akordioa ez zen bete. 

    • 2001eko apirila: Nekazaritza eta Arrantzako Sailburuak 1993ko egitasmoa behartu zuen, Aiarako Udalarekin koordinatuta; proiektuan moldaketa bat sartzeko. 

    • 2006-2009: Faseka banatu zen obra, diru partida zehaztearekin batera; Bizkaiko lur saila konpontzeko 24.000€ jartzeko konpromisoa hartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, 32.000€ Urduñako Udalak eta 12.000€ Mendeikakoak.

    • 2011: Udal hauteskundeen ondotik, Mendeika, Etxegoien eta Aiarako alkateak elkartu ziren. Proiektua garatzeko konpromisoa agertu arren, ez zen aurrerapausorik zehaztu. 

    • 2011ko abendua: Arabako Foru Aldundiak 200.000 euroan zenbatetsi zuen lana. 2012ko aurrekontuetan partida hori ez zegoenez, 2013ra atzeratu zen egitasmoa. Amurrioko PPri esker lortu zen Foru Aldundian kasua aztertzea, baina berriro ezetza jaso zuten Mendeikako bizilagunek.

    • 2016ko urtarrila: EH Bilduk Arabako Foru Aldundian aurkeztu zuen konponketa proposamena. Alderdi guztiek -eurek salbu- kontra edo abstentzioa bozkatu zuten, beraz, atzera bota zen proiektua. 

    • 2018ko urtarrila: Arabako Foru Aldundia eta Etxegoienen artean Arabako saila konpontzeari ekin zioten, 40.000 euroko gastuarekin. Bidea, ordea, egungo egoeran utzi zen. 

    • 2018ko ekaina: Mendeika Arabako Foru Aldundiarekin bildu zen, bidea konpontzeko beharrezkoa balitz, herritarren ekarpen ekonomikoa biltzeko aukera mahaigaineratzeko. 

    • 2018ko uztaila: Urduñako alkatea, Mendeikako Administrazio Batzarra eta Arabako Foru Aldundia bildu ziren. Diputatuak "baso pista" gisa katalogatu zuen bidea, eta alde guztien akordioa beharrezkoa zela azpimarratu zuen herrien arteko komunikazio bide izatera igarotzeko. 

    • 2018ko iraila: Mendeika, Etxegoienek Arabako 900 metroko lur sailaren gastua euren gain hartzeko aukera aztertu zuten.

    • 2018ko urria: Etxegoienek Mendeikari jakinarazi zion aukera baztertu dutela, Arabako Foru Aldundiak esandakoaren arabera, bidea dagoen bezala geratuko delakoan.

    • >Egoeraren aurrean, Mendeikako bizilagunek oharra atera dute, bizi kalitatea hobetzeko obraren beharrezkotasuna eta elkarbizitza sustatzeko helburua azpimarratuz. "Publikoki jokatzea erabaki dugu, bide administratibo eta politikoek ez baitute emaitza onik eman".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide