Eraso sexisten aurkako kanpaina egingo dute Amurrion jaiei begira

Erredakzioa 2017ko uzt. 28a, 07:16

Geroz eta handiagoa da Amurrion indarkeria sexistaren aurka egiten den lana. Hori ondorioztatu daiteke azken urteetan gauzatutako ekimenak ikusita. Aurten ere hainbat egitasmo burutuko dira jaietan mota horretako erasoen kontra. Besteak beste, udalak hurrengo kartelak plazaratuko ditu.

Erasotzaileak jo-puntuan

Komunikazio kanpaina bat garatuko du Amurrioko Udalak, aurreko urteetako ildoari jarraiki. Baina aldaketa bat egongo da aurten: “Erasotuari zuzendu ordez, erasotzaileengana zuzenduko gara”, azaldu du Oihane Zulet berdintasun teknikariak. Bost kartel plazaratuko dituzte horretarako, herriko saltoki, taberna eta karriketan jarriko dituztenak.

Hortaz gain, indarkeria sexistarik gabeko guneak egongo dira herrian. Bilgune Feminista arduratuko da txoko horiek kudeatzeaz. “Autodefentsa feministaren gaineko informazioa, esku orriak, txapak egiteko materiala... izango dituzte bertan”, azaldu du Zuletek.

Bi egunetan egongo da gune hori. Abuztuaren 12an 19:00etatik 22:00etara egongo da, Larrinaga kalean. 14an, aldiz, 21:00etatik 24:00etara, toki berean. 

Protokoloa txosnagunean

Lanean dabiltza baita Otsemeak emakume taldeko kideak, eraso sexistei aurre egiteko ekimen ugari prestatzen. “Iaz sortutako protokoloan sakonduko dugu”, azaldu dute. Iazko ildoari jarraiki, aurten ere izango dute salaketarako telefonoa: 617822585.

Prebentzioan jarriko dute indar gehiena. “Horretarako, jaietan parte hartzen duten eragile, koadrilla eta txosnekin partekatuko dugu protokoloa, konpromisoak hartu ditzaten”.
Kuña bat ere sortu dute, kontzertuak hasi baino lehen jartzeko. “Gunea guztiontzat askea izan behar duela aldarrikatuko dugu”, adierazi dute, “jaiak, plazak eta gauak gureak direlako!”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide