Saratxo Bizirik plataformak abstentzioa edo boto baliogabea eskatu du iganderako

Saratxo Bizirik! plataformak eginiko mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

Saratxo Bizirik plataformak herritarrei eskatu die ez bozkatzeko edo bozka baliogabearen bidea hartzeko, politikariek ez baitute konpondu bertatik igaroko den errepidearen afera.

Saratxo Bizirik plataformak iritzi zutabea zabaldu du hedabideen artean herritarrak animatzeko, bozkatu ez dezaten edo boto baliogabearen alde egiteko.

Saratxoko taldeak nabarmendu du politikariek ez dutela gaitasunik eta borondaterik izan euren herritik igaroko den errepideak sortu dituen arazoak konpontzeko. Saratxoarren ustez, errepidea beharrezkoa da, baina Arabako Foru Aldundiak egingo duen azpiegitura guztiz neurriz kanpokoa da, garestia eta lursail gehiegi okupatuko ditu.

Alde batetik, Saratxo Bizirikek nabarmendu du politikariek ez dutela Arabako Foru Aldundiko teknikariaren irizpidea aldatzeko ahalmenik erakutsi, nahiz eta funtzionarioak hainbat proiektu eztabaidagarri egikaritu: "Gorbeia merkatal zentroaren sarrera, AP-1 errepideko eraikuntza gainkostuarekin, edo Alto de las Chozaseko obrak".

Bestetik, plataformak gogor salatu du EAJ, PP, PSE-EE eta EA egon direla Arabako Foru Aldundian edota udalaren agintaritzan eta kasurik ez dietela egin. Euren ustez, soilik Podemosek egin zuen lan serioa eta ez da aintzat hartu.

Gainerako alderdiei plataformak leporatu die euren ustea izatea errepideak poligonoen sarreren arazoa konponduko duela eta Arabak aurrera porlanaren bidez soilik egiten duela. Urduñan bozkak eskuratzeko barne presioen aurrean amore ematea ere egotzi die talde saratxoarrak talde politikoei.

Horregatik guztiagatik abstentzioa edota baliorik gabeko botoa eskatu dute iganderako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide