ALARMA EGOERA: ITXIALDIA

Itxialdiak maiatzaren erdialdera arte iraungo du Euskal Herri osoan

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2020ko api. 18a, 21:08
Pedro Sanchezek azaldu du zeintzuk diren bere asmoak.

Espainiako Gobernuak eskatuko du alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko. Sanchezek esan du haurrak kalera atera ahalko direla hilaren 27tik aurrera, babes neurriak hartuta.

«Gogorrena lortu dugu, baina hori ez da nahikoa», adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur gauean egin duen agerraldian. Herritarren «diziplina soziala» eskertu du, eta adierazi du konfinamendua beste bi astez luzatzeko eskatuko diela autonomia erkidegoetako presidenteei eta Diputatuen Kongresuari. Maiatzaren 9tik aurrera, «mailaka eta zuhurtasunez» kenduko dute konfinamendua, «deseskalatzea» hasteko. Ipar Euskal Herrian, itxialdiak maiatzaren 11ra arte iraungo du.

Sanchezek esan du haurrek kalera ateratzeko baimena izango dutela hilaren 27tik aurrera, «babes neurriak hartuta». Datorren astean zehaztuko dituzte neurri horiek, zientzia batzordearen aholkuak jarraituta. «Gobernuak gure egunerokotasun berriaren parte izango diren neurri bereziak hartu behar ditu orain», adierazi du.

Sanchezek iragarri du egungo agertokia aldatu egingo dela datozen asteetan. «Ez da konfinamendu bat egongo, konfinamendu batzuk egongo dira», esan du. Maiatzaren 9tik aurrera, beste pauso bat emango dela esan du, OME Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak jarraitu, eta «deseskalatzea» hasteko. Horrek esan nahi du, hasteko, «neurri bereziak» hartuko dituztela lantokietan eta ikastetxeetan, eta konfinamendua arindu egingo dela guztientzat, «zuhurtziarekin eta mailaka».

«Deseskalatze» hori «asimetrikoa» izango da, gainera; hau da, ez da modu berean egingo Espainiako Estatuaren menpeko lurralde guztietan. «Gogorrena lortu dugu dagoeneko, baina hori ez da nahikoa: trantsizio bat hasi behar dugu normaltasunera itzultzeko, eta are zailagoa izango da urrats hori egitea», esan du. Azaldu du «markagailu» batzuk jarriko dituztela, zientzia batzordeak koordinatuta, eta horien bidez aztertuko dutela pandemiaren bilakaera, egoeraren arabera hartu beharreko erabakiak hartzeko.

«Normaltasun berrirako bidea motela izango da», adierazi du Sanchezek. Dena dela, ez du zehaztu zer neurri hartuko dituzten, zein izango diren igaro beharreko mailak. «Oraingoz, zientzia batzordeak esan du adingabeak kalera irteteak ez duela berebiziko arriskurik izango».

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide