aiaraldea.eus

Zalantza ugari agertu ditu EAJk Mendiko kaleko zuzkidura etxebizitza proiektuari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Gartzen Garaio Atxurra  Amurrio

Amurrioko Udalak Eusko Jaurlaritzari emandako orubean eraiki asmo dituzten zuzkidura etxebizitza proiektuaren inguruan zalantza ugari agertu ditu Amurrioko EAJk.

Amurrioko Udalak Eusko Jaurlaritzari emandako orubean eraiki asmo dituzten zuzkidura etxebizitza proiektuaren inguruan zalantza ugari agertu ditu Amurrioko EAJk.

Bertan, eta bere garaian argitaratukoaren arabera, 60 eta 40 metro koadroko alokairuzko etxebizitza babestuak eraikitzeko asmoa dago. Alokairuaren prezioa 200 euro ingurukoa izango da eta bereziki gazteei begira pentsatuta egongo dira. Titulartasun publikoko eraikinok espazio komunak aurreikusten dituzte, hainbat zerbitzu partekatzeko. Adibidez, arropa garbitu eta lehortzeko lekua. Prentsak argitaratutakoaren arabera berogailu zentrala, eguzkitiko energia jasotzeko panelak, bizikletak gordetzeko lekua eta etxebizitzako aparkaleku bana izango ei dira. Informazio gehiago HEMEN.

Amurrioko EAJk zalantzan jarri du egitasmoa

Josune Irabien Amurrioko EAJ alderdiko udal hautagaiak adierazi digunez, “hutsunez betetako proiektua da” Mendiko kalean egin asmo dutena. “Udal jabegoarena den baserria konpontzeko dirurik ez, eta Eusko jaurlaritzari eman diote lursaila, etxebizitzak eraikitzearen truke eraikin zaharra konpontzeko konpromisoarekin”.

Kezka handienak hala ere, eraikinarekiko eta ingurunearekiko agertu ditu alderdi jeltzaleak. “Oso lursail txikia da eta horren leku txikian 45 etxebizitzako eraikinak inguruko etxebizitzen neurrien oreka apurtuko du, denak baitira altura gutxiko eraikinak”. Gainera, “Eusko jaurlaritzaren eraikitzeko modua inguruarekiko nahiko erasokorra” dela adierazi du Josune Irabienek, eta horrek euren zalantzak areagotzen dituela.

“Ideia ona dela pentsatzen dugu” adierazi du zerrenda buruak, “baina beharren eta eskariaren inolako azterketarik egin gabe horrelako proiektua abiaraztea” desegokia dela ere.  

Baserriaren eraikina “herriak dituen bestelako azpiegitura beharrak asetzeko” erabili zitekeela adierazi du Irabienek, eta planteamendu egoki bat gabe baserriaren "eraikin historikoa galtzeko arriskuan" dagoela.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia dfgh Erantzuna | #1

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa