Urduñako Jai-Alai pilotazale elkarteak Urduña-Arrastaria eskuz binakako txapelketa herrikoia antolatu du Tertangako pilotalekuan herriko administrazio batzarraren laguntzarekin. Ekainaren 26ean hasiko da txapelketa eta asteburu horretan zehar lehenengo norgehiagokak izango dira; txapelketak uztailaren 3an izango du amaiera final nagusia eta final txikia egun horretan jokatuko baitira.
Izen emateko epea ekainaren 13an amaitzen da; hamasei urtetik gorako bikoteak apuntatu daitezke Urduñako Jubilatuen tabernan, X tabernan eta Marrazki tabernan. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu eta trukean kamiseta gorri eta urdin bana emango zaie txapelketan jokatzeko. Partidak 22 tantora izango dira eta garaileek inguruko jatetxe batean afari ederra izango dute sari gisa, bigarrenek Urduñako Aduana hotelean zirkuitu termala irabaziko dute eta hirugarrenek txakoli sorta bana.