Elkarrekin Podemos: "Aiaraldea bioeskualde bihurtu nahi dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 16a, 11:42
Arespalditzan izan ziren atzo Elkarrekin-Podemoseko kideak. / Elkarrekin Podemos

Lehen sektorearen potentziala azpimarratu du koalizioak, klima aldaketaren ondorioen kontra borrokatzeko.

"Abeltzaintza eta nekazaritza ikusirik, lurraldeak badu ahalmen nahikorik autoaskitasuna izateko". Hala adierazi zuten atzo Txema Ruiz de Apodaca Batzar Nagusietarako Aiaraldeko hautagaiak eta Arantxa Abecia Diputatu nagusi izateko zerrendaburuak. Modu horretan azpimarratu dute klima aldaketaren ondorioen aurkako borrokan eredugarri izango dela eskualdea. Bailara bioeskualde izendatzea proposatu dute horretarako, "berdintasun eta kohesio sozialari mesede egin, eta jendearen eta tokien arteko harreman sarea berriz ere eratuz".

Arespalditzan egin zituzten adierazpenak, prentsa oharrean azaldu dutenez, San Isidro egunaren baitan: "Programaren helburua da nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzarako familiako eredu sozial, bideragarri eta jasangarria sustatzea; lurraldearekin uztartuta, enplegua sortuko duena eta berrikuntza bultzatuko duena". Hala, elikagaien subiranotasunerako ekimenak bultzatuko dituzte, plan espezifikoen bidez: toki-merkatuak, artisautza eta produkzio ekologikoa... 

Arespalditzako agerraldia aprobetxatuta, landa sektoreko emakume langileen aldeko konpromisoa berretsi zuten, "emakumeek beren autonomia bermatzeko beharrezko gizarte-zerbitzuak eta azpiegiturak eduki ditzatela lortu nahi dugu, migrazio prozesuetara ezinbestean jo behar ez dezaten". 

Txema Ruiz de Apodacaren hitzetan, Aiaraldeak ezaugarri natural, geografiko eta historiko ezin hobeak ditu: "Larreak eta klima oso aproposak dira abeltzaintzako ustiategietarako. Beste bailara batzuetan ustiategi handiak dituzte, baina ur gutxi dutenez, larreekin eskas samar dabiltza uda partean". Onurak ere izan ditu hizpide: "Abereak oso lagungarriak dira mendiak garbi eta txukun izateko, eta horrek suteak izateko arriskua txikiagotzen du".

Gizarte zerbitzuetan hobekuntzak
Bestalde, Foru Aldundiak Laudion dituen zerbitzuak zabaltzeko eskatu dute, "biztanleak Gasteizera joan beharra saihesteko". Prentsa oharrean aurreratu dutenez, Aiarako Kuadrillari arreta egokia eskaintzeko beharrezko eduki eta langile premiak eguneratzea eskatuko du koalizioak, "asistentzia kalitatea txikia eta lan baldintza txarrak direlako". Horrez gain, egoitza-plaza berriak sortzea eta adinekoentzako etxeko zerbitzua hobetzea proposatuko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide