Parkean ospatuko dute berriro Txakolin Eguna igandean

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 14a, 13:46
Gaur prentsaurrekoa egin dute Amurrioko Udaletxean egitaraua aurkezteko. / Amurrioko Udala

Txakolin Egunaren 20. edizioa egingo dute igandean Amurrion eta jaiak parkea hartuko du. Eguraldi ona aurreikusi dute eta Vitoria-Gasteiz Wine City izango da elkarte omendua.

Josune Irabien Amurrioko alkateak, Eduardo Aginako Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Diputatuak, Jose Antonio Merino Arabako Txakolinaren gerentea eta Valentín Basañez Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteko presidenteordeak parte hartu dute Txakolin Egunaren 20 edizioaren aurkezpenean.

Josune Irabienek nabarmendu du aurten ere, iaz bezala, jaia parkean izango dela, eta eguraldi bikaina aurreikusi dutela.

Eduardo Aginakok, ordea, azpimarratu du Arabako Txakolinaren kalitatea, nahiz eta jatorrizko izendapen txikiena izan Estatu espainiarrean. Zentzu horretan, upategien jakintzak eta gaitasunak goraipatu ditu. Izan ere, iaz izozte oso larria gertatu zen apirilean eta mahatsaren ekoizpena %43  murriztu zen. Hala ere, 350.000 botila ekoizteko gai izan dira.

 

Gastronomia eta txakolina
Jose Antonio Merino Arabako Txakolinaren gerenteak jakinarazi du txakolina, nola ez, izango dela jaiaren protagonista, baina gastronomiak ere garrantzia handia izango duela. Eusko Labeleko produktuekin batera ekotaloa edota Frescos del Mar galiziar slow food filosofiako itsaskiak eskainiko dituzte. Berez, asmoa da Galiziarekin harremana estutzea ardoa bultzatzeko. Faltsue edaria ere dastatzeko aukera emango dute.

Edariaz eta janariaz gozatzeko karpa eta bankuak jarriko dituzte parkean, jendeak erabili ditzan.

Garrafa lehiaketa
Aurten V. Garrafa Lehiaketa antolatuko dute. Txakolina baliatuta osatzen den edariak jarraitzaile ugari du, eta iaz 15 parte hartzaile egon ziren proban. Aurten kopurua berdintzea espero dute. Epaileak 13:00etan elkartuko dira.

Vitoria-Gasteiz Wine City
Aurtengo omendua Vitoria-Gasteiz elkartea izango da. 11:30ean udalbatza aretoan izango da aitorpena.

Gasteizko elkarteak sustatzen ditu Arabako ardoak hiriburuan, ostalarien artean, bereziki. Arabar Errioxako produktuak ez ezik, eskualdekoak ere bultzatzen dituzte. "Kalitate handiko txakolina egiten da hemen", aipatu du Valentín Basañez elkarteko presidenteordeak.

Basañezek adierazi du ilusio handiz jasoko dutela aitorpena. Duela bi urte sortu zuten ekimena eta espero dute euren lanari esker tabernetan zein jatetxetan areagotzea txakolinaren kontsumoa.

  • 11:30  // Ohorezko aurreskua eta Txakolin eguna 2018 saria ematea udaletxeko udalbatza-aretoan.
  • 12:00 // Txupinazoa eta jai-barrutiaren irekiera.
  • 12:00etatik aurrera // 2017ko txakolinaren eta pintxoen dastaketa (baserriko Labeldun oilaskoa, Labeldun okelarekin egindako hanburgesak, Labeldun txerri-saiheskia, burruntzi-pintxoak, odolostea, orotariko pintxoak, Arabako patata elaboratua, Txustarra txanpiñoiak,  Amurrioko  txistorra, Galiziako arrantza iraunkorreko itsaskia, Fresco y del Mar-en eskutik, eta Eko Taloa-ren talo eta talotxoak)*, txartelak aldez aurretik erosita dagokion standean. Aiaraldeko V. Garrafa Txapelketa Txakolin arabarrarekin, jai eremuan.Artisau-produktuen erakusketa eta salmenta.Kalejira Urduñako Santa Zezilia fanfarrearekin.
  • 13:00 // Garrafen aurkezpena epaileen aurrean, balorazioa egin dezaten.
  • 13:30 // Garrafa txapelketaren sari banaketa.
  • 11:30-17:00 // Mahai luzeekin hornituriko dastaketa-karpa  Juan de Urrutia  Plazan. Bertan, jai-barrutian eskuratutako errazioak eta pintxoak dastatu ahal izango dira. Txartelak antolakuntzaren txartel-standean eskuratu ahal izango dira.
  • 15:30-17:30 // Erromeria

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide