Zorrozako lan heriotza

Zorrozako egoera: 10 orduko nahitaezko lanaldiak, hitzezko tratu txarrak eta prestakuntza gabezia

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 26a, 12:05
Zorroza gestión de residuos enpresa atzo, Ertzaintza eta Osalan bertaratu zirenean. / Aiaraldea.eus

LAB sindikatuak ohar baten bidez salatu ditu Murgako lantegiaren barruan bizi diren lan baldintzak. Langile bat hil da bertan astelehenean gertatutako lan istripu baten ondorioz eta gaurko bi mobilizazio daude deituta.

LAB sindikatuak ohar baten bidez salatu Zorroza gestión de residuos enpresan jazotako lan heriotza eta aditzera eman ditu lantegi horren barruan dauden lan baldintzak.

Sindikatu abertzalearen aburuz, egunero 10 ordu lan egitera derrigortzen dituzte Zorrozako beharginak, eta enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen. “Soldatak baxuak” eta “lan erritmoak oso altuak” direla gaineratu du LABek, eta beste hainbat gauza ere salatu ditu: ez dagoela fitxatzeko sistemarik, instalazioen garbitasuna desegokia dela eta langileek ez dutela inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.

Erasoak
Horrez gain, beste gauza bat ere salatu dute oharrean: beharginek hitzezko tratu txar jarraituak jasotzen dituztela enpresaren gerentziaren partetik. Horrez gain, eraso fisikoko gertakari bat ere jazo dela nabarmendu dute.  

Gauzak hala, sindikatuak nabarmendu du beharrezkoa dela  “lantegiko beharginek pairatzen duten babesgabetasun egoera” publikoki salatzea. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu erakunde publikoak interpelatzea, neurri faltagatik halakorik berriro gerta ez dadin. Beharrezkoa da erakundeek zaintza, kontrol eta jarraipen neurri eraginkorrak ezartzea”.

Aiaraldean dagoen prekarietatea “epidemia” baten modukoa dela gaineratu du LABek, eta nabarmendu du Tubos Mecánicos Norte enpresako langileak greba mugagabean daudela eta Garobel enpresako langileen etorkizuna ere arriskuan dagoela.

40 urteko historia
Historia luzeko enpresa da Zorroza gestión de residuos. 1978. urtean sortu zen. Handik denbora batera pasa zen Zorroza Gestión S.L. Izendapena izatera. Gaur egun 16 langile inguru ditu eta 1,3 milioi eurotan baloratutako salmentak burutzen ditu.

Mobilizazioak
Gaur bi mobilizazio egingo dira eskualdean Zorrozan jazotako lan heriotza salatzeko. Lehena hamabietan hasi da lantegiaren parean, gehiengo sindikalak deituta. Bigarrena, aldiz, Amurrion izango da, 19:00etan, Aiaraldeko greba batzordeak deituta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide