[ANALISIA] Udal hauteskundeetan ez dira Kongresuko emaitzak errepikatuko

Aitor Aspuru Saez 2019ko mai. 23a, 07:00
Maiatzaren 26an izango dira hurrengo hauteskundeak. / Aiaraldea.eus

Apirilaren 28an izan ziren Kongresu eta Senatuko hauteskundeak zenbait alderdiren mesederako.  Hala ere, udal hauteskundeetan aldagai gehiago sartuko dira jokoan, eta nekez errepikatuko dira bozka kopuruak.

Kongresu eta Senatuko hauteskundeak duela aste gutxi izan ziren eta emaitza esanguratsuak utzi zituzten alderdiei dagokienez. Hala ere, oso zaila izango da bozka kopuru berak ematea maiatzaren 26ko hitzorduan.

Hasteko, aintzat hartu behar da muturreko eskuinaren politikek jende ugari mobilizatu zutela. 2015ean udal hauteskundeetan parte hartze maila %67an kokatu zen, eta apirilaren amaieran batezbestekoak %70a gainditu zuen nabarmenki. Esaterako, Amurrion %76,5era heldu zen.
Horrek bereziki eragingo die  bozka gehien lortu zuten alderdiei, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEri, nagusiki, ohikoan boto ematera joaten ez den jendearen babesa eskuratu baitzuten. Horrez gain, udal hauteskundeetan bestelako aukerak hautatzen dituztenetako batzuk ere alderdi horiek bozkatu zuten.

Adibidez, PSE-EEk Laudion 2.223 boza izan zituen apirilean, eta 2015ean 1.102 izan ziren.
Zentzu horretan, kontuan hartu behar da maiatzeko hauteskundeetan talde independente ugari aurkeztuko direla berriro: Aiara Batuz, Amurrio Guk Bai, Omnia, Orain Amurrio, Adie, Okondo Aurrera... eta hainbat jenderen babesa dutela udalerrietan, euren zinegotzi kopuruak erakusten duen moduan.

 

D´Hont legeak talde bozkatuenak saritzen ditu. Ondorioz, talde txikiek zinegotziak lortzeko zailtasun gehiago izango dituzte zenbait lekutan

 

Gainera, talde berrien agerpena jaso da; Laudion Elkarrekin Podemos eta Vox, eta Amurrion Vox. Horrek gehiago sakabanatuko ditu botoak, D´Hont legeak talde bozkatuenak saritzen baititu. Ondorioz, talde txikiek zinegotziak lortzeko zailtasun gehiago izango dituzte zenbait lekutan, adibidez, PPk Laudion edota Amurrion emaitzen arabera. Bestalde, ordezkaritza lortzeko lehia udalbatzan alderdi horien artean gogortuko da.

Bukatzeko, ez da ahaztu behar Kongresuko eta udal hauteskundeen arteko alde nagusiak: hurbiltasuna eta tokikotasuna. Berez, parlamentuan politika ezberdinak egiteko aukera eta beharra dago. Eskuina eta ezkerrak jarduera kontrakoak proposatzen dituzte argi eta garbi. Udalerrietan, ordea, hainbat esparrutan joera politikoa nabaritzen bada ere, inbertsioak eta proiektuak gauzatzeko tartea oso mugatua da, eta aldagai gehiago hartzen dituzte kontuan bozkatzaileek: hautagaia, aurreko 4 urteetan egindako lana, zuzenean eragiten dizkieten udal arazoak...

Hala ere, herriak izango du azken hitza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide