[IRITZIA] Omenaldia Aretx Malatuari

Malatoko zuhaitza. / Aiaraldea.eus

Larunbatean Aretx Malatua omenduko dute Luiaondon. Zuhaitzaren nondik norakoak eta garrantzia nabarmendu ditu Felix Mugurutzak.

Gernikakoa alde batera utzita, zuhaitz aipagarririk baldin badago Euskadin horixe da Aretx Malatua. Bere garrantziaren lekukoa da Bizkaiko Foru Zaharrean (1452) egindako aipamena da, arau bilduma haren hasieran, V. legean hain zuzen ere.

Bere helburua zen euskaldunon asmoa adieraztea: horraino babestuko zuten lurraldea, armez ere hala behar izanez gero, baina ez hortik aurrera ez bazen mertzenario moduan, gure lurraldetatik kanpoko gerra haietan parte hartzeagatik kobratuz. Kontuan izan behar dugu “errekonkista” deitutakoaren garaian gaudela. Gaztelako errege-aginduen aurreko objekzio edo intsumisio moduko zerbait islatzen zuen muga-zuhaitz hark, beraz.

Arbola hura esanguratsua zen, ezaguna, erreferentea. Baina jakin badakigu 1603. urterako ez zen existitzen, beraz, lehenago ihartu eta galdu zen.

Haren oroimenez zerbait eraiki behar zela batzuetan tratatu eta onartu egin zen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Eta 1730ean gauzatu zen, harrizko gurutze handi batekin, egun ikusgai duguna. Eta Arabako lurretan gauden arren, duela gutxira arte, monumentua dagoen tokia Bizkaikoa izan da. Hau da, lurralde historiko biak elkar besarkatzeko erabili den leku sinbolikoa izan da historian.

Horren garrantzitsua izanda, ahaztu samar dago, foruak galdu zirenetik (1876) ez duelako funtziorik edo esanahirik.

Horregatik, bere historia, gure historia, gal ez dadin panel bat inauguratuko da 2019ko urtarrilaren 19an eta, haren aitzakiaz, omenaldi xumea egingo zaio leku sinbolikoari. Zergatik data horretan? Baita gogoratzeko B. Espartero jeneralak Luiaondo herriari sua ematea agindu zuela 1835eko urtarrilaren 23 hartan, sekula triskantza egiten. Jeneral haren ondorioz, gerora, kenduko zitzaizkigun foruak.

Eguerdiko 12:00etan izango da eta hainbat ekitaldi egongo da: aurreskua, eskaintza, azalpenak, musika...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide