“Ikasle asko gelditu dira etxean ikasteko aukerarik gabe, horregatik hasi naiz bideoak sortzen”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 21a, 07:00
Duela astebete hasi zen Karlota Artetxe bideoa ekoizten. / K.A.

Matematikari buruzko bideoak ekoitzi eta partekatzeari ekin dio KARLOTA ARTETXE (Ozeka, 1997) irakasleak, konfinamenduak iraun bitartean haur zein helduei ikasteko eskubidea bermatzen laguntzeko.

YouTubera matematikari buruzko bideoak sareratzeari ekin diozu. Zer dela eta?

Hainbat arrazoi izan dira ekimena martxan jartzera bultzatu nautenak: birusak sortutako egoera latz honek hezkuntzaren kalitatea kolokan jarri du, eta ikaskuntza metodo berriak sortzeko beharra eragin du.

Izan ere, ikasle asko gelditu dira etxean ikasteko aukerarik gabe, eta batzuek gurasoen laguntza jaso dezakete, baina beste askok ez. Askotan gurasoek lagundu nahi dute baina ez dakite nola. Gauzak hala, bideoa eredu izanez, haien haurren irakaskuntza gida dezakete. Hortaz, ikasleentzako izateaz gain, gurasoek tresna moduan erabili ditzakete.

Gainera, bideo hauek erabilgarriak izan daitezke etorkizun batean irakasleek haien saioetan azalpen gisa erabiltzeko. Hezkuntza doakoa izatea da beste helburuetako bat, gaur egun, Aiaraldean ia denok dugu Youtuben sartzeko aukera.

Zertan datza zehazki egitasmoa?

Jakintza sortu eta partekatzean datza ekimenak, modu dinamiko eta erakargarri batean. Horretarako bideoak sortu ditut, ahalik eta marrazki gehienekin. Laburrak dira, bost minutu irauten dute gehienez. YouTubera igotzen ditut; Whatssapez eta Instagramez baliatzen naiz hauen igoeren berri emateko. Bideoak bi hizkuntzetan igotzen
ditut, euskaraz eta gazteleraz. Lehen aipatu bezala, laguntzea da helburu nagusia eta honela jende gehiagora hel naitekeela uste dut.

Zeintzuk dira egingo dituzun hurrengo bideoak?

Hezkuntzara bideratuta egongo dira. Niri matematikak askok gustatzen zaizkit eta horregatik, orain arte igotako bideo guztiak matematikakoak dira, hurrengoak ere, matematikoak izango dira, gutxienez etorkizun hurbil batean behintzat. Gaitegiak LHko matematikako edukiak ditu hizpide.

Nola egiten duzu bideoak ekoizteko?

Bideoak ekoizteko VideoScribe programa erabiltzen dut. Ez da doakoa baina ez da oso garestia ere, hilabeteko harpidetzak 20 euro inguru balio du. Bideoak moztu eta lotzeko Clideo programa erabiltzen dut, baina honekin ez nago oso pozik, bideoen kalitatea jaisten duela uste dut.

Hala ere, hasi berria naiz bideoen editatzeko kontuetan eta tira, honekin konpondu beharko naiz, momentuz.


Zer harrera izan du ekimenak?

Oso ona! Ni pozik nago behintzat. Badaude jada eskerronak emanez idatzi didaten irakasle batzuk, baita guraso eta ikasleak ere. Ez soilik hurbilekoak, Madriletik eta Leonetik ere heldu zaizkit. Hala ere, momentuz, ezin dezaket asko esan, duela gutxi hasi bainaiz bideoak editatzen eta partekatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide