Garbialdiren “kudeaketa txarra eta jazarpen sindikala” salatu ditu LABek

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 12a, 19:30
Tubacexek azpikontratatutako enpresa da Garbialdi. / Aiaraldea.eus

Hainbat gauza leporatu dizkio sindikatuak Tubacexek azpikontratatutako enpresari: Nominak paperean entregatzeari uko egitea, plus toxikoa ez ordaintzea eta ordezkari sindikal baten errelebo kontratuaren eskaera galtzea.

Garbialdiren jokaera salatzeko prentsa oharra plazaratu du Aiaraldeko LABek. Tubacexen garbiketaz arduratzen da azpikontratatutako enpresa hori, baina ez du zerbitzuaren kudeaketa ona egiten, sindikatu abertzalearen aburuz. “Gure zerbitzu juridikoek hamaika bider esku hartu behar izan dute egunero sortzen diren arazoei ekiteko: ordainketetan jazotako atzerapenak, bat-bateko soldata jaitsierak, mehatxuak eta langile zein ordezkari sindikalekiko jazarpena, besteak beste”.

LABen ustez, egoera “jasangaitza” bihurtu da azken hilabeteetan, “irregulartasun gehiegi” egon direlako. Salatu dutenez, enpresak ez zien plus toxikoa (produktu toxikoekin lan egiteagatik ematen den diru saria) ordaintzen langileetako batzuei.  “Enpresa akatsaz jabetu zen eta barkamena eskatu zuen, baina ordainketa egin nahi izan zuenean, hurrengo hilabetean, ez zuen kopurua behar bezala kalkulatu. Gauzak hala, dirua zor die oraindik langileei”.

Nominak paperean
Nominak paperean entregatzea da LABek Garbialdiri eskatu dion beste gauzetako bat, langile askok ez dutelako dokumentu horiek internet bidez -enplegatuen atarian- ekuratzeko haina ezagutza edo baliabide teknikorik. Enpresak ez zuen eskaera onartu eta sindikatuak lan ikuskaritzara eraman zuen gaia. “Ikuskaritzak, orduan, Garbialdi derrigortu zuen nominak paperean banatzera eta langileak trebatzera, behar izango balute, enplegatuen atarian sartzeko”. Baina, LABek salatu duenez, enpresak ez du oraindik agindutakoa bete.  

Jazarpen sindikala
Beste gauza bat ere salatu du LABek: bere delegatu baten aurka eginiko jazarpen sindikala. Sindikatuak azaldu duenez, Garbialdik ez du errelebo kontratu gehiago egingo legea aldatu delako eta, ondorioz, aurrerantzean garestiagoa izango delako mota horretako kontratuak egitea.  “Ezin daitezke enpresak derrigortu errelebo kontratuak egitera, baina oraingoan jazo dena lotsagarria da”, adierazi du LABek, “Garbialdik gure ordezkari sindikalaren errelebo kontratuaren eskaera galdu du”. Langileak eskatutako baldintzak betetzen dituela nabarmendu du sindikatuak: “hitzez esan zioten dena òndo' zegoela, baina oraindik ez du erantzunik jaso”.

Era berean, sindikatuak azpimarratu du zaila dea Garbialdiren zuzendaritzarekin kontaktuan jartzea. “Ez dira gurekin biltzen”. Horrekin batera, Tubacexeko azpikontraten arduraduna, Jose Manuel Andres Alonso, egoeraren erantzulea ere badela gaineratu dute “gure ordezkari sindikalak etengabe jasan behar izan duen jazarpenean bete duen funtzioagatik”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide