“Talde osoaren meritua da ni Europako txapelketara joatea”

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko mar. 18a, 09:00
Nerbioi Errugby Taldeko jokalaria da Gorbei Allende Larrea. / Aiaraldea.eus

GORBEI ALLENDE LARREA (Amurrio, 2001) Nerbioi Errugby Taldeko jokalaria da, Espaniako Selekzioarekin Poloniara bidaiatzeko deia jaso berri du. 

Espainiako Errugbi Selekzioarekin jokatzeko deia jaso zenuen, zertan datza selekzioaren deialdi hori?

Bai, aurreko astean jaso nuen deia. Europako txapelketa jokatzeko deitu naute; Frantzia, Belgika, Errusia, Georgia eta Espaniako selekzioen artean urtero egiten den txapelketa. Aurten Poloniako Poznan hirian jokatuko da, martxoaren 22tik apirilaren 1era.

Selekzioarekin Poloniara joatea lortu aurretik ibilbide luzea egingo zenuen.

2017ko urte hasieratik hilabetean behin entrenamendu saioak izaten ditut Donostian Espainiako Selekzioak duen errugbi akademian. Aurten 18 urte azpiko kategoriara pasatu naiz eta urtarrilean Madrilen izan nintzen nire kategoriako selekzioarekin, bertan antolatu zen topaketa batean. Bigarren deialdi bat izan genuen Caceresen eta ostean Portugaleko selekzioaren kontra lagun-arteko bat jokatu genuen. Poloniako Europako txapelketako jokaldiak entrenatzera bideratuta egon ziren saio horiek, baina ez ziguten esan nortzuk izango ginen selekzioarekin jokatzeko hautatuak.

 

"Aurten Poloniako Poznan hirian jokatuko da, martxoaren 22tik apirilaren 1era"

 

Nolako esperientzia izan zen hautatua izatea?

Burututako topaketetan ez ziguten esaten nortzuk izango ginen hautatuak. Ni ahalik eta hobekien egiten ahalegindu nintzen. Guztira 35 lagun elkartzen ginen bertan eta Poloniara joango garenak 25 gara. Oso pozik nago deiarekin, ondo egindako lanaren emaitza baita. Pixka bat urduri nago txapelketarekin, baina oso gustura ere bai.

Zer nolako giroa dago Espainiako Selekzioan?

Oso giro ona dago, lagun asko egin ditut. Iparraldeko lagun batekin batera, bi euskaldun gara soilik selekzioan. Maila oso ona dago, etorkizuna ikusten diot taldeari.

Entrenamendu saioak asko aldatzen dira herriko taldetik selekziora?

Bai, zeharo. Ariketa motetan agian ez, baina intentsitatea askoz altuagoa da Espaniako Selekzioko entrenamendu saioetan. Portugalen egon ginenean, esaterako, goizero egiten genuen ordu t’erdiz gimnasioko saio bat, bi orduko entrenamendu sesio bat bazkaldu aurretik eta beste bi orduko bat arratsaldean.

Europako txapelketa jolastera zoazte; maila altua izango da. Aurreikuspenik?

Aurreko urteetako emaitzak eta nondik norakoak ikusita, Belgikako Selekzioaren aurka aukera nahikotxo ditugulakoan dago, partidu polita eta entretenigarria izango da. Frantzia eta Georgiakoak, ordea, oso selekzio indartsuak dira; sufritzea egokituko zaigu haien aurka. Espainiako taldea tamainaz Europako txikiena da eta hori nabaritu egiten da maila horretako txapelketetan.

Nola hartu dute Aiaraldeko zure taldekideek selekzioko hautaketa?

Oso pozik daude ere bai. Taldearen mailaren isla da ni selekzioan egotea. Guztion artean lortutako zerbait da, meritua konpartitua da. Motibazioa ekarri du taldera.

Nola hasi zinen errugbian jolasten?

Ni oso gaztetatik, 8 urte nituela edo, futbolean jolasten hasi nintzen. 13 urte inguru nituenean aspertu egin nintzen eta uztea erabaki nuen. Ordurako Amurrion bazegoen sortua Nerbioi Errugbi Elkartea eta nire adineko jendea zebilen jolasten eta entrenatzen. Pare bat aldiz joan nintzen probatzera eta asko gustatu zitzaidan.

 

"Nire postuko jokalariak behar dituzte antza Biarritzen, bertan jokatzea aurrerapauso inportantea litzateke"

 

Zer eskaini dizu kirol honek?

Jendea ezagutu eta lagun berriak egiteko aukera, gehien bat. Sei urtez futbolean aritu ostean nabaritzen nuen ez nuela nire taldetik kanpoko inor ezagutzen, baina errugbian daramatzadan hiru urte hauetan lagun onak egin ditut Durangon, Donostin, Hernanin… Lehiakortasuna gainditzen duen kirola da errugbia, gertuagokoa eta harreman pertsonalei garrantzia ematen diena.

Espaniar Selekzioarekin jokatzea pauso handia da, nola ikusten duzu zure etorkizuna errugbian?

Galdera potoloa da. Argi daukat jarraitzeko gogotsu nagoela. Non jarraituko dudan, ordea, beste kontu bat da. 18 urte azpiko kategorian nire lehen urtea da, horrek aukerak zabaltzen ditu datorren urtean ere Espaniako Selekzioarekin jolasteko hautatua izateko. Selekzioan, gainera, badaukat Euskal Herriko lagun bat Biarritzeko errugbi taldean jolasten duena. Nire postuko jokalariak behar dituzte antza Biarritzen, bertan jokatzea aurrerapauso inportantea litzateke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide