Udaz blai

Maroñoko urtegiko historia eta istorioak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abu. 20a, 07:00
1990. urtean amaitu zuten urtegia. / Argazkiak: Enrique Arberas eta Javier Colmenero

Maroñoko urtegikoa da, dudarik gabe, Aiaraldeko paisaiarik ikonikoenetako bat. Zelaiez inguratutako urmaela, atzean Gorobeleko mendilerroa duena. Dena den, postal itxurako paisaia hori ez da beti horrelakoa izan. Urtegia duela ia 30 urte eraiki zuten, eta erabat eraldatu zuen ingurua. 

“Garai hartan ur-gabezia zegoen eskualdean, Laudion batez ere. Lehorte latzak zeuden. Horregatik eraiki zen urtegia, eskualdeko ur-sarea hornitzeko". Hala azaldu du Enrique Arberasek. Maroñori buruzko liburua argitaratu zuen biologo amurrioarrak duela hiru urte, urtegiaren inaugurazioaren 25. urteurrenean. 

Eraikin urperatuak

Eraikin gutxi zeuden urtegia eraiki zen tokian. “Eskolak zeuden, adibidez. Eraikin horiek guda zibilaren ostean eraiki ziren, nahiko berriak ziren. Bazeuden baita hainbat ur-errota ere, eta baita garaje moduan erabiltzen ziren etxola batzuk”, oroitu du Arberasek.  Hala ere, eraikin guztiak urtegia urez bete baino lehen eraitsi zirela gaineratu du amurrioarrak. “Beraz, ez da egia ur-maila jaisten denean eraikinak ikusi daitezkeela, hori mito bat da”, ziurtatu du. Hala ere, Aginigara doan zatian zubi baten eta haritza baten arrastoak ikusi daitezkeela aipatu du biologoak, “udan zuhaitzaren muturretako adarrak ikusi daitezke”. 

Bioaniztasuna

Paisaia soilik ez, Maroñoko natura ere goitik behera aldatu zuen urtegiaren eraikuntzak. "Beste habitat bat sortu zen bat-batean: ur-ekosistema bat". Gaur egun, zonalde hori da eskualdean bioaniztasun handienetakoa duena, Arberasen hitzetan. “Horrenbeste ur egoteak hegazti andana erakarri zuen. Udaberrian, udan eta udazkenean migrazioan dabiltzan hegazti ugari bertaratzen dira Maroñora. 56 espezie ezberdin zenbatu zituen Arberasek bere liburuan, “horietako batzuk nahiko arraroak, arrano arrantzalea kasu”. 

Landareen aldetik ere oparoa da dagoen aniztasuna. “Asko aldatu da landareria, urtegiaren ertzeetan batez ere. Baso txikiak eta zuhaitzak ugaritu dira. Ur-lore eta landareak ere agertu dira. Ia 400 lore espezie identifikatu ditugu, haragijale txiki eta tximeleta ugari ere topatu ditugu. Harrigarria da dagoen aberastasuna”, azaldu du biologoak. 

Arrainei dagokionez, ordea, aberastasuna ez da horren handia, gaur egun espezie inbaditzaileak direlako nagusi, zientzialari amurrioarraren ustez. “Karpak, perka europarrak eta luzioak dira hedatuenak, amuarrainak eta aingirak ere badauden arren”.   

Zaintzeko beharra 

Hala ere, bioaniztasun hori arriskuan dagoela ohartarazi du Arberasek. “Orain, udan, jende andana bertaratzen da urtegira eguna pasatzera, eta zabor asko pilatzen da, ez dago inolako kontrolik”. 

Horrez gain, horrenbeste jende egoteak bertako animalien egunerokoa aztoratzen duela uste du biologoak. "Konfinamenduan hori oso argi ikusi da: jenderik ez zegoenez animalia askoz gehiago topatu ahal ziren". 

Gauzak hala, ingurunea zaindu eta babesteko beharra nabarmendu du, gaur egun duen itxura eta garrantzia mantendu ditzan.

DATUAK

ERAIKUNTZA: 1989. urtean hasi ziren urtegia eraikitzen. 1990ean amaitu zuten eta handik bi urtera izan zen inaugurazioa
ARRO HIDROGRAFIKOAREN ZABALERA: 23 km2
URTEGIAREN ALTUERA: 53 metro
NOLA IRITSI: Arespalditzara bidean, Murgako poligonora iristean, ezkerrera biratu behar da, Izoriako norantzan

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide